Sinpletasunaren zorrotza: Juan Antonio Letamendia

Juan Antonio Letamendia (Donostia, 1940), Leta, Lerro, Neuk, Geuk edo Fits goitizenekin sinatu zuen marrazkilaria dugu. Gaur egun komikizaleen artean arras ezezaguna den arren, gure ustez talentu handiko egilea da. Euskal komikiaren zuzia 60. hamarkada osoan zehar piztuta mantendu zuen egile bakarra izan zen.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena scan0011.jpg da
Pan-pin, 33. zenbakia, 1964ko urrian. Zeruko Argian kolaboratzen zuen bitartean Pan-pinen ere lanean izan zen Letamendia. © Juan Antonio Letamendia

Zor handi bat

Zor itzela dugu euskal komikizaleok bederatzigarren artea sasoi ilunenetan ere bizirik mantendu zuten egileekin. Sasoi oso iluna izan baitzen euskal kulturarentzat orokorrean, eta euskal komikigintzarentzat konkretuki, 1936-39ko gerra amaieratik 1970 hamarkadaren erdi aldera doan tartea (1972 urtetik aurrera gauzak aldatzen joan ziren).  Iluntasuna ia erabatekoa izan zen Anaitasuna sortu (1953) eta Zeruko Argia berpiztu zen arte (1954). Bi aldizkari hauetatik kanpo ez dugu (orain arte behintzat) euskal komikien arrastorik beste inon aurkitu. Kontuan hartu behar da 60. hamarkadako beste argitalpena, Pan-pin tebeoa, Zeruko Argiaren gehigarri edo “suplemento” moduan zabaldu zutela, denborak aurrera egin ahala modu nahiko autonomoan funtzionatu bazuen ere. Anaitasuna eta Zeruko Argia eta haren gehigarri Pan-pinetik at, beraz, deusik ez.

Zeruko Argiaren ibilbidean 1963 urtea funtsezkoa izan zen. 1960. urtean agintari frankistek Zeruko Argia hilabetekaria zarratu egin zuten. Hala ere, 1963 urtean hirugarren jaiotza bat izan zuen aldizkariak eta oztopo eta debeku guztien gainetik indarberriturik kaleratu zen berriz aldizkaria, oraingoan langa gorago jarriz, astekaria bezala.  Aldizkari berritu hartan agertuko ziran Letamendiaren txiste grafikoak. Era berean, 1960tik hilabetero agertzen  zen Pan-pin tebeoa berrantolatu egin zen, Jesus Elosegik Pan-pinen ardura hartu zuenean. Orduan Letamendia eta Yulen izeneko marrazkilariek, bertan argitaratu zuten ilustrazio, tira zein orri beteko istorioak. Pan-pin-ekin kolaborazioa 1964 urtean eten egin zen.

Zeruko Argian epe oso luze batez, hamar urtez, mantendu zuen piztuta komikiaren zuzia Juan Antonio Letamendiak. Egia da, komiki kopuruaren aldetik, ez zuela gehiegi argitaratu, baina Zeruko Argiarekin mantendu zuen harremana espero genuen baino luzeagoa izan zen eta harreman horri esker euskal komikiaren historiaren errepasoa egiten dugunean 60. hamarkada, ez da zulo hutsean geratu.

Zeruko Argia, 1963ko azaroa. Lehen lanak Lerro goitizenarekik sinatu zituen Letamendiak. © Juan Antonio Letamendia

Ibilbidea

Pan-pin tebeoan istorio luzeagoren bat argitaratu bazuen ere, 60. hamarkadan bineta bakarreko umore-grafikoa landu zuen nagusiki.

