Hemen da Migel Marmol

Hemen da Migel Marmol. Hainbat urteren osteko lanaren buruan Dani Fano ilustratzaileak  zabaldu zituen Getxoko azokaren aterpean inprentatik heldu berri ziren kartoizko kutxak, eta bat-batean airean zabaldu zen paper  eta tintaren usain paregabea. Eta han zegoen Migel Marmol, komikiaren pleguetan, eta hemen dugu Migel Marmol, gure artean. Baina nor da Migel Marmol? 1930. urtean El Salvadorreko Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat bera izan zen. Bi urte geroago El Salvadorreko mendebaldean, lurjabe handien kafe-sailetan batez ere, nekazari indigenen eskualdean sekulako altxamendua sustatu zuen Alderdiak, baina altxamenduaren porrotak errepresio bortitza ekarri zuen ondoren. Indigenen kontrako benetako sarraskia burutu zuen gobernuak. Matxinatu ziren gehienak eta matxinatu ez zirenak ere,  garbituak izan ziren. Alderdi Komunisteko koadroek ere larrutik ordaindu zuten euren esku-hartzea. 1932 urte beltza izan zen El Salvadorreko iraultzaileentzat, Migel Marmolentzat ere bai, fusilatua izan baitzen. Komikiaren narrazio maila beti bikaina den arren, bikaintasunaren maila goratu egiten du Dani Fanok kapitulu honetan eta sokatik zintzilik ageri den nekazari buruzagiaren irudia sinez da hunkigarria. Baina komikiaren protagonista, Migel Marmol, fusilamendutik bizirik irten zen, liburuaren tituluak aditzera ematen duenez, hura izan  baitzen Marmolen jaiotzetan seigarrena eta Alderdia berrantolatzen aurrera segitu zuen…  borrokan estutasunean, baina bizipozez gainezka beti. Eta Migel Marmolekin batera heldu dira ere aspaldiko idazle batzuen oihartzunak: Eduarno Galeano, Roque Dalton… Heldu da mapetan gutxi batzuek baino koka dezaketen herrialdearen izena, El Salvador, eta pakete berean heldu dira Guatemala eta Honduras ere, azken batean eskualde osoaren kronika eraikitzen baita, kapituluz kapitulu, eleberri grafiko sendo honetan. Are gehiago, esango nuke XX. mendeko mundu-kronika bat ere badela komikia, gure historia Europa eta Ipar Ameriketako sarraila-zulotik begiratzeko ohituegiak bait gaude, jakin dezagun jakin ordea, badirela beste sarraila asko iragana zabaldu eta ulertzeko. Sendotasuna aipatu dugu gorago. Sendoa da narrazioa, logikoa, ondo ordenatua, dokumentazioz ondo hornitua, ez lar eta ez gutxi, behar dena baino erakutsiz, ez da galtzerik mailaz maila gora doan narrazioaren eskaileran. Agerikoa da San Salvadorreko Hitzaren eta Irudiaren Museoaren aldetik jasotako laguntza probetxuzkoa eta ezin bestekoa izan dela komikiaren egikeran. Zalantzarik izatekotan gainera, aukera du irakurleak atzekaldeko gida onomastikoan kontsulta egiteko. El Salvadorreko historian mugarri esanguratsuak izan dira gidan ageri diren pertsonaiak eta nabarmena da alde hau ere komikiaren egileak maitasun pazientziatsuz eta arreta guztia jarriz  konposatu duela. Biografia bakoitza El Salvadorreko iraganera begira dagoen lehio berri bat da. Azken hamarkadetan ez-fikzioaren lurretan gero eta maizago barneratuz ibili da komikigintza. Kazetaritza, filosofia, historiaren mugak zeharkatu ditu behin eta berriro emaitza hibridoak sortuz. Erabateko sailkapenak zaildu egin dira eta esku artean darabilgun liburua esandakoaren adibide garbia da. Migel Marmolen Hamaika eta bat jaiotzak komikia izan arren, komiki huts eta ederra, mereziko luke duda barik El Salvadorreko historia liburu onenen artean apaletan leku bat izatea. Bere osotasunean zein binetaz bineta, orriz orri, plantxaz plantxa (banaka edo binaka),  gozamen estetikorako aukera paregabea da liburua. Dani Fanoren grafismoa komiki errealistaren korronte oparora garamatza, baina baditu  bere marrazkerak sano pertsonalak diren ezaugarriak. Pertsonaien bisaiak lantzeko era adibidez, karikaturatik gertu ibili arren, indar handiko pertsonaiak sortuz, ez da komiki-karikatura hutsean sekula erortzen, eta frogatzeko hor daude bineta-atzeak, dekoratuak, paisaiak, animaliak, landareak… zehaztasun eta fintasun osoz marraztuak. Eta beste horrenbeste esan behar giza gorputz-jarrera bihurrienak irudikatzeko duen erraztasunari buruz. Baina errealismoaren korrontean kokaturik ere, ez dauka egileak binetak gehiegi errekargatzeko joerarik, errealismoa bai, baina errealismo garbirako joera da nagusia, eta ondo aukeratutako elementuz osatzen dira binetak. Akabatzeko. Liburua jatorriz gazteleraz idatzia izan da, baina momenturo aldamenean Koldo Izagirre idazle ezaguna izan du Danik, euskarazko bertsioa itzulpen soila izan ez zedin. Eta hizkuntzaren aldetik ere maila bikaina eman du Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak.    Eta orain hemen hago Migel , gure artean, beti tarrapataka bizi beharrak amaitu dira. Azkenean atseden pixka bat hartu ahal izango duk maisulana den komikiaren epeletan.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s