Kortsarioen ostatua dugu Dani Fano eta Guillermo Gonzalezen eskutik datorren komiki berria. Xabiroi kalitate-labelaren bermea duen produktua, urri honetarako izango duzue liburudenda hoberenetan salgai.
Bai itxuraz eta bai mamiz, 66 orrialdeko komiki bikaina eta dotorea da 6 ataletan banaturik datorren albuma. Kortsarioen istorio ezberdinak dira Donostiako ostatu bateko bezeroen ahotan, banan-banan liburuaren zehar agertzen doazenak. Ez dira, kasu gehienetan, amaiera atsegineko ipuintxoak, heroia beti garaile geratzen den horietakoak. Halakoak izaten ziran, adibidez, Barbe-Rouge Charlierren pertsonaiaren ibilerak, urkamendi edo galbidetik azken segundoan salbazioa beti aurkitzen zuena. Ez, ez dira horrelakoak Kortsarioen ostatuan sagardo gazi edo gozoa edaten duten pertsonaien ibilerak. Gure mundu madarikatuko nabigatzaileak izanik, benetako heroien, galtzaileen, zintzoen, edo traidoreen metamorfosia pairatuko dute orrialdez orrialde.
Istorioak, pertsonaiak bezala, erpin anitzetakoak dira. Horrek, eta dokumentazioaren zehaztasunak, eransten diote komikiari aberastasun puntu bat. Liburu onenekin gertatzen den legez, behin baino gehiagotako irakurraldi lasaia onartzen duen liburu horietakoa da “Kortsarioen ostatua”.
Beraz irakurle, zeren zain hago? Sar hadi Kortsarioen ostatura, arraioa!