Zeruko Argiarekin harremana hamarkada oso batez mantendu zen. 1963 urteko martxoan, aro berriko lehen Zeruko Argian,  egin zuen lehen kolaborazioa. Azkena 1973 urteko ekainekoa izan zen. 1969-1973 tartean Zeruko Argiarekiko kolaborazioak urrituz joan ziren, garai hartan filologia ikasketetan murgildurik buru-belarri zebilelako. Jarraian Santo Tomas Lizeoan klaseak ematen lanean hasi zen. Garai hartan sortu zituen ikasketetarako lehen material didaktikoak. Alor horretan bereziki nabarmendu izan da Letamendia, hau da, euskara ikasteko liburuen sorkuntzan. Gramatika akigarriak sortu beharrean, komikiaren baliabide komunikatiboak irauli zituen liburuen orrietara. Umore grafikoa euskararen zuen ezagutzarekin ederki uztartzen jakin zuen. Esan behar da gaur egun euskara zabalkunde edo ikerketaren  alorrean egindako lanagatik batik bat, dela ezaguna Letamendia (1975ean euskaltzaina izendatu zuten).   Hala ere, euskal komikiaren historia osatzeko lanean gabiltzanez, arreta nagusia  komikigile bezala izan zuen traiektorian jarri dugu.

Letamendiaren umoreak nonsense eta paradoxaren arteko jolasean du oinarria. © Juan Antonio Letamendia

Euskera-6 izan zen sortu zuen lehen testuliburua. Baina ez zen horretan geratu, ez. Euskara ikasteko Bakarka metodo arrakastatsuaren lehen 3 liburuak Letamendiarenak dira, eta arrakasta horren sekretua liburuaren alde grafikoan datza seguruenik, gramatika-liburu huts eta idorra izan zitekeena, komiki istorio umoretsuen erabilerari esker, irakurgai atsegina bihurtzea jakin baitzuen. Horren berezia da euskal komikiaren historia ze, non eta gramatika liburuetan ere, gure komikigintzaren urratsak aurki ditzakegu.

Bakarka 1etik hartutako irudia. 1984ko ediziokoa da goiko irudia baina ondoren hainbat alditan berrargitaratua izan da liburua. 2014ko azken edizioan marrazkiak orraztuak eta hobetuak izan diren arren, gure ustez jatorrizkoak dira onenak. © Juan Antonio Letamendia

Baina Juan Antonio Letamendiak komikiarekin zuen harremana ez zen horretan geratu. Franco hil osteko aldizkari berrietan komikiak sortzen segitzeko aukera izan zuen eta hala egin zuen. Eugenio Ibarzabalek Garaia aldizkaria 1976 urtean sortu eta aspaldiko laguna izanik, Juan Antonio Letamendiari lekua eskaini zion aldizkarian. Orduan jaio zen Fits. Izen berri horrekin  sinatu zituen gazteleraz zein euskaraz aldizkari horretan argitaratu zituen marrazki guztiak. Bertan bineta bakarreko ilustrazio ugari zein komiki istorio luzeagoak landu zituen. Zoritxarrez Garaia ibilbide laburreko argitalpena izan zen. 1976ko irailean sortu eta 30 ale argitaratu ondoren, 1977ko martxoan zarratu zen.     

Garaiako zuzendari ohiak, 1979 urtean, Muga izeneko aldizkari berri baten sorreran hartu zuen parte. Berriz ere Eugenio Ibarzabalek Letamendia aukeratu zuen aldizkariaren umore grafikoaren atala lantzeko. Oraingoan argitalpenak biziraupen luzeagoa izan zuen eta 1986 urtera arte iritsi zen. Aldi berri horretarako Fits goitizena mantendu zuen Letak, normalean orri biko komikiak landu  zituen eta estilo grafikoaren ikuspegitik ere, nabarmena izan zen aldi horretan izan zuen bilakaera.

Muga aldizkariak fitxatu zuen Fits 80. hamarkadan. 1985koa da goiko marrazkia. Ikusten denez, orri biko espazio zabalagoan ere ederto moldatu zen bineten estutasunetik ihes eginez. © Juan Antonio Letamendia

Azken lanak Hondarribia aldizkarirako sortu zituen  Letamendiak, 1981-1991 tartean. Ibilbidea luzea 1963tik 1991ra.

