Euskal komikigintzaren historiaren kronika askotan errepikatzen den aipamena gaurkoan: Pottolo, euskaldun haurren agerkaria. Joandan mendeko 50. hamarkadan iparraldean argitaratu omen zen komiki aldizkaria.
Usteak ustel. Euskaltzaindiako liburutegira joan eta han, ale bakarra aurkitu dugu, 1950.eko maiatzaren 1ean argitaratu zena, lehenengoa. Baionako Euskal Museoko katalogoan kontsultatu eta han ere, ale bakarra, aurrekoaren antzean. Eta azkenik, Frantziako biblioteka nazionalek
o katalogoan ere, ale bakarra aurkitu dugu. Lehenengoa.
Beraz, Euskal Museoko katalogoan azaltzen den ohartxoaren bidetik (“Il semblerait que ce soit un numéro unique”), guk ere gauza bera pentsatuko dugu, Pottolo hamabostekaria izateko asmoarekin jaio zen agerkaria, berehala desagertu zela, zenbaki bakarra kaleratu ostean.
Horrez gainera, ale bakar hau irakurri ondoren, aldizkaritxoak komiki aztarnarik inondik ez daukala esan behar da. Idatzizko artikuluak osatzen dute 30 × 21 zentimetroko lau orrialdeko koadernoa. Azalean agertzen den H. Pozert ilustratzaile ezezagunaren marrazki ederra izan ezik, aldizkariak bere barnean ez du irudi gehiagorik. Herria astekari beteranoaren gehigarri bezala argitaratu zen, eta zuzendari lanetan Marc Legasse idazlea ibili zen.