Alberto Brecciak ehun urte

Alberto Breccia jaio zenetik aurten bete dira ehun urte. Alberto Breccia (1919-1993) komikigintzak eman duen izen handienetako bat dugu eta efemeridea aprobetxatuz bere ibilbide osoa errepasatu eta euskaraz argitaratu zuen lan bakarra gogora ekarriko dugu. Bestalde, Begoñako liburutegian hilabete bukaera arte bere lan azpimagarrien erakusketa bat dago ikusgai.

Iparra-hegoa liburutik ateratako bineta. Ikusager argitaletxeak kaleratu zuen album kolektiboa da euskaraz dagoen Alberto Brecciaren lan bakarra. Sasturainek sinatu zuen istorio labur honen gidoia.

Alberto Breccia Montevideon jaio zen. Hiru urte bete zituenean gurasoekin Buenos Airesera aldatu zen, Mataderos izeneko langile auzune txirora, non fabrika, lapur txiki eta tango doinuen giroan hazi eta hezi zen.

MILTON CANIFFEN ERAGINA

Adoleszentzian aitarekin batera langile moduan ibili zen fabrika batean, baina marrazkirako zuen abilezia bereziak langile lana utzi eta ofizioz aldatzeko aukera eskaini zion. 1938 urtean Lainez edizio etxerako lanean hasi zen, non nobela popularrak zein abentura istorioak egokitu zituen marrazkietara. Milton Caniff (1907-1988) estatubatuarraren estetika errealista miresten zuen eta haren estiloa imitatuz sortu zituen bere lehen pertsonaiak: Kid del Rio Grande, El Vengador

Mariquita terremoto pertsonaiarako aldiz estiloa erabat ezberdina erabili zuen eta umore klabeetan marraztu zuen.

1944 urtean Lainez editorearekin kolaborazioa eten egin zen. Garai hartan ezkondu eta hiru seme alaba izan zituen: Enrique (hau ere, komikigile ezaguna bihurtuko zena), Cristina eta Patricia.

1946 urtean Patoruzito aldizkarirako lanean hasi eta hainbat abentura kutsuko istorioak sortu zituen, Jean de la Martinica, El club de Aventuros eta batez ere, oso arrakastatsu suertatu zen polizi serie bat, Vito Nervio, 15 urte luze iraun zuena.

OESTERHELD-BRECCIA BIKOTEA ELKARREKIN LANEAN

1957an Buenos Aireseko Escuela Paramericana de Arteko irakaslea bilakatu zen Alberto. Bertan sortuko zen argentinar marrazkilari belaunaldi berri bat (José Muñoz, Walter Fahrer, Ruben Sosa, Mandrafina…). Hugo Pratt irakasle kidea izan zuen eta eskola berean ezagutu zuen sekula izan den gidoilaririk handienetako bat, Héctor German Oesterheld (1919-1978). Biek batera urte berean Sherlock Time pertsonaia sortu eta Hora Cero aldizkarian publikatzeari ekin zioten. Brecciak inoiz aitortuko izan zuen hura izan zela bere kalitatezko lehen lana, askatasun osoz experimentazio grafikorako aukerak eskaini zion lehen proiektua.

1960 urtean europar editoreentzat lanean hasi zen, batez ere Ingalaterrako Fleetway etxearentzat. 62an berriz Misterix aldizkarian Mort Cinder seriea sortu zuten, kritikari askoren ustetan komikiaren historian inoiz izan den gailur handienetako bat.  

1966an emaztea hil zitzaion eta urte berean eskola propioa sortu zuen, Instituto de Arte, artearen disziplina ezberdinak uztartzen zituen eskola.

1968an Enrique semearekin Che Guevararen biografia marraztu zuen, Oesterhelden gidoipean. Publikatu eta berehala arrakastatsua bilakatu zen baina Estatuko Informazio Zerbitzuek ikerketa zabaldu zuten. Ostean hainbat mehatxu jaso zituzten egileek eta azkenean komikiaren originalak suntsitu behar izan zituzten.

Gurean Che Guevara komikia Ikusager argitaletxe gasteiztarrak kaleratu zuen 1987 urtean Ernesto Sabato idazlearen hitzaurrearekin baina ez zen euskarazko ediziorik agertu.