Izengoitien hiztegi txiker bat

Bere lanak sinatzeko erabili zituen izengoiti ezberdinetan Juan Antonio Letamendiaren ibilbide artistikoaren argibideak daude: Leta, Lerro, Neuk, Geuk edo Fits izan dira bere garai ezberdinetan erabili zituen izenak. Argibidea esan dugu eta akaso nahasbidea idatzi behar genuen, hainbeste izengoitien erabilerak identifikazio arazoak sortu besterik ez baitu egin. Alabaina izengoiti guztien atzean zegoena autore bakarra zen, Juan Antonio Letamendia.

Leta: Bere abizenaren lehen letrekin, Leta, Pan-pinen agertu zen.

Lerro: izena Zeruko Argiaren lehen aleetan erabili zuen. 1963ean hasi eta 1965eko urriko 17ra arte.

Geuk eta Neuk: Batzuetan Geuk, besteetan Neuk, izen biak erabili zituen Zeruko Argian 1966ko irailetik 1973ko ekainera doan tartean. Tartekatze horren arrazoiak Juan Antonio berak eman zizkigun iaz egin genion elkarrizketan: 

“Neuk, neronek osorik asmatutako txisteetan erabiltzen nuen. Baina halako batean beste norbaiten testu soilak, “Aitonaren irakatsiak” titulupean, nik marrazteko pasatzen hasi zitzaizkidan eta bistan da orduan sortzaile nagusia ez nintzela ni, testu asmatzailea baizik. Hori dela eta, Neuk-en ordez Geuk sinatzen nuen horrelakoetan. Bion umorea, gainera, oso oso bestelakoa zen. Testuaren asmatzailea (izkirimiriarena, beraz) Txomin Amasorrain bergararra zela esango nuke”

Fits: Garaia(1976-1977) eta Muga (1979-1986) aldizkarietarako aukeratutako izengoitia dugu. Halako izen bat hautatzeak zerikusia du seguruenik Letamendiak bere buruarekiko eta bere lanarekiko erakusten duen apaltasun jarrerarekin. Ez da gure ustez jarrera zuzenena, Letamendiak kopuru aldetik ez zuen lan ikaragarri bat ekoiztu, hori egia da, baina bere marrazkerak eta umoreak badaukate nortasun artistiko oso interesgarri bat, orduko nazioarteko umore grafikoen korronteekin lotura agerikoak dituena.

Sinpletasunaren zorrotza

Umore grafikoaren klabean marrazten du Letak. Zeruko Argiako lehen sasoian bineta bakarreko umore grafiko landu zuen. Estiloaren aldetik eraginak berak azaltzen ditu aipatutako elkarrizketan. Lehenik eta behin, La Codorniz-eko aldizkari satirikoaren eragina dator, eta La Codorniz-eko egileen artean, batez ere donostiar egileen influentzia nabarmentzen du. Alvaro de Laiglesia donostiarrak zuzendutako aldizkarian baziren ere egile donostiarrak. Chumy Chumez edo Rafael Munoa adibidez. Azken hau da inportantea bereziki Letarentzat, laguna baitzuen, eta gazten denboretan Donostiako alde zaharrean zuen bitxi-dendan sarri izan zen,    Munoa marrazketan ari zen bitartean, haren ondoan begira-begira ordu luzeak emanez. Beste egile batzuen eraginak ere, Conti eta Bruguera eskolakoen egileena adibidez, bistakoak dira.    

Alabaina orduko Letaren marrazki estiloa  arretaz aztertzen badugu, Conti edo Munoaren ildoan baino, uste dugu Siné baten sinpletasun grafikotik gertuago dabilela. Bai Sinék eta bai garai hartako Letak marrazteko inprobisazio efektua bilatu baitzuten, gehiegi lantzen ez den marrazkia, paradoxa-umorea egiteko askoz eraginkorragoa baita. Detaile txikiagoetan ere berriro Siné datorkigu gogora, adibidez ninigabeko begi  zurien erabileran.

Noski, Siné-ren eta Letaren antzekotasunak alde grafiko horretan bukatzen dira, Letak azken finean ez baitzuen izan aukerarik karrera grafiko oso bat komikigintzari loturik bizitzeko, euskal komikigintza ia existitzen ez zelako eta gaien aldetik ere, orduko mugak oso hertsiak zirelako.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s