Tomoë

Ikuspegi panoramikodun abentura epikoak baino gehiago

  • Harriet argitaletxeak zazpi album berri kaleratuz bukatuko du urtea.  Azken bi urteetan diferentzi handiz  album gehien kaleratu dituen editorea Harriet ediciones izan da, eta euskal komikigintza osoaren historian epe oso labur batean argitaletxe emankorrena izatera iritsi da. Aurten editatutako komiki bikain bat aukeratu dugu ondorengo lerroetan aztertzeko. Tomoë
  • Jack Manini gidoigileak fikzio istorio bat benetako historiaren barne kokatu du. Komikia komikia denenetik asmatutako formula da, milaka aldiz frantses formatuko albumetan erabilia izan dena. Hau honela bada,   historia eta istorioaren arteko mugak irakurleak berak bereizi beharko ditu. Baina “behar” esan dugu? Ez,ez da beharrezkoa eta irakurleak jakina, ondo jositako trama bat jarraitzea besterik ez du nahi izango, seguruenik. Informazio osoago bat jasotzeko atzekaldeko dossierrera jotzea besterik ez du behar.

Letra handiz idatzitako historia kasu honetan XV. mendeko Japoniara garamatza, Inperioko hiriburua den Kiotora hain zuzen, Japoniako historiak izan duen garairik ekaiztsuenaren atarira.  Orduko agintari militar nagusia Xoguna zen, aspaldian sortutako titulua eta teorian Enperadorearen zerbitzura zegoen kargua, baina mendeen poderioz erabateko botere politikoa bere gain hartu zuena. Baina hala ere leinu boteretsuen tirabirek Xoguna kolokan jarri zuten XV. mendearen hastapenetan eta komikiaren bigarren atalean azaltzen denez gatazkok Xogunatoaren amaiera ere ekarri zuten. Komikiaren bigarren ataleko kontuak hemen azaltzea ez da spoiler lanetan ibiltzeagatik, jakina,  komikiaren trama, letra txikitan saretzen den idatzitako istorioa, askoz eta  konplexuago eta aberatsagoa baita. Beraz komikia zabaltzea eta astiro eta ondo irakurtzea merezi du. 

Ez da beharrezko historia edo istorioa, eta bien arteko bereizketa eta loturen arteko gora-beherataz gehiegi mintzatzea beraz, Tieko ilustratzailearen marraztutako bineta eder eta zehatzez gozatzeko. Tieko okzitaniar marrazkilaria, estiloaren aldetik album frantses errealistaren norabidean kokatzen da bete-betean, hala ere, Japoniako marrazketa tradizionaleko zenbait ezaugarrietan arreta jarri du, izan ere zertzelada nipondar txikiz zipriztindu du albumaren hainbat orri. Zer esanik ez azalean erabili duen olatuaren gaiari buruz. Olatu erraldoi baten itzalean kokatu ditu komiki honetako protagonista den Tomoë eta honen antagonista den Yoshinaka pirata, azken hau bigarren plano batean. Olatuaren irudia Kanagawak olatu handiaren erreplika zehatza dugu. Gaur egun  ikonikoa bihurtu den olatua XIX. mendean sortu zuen artista japoniar batek, Hokusaik, ez da beraz komikiaren narrazioa girotuta dagoen garaikoa, baina Japoniako tradizioan txertatutako indar handiko elementu bat izanik, egileek naturaltasunez erabili dute. Komikien historian, hala ere, ez da  Hokusairen irudi bat eszena apaingarri gisa erabiltzen den lehen aldia, Hergé berak erabili baitzuen aspaldi maisu-lantzat jotzen  duten Loto urdina albumaren barne (opio erretzeko aretoko hormetako batean).   

Tiekok marrazkeran erakusten duen maisutasuna goia jotzen du akzio irudietan, batez ere taldekoetan, komikian zehar hain ugariak diren bineta panoramiko zabal eta zapaletan. Eta Japoniako manga klasikoaren aurrean Europako BDak abantailarik badauka hauxe da nagusietako bat, binetak antolatzeko espazioaren zabalerak egileei eskaintzen dien askatasuna.

 Marrazkilariaren trebezia erakusteko aukera ugari eskaintzen ditu Jack Maniniren gidoiak, batez ere goreneko une epikoetan. Une epikoak eta une fantastikoak  uztartzen dira beste momentu batzuetan, naturaz gaindiko indarrek istorioaren norabidea aldatzen dutenean, adibidez, Eguzki Jainkosaren brontzesko ispilu magikoaren lapurketa gertatzen denean. Yata No Kagami izeneko ispilua japoniar inperio-etxeko sinboloa da eta lapurraren gainean erortzen da bapatean ispiluaren madarikazioa.  Hala ere, orriari buelta eman, eta gure begietarako oparia, xehetasun osoz marrazturik akaso komikiaren orri ederrenak aurkitzen ditugu . Erabakigarria izango den batailaren aurreko unea da, epika fantastikoa umore errealista puntu batekin ontzen da, borroketan zaildutako gudaria kaka-aldian denen begibistan agertzen denean.  Irakurketan aurrera eginez nekazarienganako nobleek zeukaten mespretxua garbi adierazten duen pasartea dator. Beraz Tomoë abentura hutsa baino gehiago dela konfirmaturik dago,  ikuspegi zabaleko abentura epiko eta ederraren albotik badabil jira biran bigarren kontakizun bat, gizakia bere arruntasunean deskribatzen duena. 

Tomoë,  Harriet Edicionesen standean aurkituko duzue Durangoko azokan azken urteetan argitaratutako bere nebarreben parean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s