Mikrokosmosa eta makrokosmosa, unibertsoa eta atomoa, lurra eta itsasoa, bizitza eta heriotza, soka bereko muturrak alegia, hartu dituzte liburu honetako egileek eta zast! lastegia izena duen marinel troinua erabiliz, muturrok estu lotu dituzte. Eta sokan loturik zintzilik ipuin grafikoak geratu dira. Zazpi guztira, zazpi mikro ipuin (edo makro, segun eta gaiari nondik heltzen diogun). Hauek dira: Azken balea, Lastegia, Arrisku kirola, Telmo pirata, Nicolino biolinjolea, Garaipen beltza, Arte muga, Hitzak eta zirriborroak.
Ipuin laburrak baina ipuin indartsuak. Jon Mikel Udakiolak diseinatutako istorioak daude oinarrian eta Xabier Etxeberriak egokitu ditu testuak eta elkarrizketak, bestalde, bere anaia Martinek hainbat poemekin liburua borobildu du. Udakiolak grafikoki bikain irudikatu ditu liburuen atal ezberdinak, istorio bakoitzerako estilo ezberdin bat erabiliz. Koloreen tratamendua ere ezberdina da ipuin bakoitzeko. Kolore urdin-arreak lastegia izeneko istorio arras goibelerako, kolore biziak, aldiz, Arrisku kirola izeneko akzio kontakizunean. Hopper pintorearen estiloa imitatzeko ausardia izan du Arte lana izeneko ipuinean. Kasu honetan egile amerikarraren “The Martha McKeen of Wellfleet” margolana komiki bihurtu dute egileek. Lan honen azken globoan esaten denarekin bat gatoz, 7 korapilo liburu osoaren filosofia laburbiltzen duelako: “…bizitzaren zenbait garaitan geure mugak gainditu eta artistikoki garatu ahal izateko bestelako esperientziak aurkitzera bultzatuko gaituzten zerumuga berriak marraztea beharrezkoa da”. Eta gu ur handitako azken mezu eder honekin geratuko gara.
13.51 €tan liburua erosteko aukera duzue lotura honetan: https://txipibooks.com/
