Kortsarioen ostatua, Laster Salgai! Coming Soon!

Kortsarioen ostatua dugu Dani Fano eta Guillermo Gonzalezen eskutik datorren komiki berria. Xabiroi kalitate-labelaren bermea duen produktua, urri honetarako izango duzue liburudenda hoberenetan salgai.

Bai itxuraz eta bai mamiz, 66 orrialdeko komiki bikaina eta dotorea da 6 ataletan banaturik datorren albuma. Kortsarioen istorio ezberdinak dira Donostiako ostatu bateko bezeroen ahotan, banan-banan liburuaren zehar agertzen doazenak. Ez dira, kasu gehienetan, amaiera atsegineko ipuintxoak, heroia beti garaile geratzen den horietakoak. Halakoak izaten ziran, adibidez, Barbe-Rouge Charlierren  pertsonaiaren  ibilerak, urkamendi edo galbidetik azken segundoan salbazioa beti aurkitzen zuena. Ez, ez dira horrelakoak Kortsarioen ostatuan sagardo gazi edo gozoa edaten duten pertsonaien ibilerak. Gure mundu madarikatuko nabigatzaileak izanik, benetako heroien, galtzaileen, zintzoen, edo traidoreen metamorfosia pairatuko dute orrialdez orrialde.

Istorioak, pertsonaiak bezala, erpin anitzetakoak dira. Horrek, eta dokumentazioaren zehaztasunak, eransten diote komikiari aberastasun puntu bat. Liburu onenekin gertatzen den legez, behin baino gehiagotako irakurraldi  lasaia onartzen duen liburu horietakoa da “Kortsarioen ostatua”.

Beraz irakurle, zeren zain hago?  Sar hadi Kortsarioen ostatura, arraioa!

