2016ko lehen eleberri grafikoa: Etxea

Aurtengo lehen eleberri grafikoa, euskaraz, Astiberrik kaleratu du. Etxea du izenburua. Paco Roca balentziarrak iaz gazteleraz argitaratu zuen, eta Espainiako Sari Nazionala ere segituan jaso zuen. Delcourt argitaletxeak datorren astean Frantzian argitaratuko du ere.

Autobiografia eta autofikzioaren tarte lausoan kokatzen den narrazioa dugu Etxea. Aitaren heriotzaren aitzakian haren hiru seme-alabak eta ilobak  berak eraikitako bigarren familia etxe inguruan bilduko dira. Aitak urteetan zehar esfortzu handiz eraikitako etxea saltzeko asmoa dute eta, bilduta igaroko duten egunetan, bizitzaren oroitzapen gazi-gozoetan murgilduko dira senideak. Egia esan, Pacoren komikietan ohikoa izaten da gazitasuna gozotasunaren azpian ia estalirik geratzea, edozein irakurlearentzat komiki politikoki egoki eta beti atseginak sortzen dituelako.

etxea_1

Aipatu dugun emaitza lortzeko lagungarria da ere komikietan etxeadarabilen estilo grafiko garbi eta orekatuak. Binetaz bineta komikia irakurriz marrazketa klasiko baten xehetasun txikiez gozatzeko aukera daukagu, baina ikuspegia zabalduz, orri edo plantxa osoak parez-pare jarrita ematen diguten inpresioa oraindik ederragoa da. Kolore-paletaren berotasuna, irudi batzuen errepikapen teknikarekin sortzen duen efektua edo liburuaren formatu zapalak, ikuspegi eder hori oraindik indartsuago bihurtzen dute.

Etxean eta etxearen aldamenean komikiaren gertakizun gehienak kokatzeak ere, bazituen bere arriskuak. 127  orrialdeko komikia eszenategi berean komikizalerik aseezinena ere indigestatu zezakeen. Hala ere, nire ustez, oztopoak ederto gainditu ditu Pacok irakurlearen arreta bukaera arte ondo mantentzen jakin izan duelako.

Beraz komikiak balio dituen 16 euroak ordaintzeko zalantzatan ba zaude gure aholkuari jaramon egin, erosi eta ez zara damutuko.