Chagall Errusia aldean

Jon Tornerren aste honetako gomendioa Argia astekarian451 argitaletxeak plazaratu duen Sfar-en  “Chagall en Rusia” lana (zoritxarrez gaur egungo komikigintzarik onena frantsesez jaio eta batzutan gaztelerazko errebotearekin heltzen zaigu Hego Euskal Herrira… euskaraz Sfar-en libururik aurkitu nahi duenak jai dauka).  Jon Tornerren berbaz fidatuz gu ere liburua hemendik gomendatuko dugu, frantsesez edo gazteleraz momentuz…

(Euskal) komikiari geratzen zaion erronka…

“Komikiari geratzen zaion erronka, haurrei zuzendutakoa eta produktu sinplea denaren etiketa kentzea da”. Hori da Antonio Altarribak Mondraberri Arrasate aldeko webgunerako elkarrizketan esandakoa. Gure ustez arrazoi osoa dauka komikigile zaragozarrak, are gehiago gure inguru honetan maizegi komikia umeen sailera baztertua izaten da liburuaren benetazko edukina kontuan hartu barik. Kasurako hona hemen aste honetan argitaratu den zerrendatxo bat, adibide modura…  Zerrendan agertzen direnak, guztiak gomendagarriak.  Hala ere goiko lerroan “gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko” irakurri dezakegu (ez dakit ba “De Rerum Natura” edo “Pololoak” gaztetxoei zuzenduta ote daude…). Hala ere, bada garaia euskal komikigintza helburu pedagogikoen zama astuna lepotik kentzeko. Gaztetxoentzat bai, umeentzat ere bai, eta helduentzat. Hoba ez!

 

Josep Maria Berenguer editorea hil da

Josep Maria Berenguer komiki editorea herenegun hil da. Bartzelonan sortu zen, 1944an; El Víbora komiki aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta  ondoren  La Cúpula argitaletxearen zuzendaria. Argitaletxe honek eleberri grafikoaren alde apustu nabarmena egin zuen, batez ere egile ipar-amerikarrak izan dira euren lana bertan argitaratu dutenak (Robert Crumb, Gilbert Shelton, Peter Bagge, Daniel Clowes, Charles Burns, David Lapham eta Beto edo Jaime Hernández). Getxoko Komiki Azokan hainbat aldiz izan da, eta iazko ekitaldian omenaldia egin zioten.

Udaberririk ankerrena

1937ko udaberrian,  Durangaldean, tropa faxistak behin ta berriz Intxorta inguruko frontearen kontra erasoan dabiltza. Durangoko bonbardaketa  eta baita ondorengo egunak dira Udaberririk ankerrena komikiaren eszenatoki belikoa. Mari eta Martin neska-mutikoak dira protagonista eta  euren ume ikuspegitik kontatuko dizkigute eguneroko bizipenak. Unai Iturriagak (gidoi lanetan) eta  Alex Sanvik (marrazkiak) izenpetzen dute gure gertuko historian arakatzen duen komiki bikaina. 

Baina aurkezpenik onena Unai Iturriaga  berak Hamaika Telebistarako egiten duena.