1969an, Oesterheldekin batera berriro ere, Eternautaren bigarren bertsio bat sortu zuen Gente aldizkarian argitaratzeko. Publikatu zenean eskandalua eragin zuen ere bertsio berriak, grafikoki abangoardistaegia zelako orduko garaietarako eta, bestalde, politikoki ere, Argentinako gobernuaren erreferentziaz josirik zegoen. Irakurleen kexak zirela medio editoreek publikatzeari utzi  behar izan zioten. 

 1970an bigarren biografia bat sortu zuen Brecciak, Eva Peron edo Evitarena, eta aurrerantzean batez ere europar merkatuarentzat lanean ariko da.70 hamardatik aurrera hainbat literatur lan egokitzeari ekingo dio: 1973an Lovecraften Cthulhuko mitoak, 1975ean Allan Poeren Bihotz salataria eta beste hainbat hego-amerikar egile batzuen lanak ere (Borges, Onetti edo Garcia Marquez)     

CARLOS TRILLOREKIN ELKARLANEAN

1975 urtea elkarlan berri eta emankor baten hasiera izan zen. Carlos Trillo idazlearekin batera Un tal Daneri seriea abian jarri zuen.  1976an militarren estatu kolpea ematen dute Argentinan eta kolpearen ondorioz desagertuetako bat Hector Oesterheld, ordura arte Brecciaren gidoigile prinzipala, izango da . 1977 amaieran desagerrarazi zuten eta seguraski 1978an erahil. Giro ilun honetan sortu zen Buscavidas, Grimm anaien ipuinetan oinarritutako istorioen bilduma eta bakarka argitaratutako Dracula. Aldi honetan burutu zuen esperimentazio grafikoa, material eta teknika ezberdinak erabiliz, sekulakoa izan zen. Tinta, akuarela, akrilikoak, decoupagea, collageen bitartez komikiaren muga estetikoak arakatu zituen. Arlo horretan ez da komikigintzaren historian Brecciaren parekorik izan.    

PERRAMUS: ARO BELTZAREN AMAIERA ETA JUAN SASTURAINEKIN LANEAN

1982 urtean Malvinetako gerrarekin bukatu zen Argentinako diktadura. 1983an Juan Sasturainen lanean oinarritutako Perramus sortzen du Brecciak. Perramus da Albertoren lan nagusia, bost urteko lanaren emaitza, errepresioa sufritu zuten Argentinako herrikideei eta Hector Oesterheld lagunari bereziki eskainia.

Aldi berean ilustrazio lanekin jarraitu zuen eta hainbat album kolektiboetan hartu zuen parte,adibidez gorago aipatu dugun Ikusager Gasteizeko argiteletxeak publikatu zuen, Iparra-hegoa liburuan. Hau da euskaraz aurki dezakegun Alberto Brecciaren lan bakarra.

 1991ean Ernesto Sabatoren Informe sobre ciegos liburua egokitu zuen. Bere album formatuko azken lana El Dorado, el delirio de Lope de Aguirre izan zen.  

BEGOÑAKO LIBURUTEGIAN ALBERTO BRECCIAREN LANAK IKUSGAI

Bestalde Alberto Brecciaren lana ezagutu nahi duenak aukera dauka Begoñako liburutegian hilabete bukaera arte jarrita dagoen erakusketa bisitatzeko. Bere lan aipagarrienak bertan ikusi ahal izango ditu.

Euskal komikigileak Bruselako BD jaialdian

Bruselako Fête de la bande dessinée-k pasadan ostiralean zabaldu zituen ateak, eta bertatik pasatuko dira 250 egile baino gehiago, euskaldun egileak ere tartean izango direlarik. Aurtengoan Asisko, Alex Macho eta Harriet bertan dira euren liburuak sinatzen. Alex Macho eta Harrieten kasuan argitaratu berri duten liburua bertan aurkeztuko dute: Lotsa eta ahaztea, Harriet argitaletxeak kaleratu duen euskal bertsioan edo  La honte et l’oubli Glenatek kaleratu duen bertsioan.

Argazkien © Asisko, Alex Macho eta Camila de Epalza

Bruselako komiki jaialdia 2010ean sortu zen, eta 2015etik aurrera Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, euskal komikigileek parte hartzen dute Komiki Jaialdian.