Zorroztasunaren eta kamustasunaren arteko dantza: Zubigileak

Zubigileak da Alfonso Zapicoren azken eleberri grafikoaren titulua.  Eduardo Madina PSOEko politikari ohia da, 2002an ETAren atentatu bat jasan zuena.  Jot down kultur aldizkariarentzat Fermin Muguruza elkarrizketatu zuen, eta elkarrizketa haren testigua Zapico ilustratzaile asturiarra izan zen. Madina eta Muguruzak hitz egiten zuten bitartean Zapicok koadernoan apunteak hartu zituen. Orduko elkarrizketaren eduki eta  inguruko gorabeheretan oinarriturik 200 orrialde inguruko komiki bat ondu du asturiarrak.

Zapicok,  estilo bizian elkarrizketaren puntu nagusiak aletzen dizkigu, grafikoki apunte naturalen izaera mantentzen duten marrazkien bitartez. Komikiak ondo islatzen duenez, elkar adeitasunezko  eta errespetuzko giroan garatu zen hizketaldia. Jot Downen agertu zen jatorrizko elkarrizketan pertsonaia bakoitzaren rola gordetzen zen bitartean, elkarrizketatuarena eta elkarrizketatzailearena, Zapicok bere lanean balantzaren orratza orekatu egiten du, komikiaren azalean nabarmentzen den bezala. Neguko erropetan babesturik paseoan agertzen dira lagun biak, aldamenean Zapico dutelarik.   Madina-Muguruza bikoteak protagonismoa partekatuago bat du komikian jatorrizko elkarrizketan baino.

Zapicok narratzailearen lanak hartzen ditu bere gain eta lehen pertsona erabiliz, hegaka doa pertsonaia batetik bestera, gai batetik bestera, bere hausnarketak kontu ezberdinen jostura bihurtzen direlarik. Esango nuke komikiaren gordiar korapiloa, liburuaren epizentroa, Eduardo Madinak pairatu zuen atentatu izugarria izan daitekeela. Atentatua nola gertatu zen zehatz deskribatu ondoren, “Absurduaren tranpa” izeneko hausnarketa-kapitulua eransten dio Zapicok “Ezin zaio logikarik bilatu logikarik ez duenari”… eta bineta-zuloan erortzen da egilea. Logikarik ez duenak ez du logikarik. Ez. Atentatu egilea, edo ustezko atentatu egilea, bost egunez torturapean izateak badu logikarik? Bai? Ez? Ezin jakin. Datua ez da komikiaren inongo atalean aipatzen.

Liburua anekdotaz anekdota doa aurrera. Pierre Frugoli eta Lucien Mattei sikarioek Monbarreko atentatua burutu zutenekoa, adibidez, gertaera Fermin Muguruzak kontaturiko anekdota baten bitartez ilustratzen du Zapicok. Atentatua izan eta gutxira Muguruzaren lagun bat atentatugileen atzetik irten eta bat harrapatu omen zuen… GALen atentatua izan zela argi geratu da, bai, hala ere, GAL zer zen ez da komikiaren inongo atalean aipatzen, eta Yoyesen afera xehetasun guztiekin aurrerago kontatzen dela ikusita, arraro xamar da halako hutsune bat.  Gaur badakigu Monbar hoteleko atentatua beste hotel batean, Donostiako Orlyn diseinatu zutela espainiar estatuko zenbait funtzionarioek. Izen propioak badakizkigu. Badakigu ere GALen atzean alderdi politiko bat izan zela. Ez al da arraroa Zubigileak egilearen zehaztasun falta kasu honetan? Puntu hau ez da datu garrantzitsuegia besterik gabe tinteroan uzteko?

Zorroztasun eta kamustasunaren arteko dantza da Zubigileak.

Hala ere, egileak haitzen artetik bere diskurtsoaren txalupa gidatzeko abilezia badauka eta azkenean aukeratu duen portura eraman du komikia. 200 orri inguruko eleberri grafikoa kalean da: Zubigileak. Zubiaren alde bateko zutabeak inpunitatearen lokatzetan ainguratuak dauden arren, zubia zutik mantentzen dela ematen du.

Advertisements