Advertisements

II. Parrapean Komiki lehiaketa

Badator berriro euskal komikigintza sustatzeko asmoarekin iaz Bilbon sortu zen jaialdia, Parrapean . Aurtengo edizioaren baitan, makina bat ekitaldi antolatu dira:  erakusketak, euskal komiki aurkezpenak, egileekin solasaldiak, tailerrak, komiki azoka, animazio emanaldiak… urriaren 24tik 31ra ospatuko da Santutxu-Begoña aldean. Baina laster izango duzue guzti honen berri.parrapean
Gaurkoan,  II. Parrapean Komiki Lehiaketaren aurkezpenarekin gatoz.
Lehiaketaren oinarriak:
  1. Parte-hartzaileak
    14-17 urte bitarteko guztiek parte har dezakete lehiaketan, bai bakarka baita taldeka ere.
  2. Kategoria:
    Kategoria bakarra izango da: euskarazko komikia edo testurik gabeko komikia.
  3. Gaia eta formatua:
    Gaia librea da, baina protagonistak pertsonaia originalak izan behar dira, baita istorioa ere. Pertsonaiak eta istorioa, biak, sortze-lan propioak eta argitaratu gabeak izan behar dira.
    Obraren teknika librea da.
    Kolorez edo zuri-beltzean aurkez daitezke lanak.
    Lanak derrigorrez 2 orrialdekoak izan behar dira, A4 tamainakoak eta formatu bertikaldunak. Posible bada, paperean ez ezik, lanak formatu digitalean (jpg.) ere aurkeztu.
  4. Hizkuntza:
    Lanak euskaraz aurkeztu behar dira edo testurik gabeko komikia ere izan daiteke.
  5. Aurkezteko era:
    Lanetan ezin da egilearen izena agertu. Titulua edo gaia erabili behar da obra aurkezteko, eta gutun-azal batean entregatuko da eta ez da jarriko ez sinadurarik ez izenik.Gutun-azal horren barruan beste txikiago bat sartu behar da, titulu edo gai bera erabilita. Gutun-azal txikiaren barruan dokumentazio hau aurkeztu behar da:
  • Honako datu hauek azaltzen dituen agiria: egilearen izen-abizenak, harremanetarako telefono-zenbakia, ikastetxea, jaioteguna, helbidea eta helbide elektronikoa.
  • NANaren fotokopia (edo jatorrizko nazioko antzeko agiriarena)
  • Egilearen erantzukizunezko adierazpena, idazlana orijinala, argitaratu bakoa eta beste lehiaketaren batean saritu gabea dela ziurtatuzLana zenbait egileren artean egiten badute, guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori.
  1. Lanak aurkezteko lekua eta eguna:
    Lanak eskuan entregatu ahal dira, edo postaz bidali, helbide honetan:
    Begoñako Liburutegia
    Circo Amateur Club Deportivo k. 2
    48004 BilboOrdutegia: astelehenetik barikura, 09:00- 20:30 (astelehen goizez itxita dago) eta zapatuetan, 10:00-14:00.
    Obrak aurkezteko epea, urriaren 19ra arte izango da (data-tarte horretan Correos-eko zigilu-marka duten lanak onartuko dira).
  2. Sariak:
    Hiru sari hauek banatuko dira (nahiz taldea, nahiz norbanaka izan):                                             Lehen saria: Intuos Art Tablet  + Xabiroiren eskutik Xabiroi album bat eta lau ale + marrazteko materiala Goyaren eskutik + BERTON aldizkarian argitaratzea + Diploma.
    Bigarren saria: Xabiroiren eskutik Xabiroi album bat eta lau ale + komiki sorta Bilboko Udal liburutegien eskutik  + marrazteko materiala Goyaren eskutik + Diploma.
    Hirugarren saria: Xabiroiren eskutik Xabiroi album bat eta lau ale + marrazteko materiala Goyaren eskutik + Diploma.
  3. Sari-banaketa
    Sari-banaketa urriaren 31n, zapatuan, goizeko 12:00etan, izango da “Parrapean komiki egunak” topaketen baitan, Begoñako Udaltegian.
    Irabazleek sariak banatzeko ekitaldian egon beharko dute, edo bestela haien ordez norbaitek jasoko du.
  4. Lanen jabetza:
    Irabazleek zein aukeratutako guztiek lanak argitaratzeko eta zabaltzeko eskubidea emango diote Bilboko Udaleko Kultura Sailari, emandako sariaz gain, ezer ordaindu barik.Kultura Sailak eskubide hori erabili ahal izango du honetarako:
  • Baimena emango dio Berton aldizkariari irabazlearen lana aldizkarian argitaratzeko.
  • Bere kabuz argitaratu ahal izango ditu saridunen lanak eta beste lan aukeratuak, paperean edo formatu digitalean. Dena den, saridunak ez diren egileen lanak argitaratu baino lehen euren baimena eskatuko du Kultura Sailak.
  • Erakusketa baten bidez zabaldu ahal izango ditu saridunen eta aukeratuen lanak.

2016eko otsailetik aurrera, egileek askatasuna izango dute beraien lanak nahierara erabiltzeko.

  1. Parte-hartzaileen erantzukizuna
    Parte-hartzaileen erantzukizuna izango da aurkeztutako lanek bestelako egile-eskubiderik ez izatea, baita irudi-eskubide edo antzekoengatiko edozein erreklamazioren ardura ere.
    Era berean, lanen autoretzarekin lotutako edozelako erreklamazioak artisten ardurapean egongo dira.
  1. Epaimahaia:
    Aditutako epaimahai batek irabazleak aukeratuko ditu. Komiki arloko 3 adituk osatuko dute epai-mahaia.
    Lehiaketaren epaia “Parrapean”en prentsaurrekoan jakinaraziko da.
  1. Aurkeztutako lanak
    Antolatzaileek aurkeztutako lanak babestuko ditu (originalak badira), eta horien zuzentasunaren ardura izango dute.
    Sari-banaketa egin ondoren, 15 eguneko epea izango dute parte-hartzaileek euren lanak eskatu ditzaten. Epe horretan eskatzen ez badituzte, Udalak suntsitu egingo ditu eskatu ez zaizkion lanak.
  1. Bestelakoak:
    Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar.
    Antolatzaileek beharrezko diren aldaketak egin ditzakete lehiaketak ondo funtzionatu dezan.Antolatzaileak: Liburutegiak – Kultura Saila – Kultura Barrutik
    Laguntzaileak: Berton aldizkaria + Goya + Xabiroi