Bai, hala da. Ondarroako Komiki Jardunaldien edizio berri bat antolatuz, berriro ere Luterl taldeko lagunek marka berri bat ondu dute. Aurten ospatuko den edizioarekin, Euskal Herrian komiki jaialdi beteranoena bezala finkatzen dira. 18 edizio komikigintzaren alde lanean, ez da ez edozelako marka, batez ere azken urteetan erakundeen diru laguntza barik ospatu dela kontuan izanda. Baina oraindik ere, gogor eta gogoarekin ekinean segitzeko prest daudela erakusten digute ostegunean zabalduko den jaialdiko programazioa ikusirik.
Udal Erakusketa Aretoan, Xabiroi 10 urte! erakusketa ikusgai izango da, aldizkariko azal guztiekin eta egileen original ikusgarriekin. Urtarrilaren 22tik 31ra zabalik izango da.
Kontzertu mundiala eskainiko dute DEF CON DOS taldeak eta Naranja Azule DJak. Ondarroako Beikozini aretoan izango da kontzertua, urtarrilak 23an gaueko 11etan. Kontzertu honekin Aitor Badiola Ibarluzea (1967-2008), LUTERL Taldeko kidea izan zena, omentzeko asmoa dute.
Irratsaio berezia izanen da Ondarruko Radixu irratian urtarrilak 27an, komikien gaia jorratzen duen “Azken Mohikano” programan (105.5 FM edo radixu.info). Horrez gainera, jardunaldiak ondo ospatzeko, Globhito boletinaren ale berri bat argitaratu dute.
Amaitzeko, Udal Erakusketa Aretoan Dani Fano marrazkilariak gaztetxoentzat “solasaldi marraztua” deituriko ekitaldien bi saio iragarri dira urtarrilaren 28rako.
Ondarru aldeko lagunok, komikigintzaren alde horren fin lanean diarduen talde bat izateagatik zorionak!