Komikigintzari buruzko Wikilantegia

Komikizaleek Wikipedian editatzen ikasteko tailerra antolatu dute Intxaurrondoko Kultur Etxean. “Wikilantegi” honen gidariak Igor Leturia, Iñaki Otamendi eta Aitzol Astigarraga izango dira.

Lekua eta ordua: Martxoaren 26ean, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, 18:30etatik aurrera .

Honela azaltzen dute bileraren asmoa:

Saio honen helburua euskarazko Wikipedia komikigintzari dagokionez osatzeko lanak martxan jartzea da. Denon artean Euskarazko Wikipediako komikigintzaren hutsune nabarmenenak identifikatuko ditugu eta behar duenak Wikipedia editatzen ikasteko aukera ere izango du.

“Parte hartzeko ez da komikigintzan aditua izan beharrik, Wikilantegian parte hartzen duten komikizale guztien ekarpenenekin Wikipedia hobetzen joatea baita asmoa. Eta Wikipedia editatzeko ohitura ez dutenei laguntza eskainiko zaie. Hasiberrien, noizean behin eta maiz aritzen direnen artean, Wikipediako atal hauek identifikatu eta landu nahi ditugu:

• Komikiarekin lotutako euskal egile, obra, aldizkari… historikoei buruzko artikuluak.

• Gaur egungo komikilari, komiki, argitaletxe… eta gainontzeko gaiei buruzko artikuluak.

• Mundu mailako komikigintzan erreferentzia diren egile eta obrei buruzko artikuluak.

Saioa doakoa eta irekia izango da, baina komeni da izena ematea, toki-aurreikuspenak egiteko. Intxaurrondo liburutegian edota 943 48 34 02 telefonora

Tupust komikiaren aurkezpena eta erakusketa

Tupust! Donostian sortutako Euskal Herriko komikigileen kolektibo feminista da. Haien lanak euskaraz sortzeko asmoa dute eta kolektiboaren lehen emaitza Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin kaleratu duten Ni izeneko liburua da. 20 egile parte hartu dute komiki horretan: Irati Eguren, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte & Josevisky Larratxe, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Irati F.G. & Regina Salcedo, Nerea Unanua & Amaia Lekunberri, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Axpi, Eider Eibar & Miren Amuriza, Leire Urbeltz & Hedoi Etxarte.

Komikiaren aurkezpena Donostiako Komikigunean izango da martxoak 25ean eta leku berean komikiaren erakusketa zabalik izango da 29ra arte.