Astiberrik haurrentzako komiki bat argitaratu du

Argitaletxe bilbotarrak haurrentzako euskarazko eskaintza indartuko duen komiki berri bat argitaratu du (6 urtetik gorako haurrentzat, euren web orrian azaltzen dutenez). Claude eta Morino pertsonaiak protagonista dituen serie bateko lehen liburukia da Madarikazioa.

Claude i Morino 1. La maledicció

Astiberriren eskutik datorren bigarren nobedade bateaz ohartu gara. Haurrentzako komiki-lerro berri bat zabaltzeaz gain, Txikiberri izenekoa, Kataluniako komiki merkatura begira katalaneraz kaleratu dute liburua ere. Beraz, badirudi merkatu berrietara zabaltzeko asmoa dutela Astiberrikoek.

Liburua jatorriz Frantzian kaleratu zuen EDL argitaletxeak. Egilea Adrien Albert da, 1977an Nantesen jaio zen ilustratzailea.

Mayana Itoïz baionarra Eisner sarietarako izendatua

Mayana Itöiz ilustratzaile euskalduna Eisner sarietarako hautagaien artean dago. Will Eisner Sariak (ingelesez: Will Eisner Comic Industry Awards), ezagunagoak Eisner Sariak bezala, urtero komiki egileak saritzen dituzte, aurreko urtean AEBetako merkatuan agertutako lanei errepaso eginez.

Mayana Baionan jaio zen 1978 urtean eta Toulouseko Arte Ederren Eskola Nazionalean burutu zituen ikasketak 2002 urtean, eta ondoren, batez ere haur eta gazteen ilustrazioaren arloan jardun du.

Eisner sarirako izendapena Wilfrid Lupano gidoilariarekin batera egindako Le Loup en slip lanarengatik iritsi zaio, Dargaudek argitaratua eta Astronave argitaletxeak gaztelaniara eta katalanera ere itzulia El lobo en calzoncillos eta Els Calçotets Del Llop bezala.
Zorterik onena opa diogu Mayanari!

Indiara bidaia komikiak Ezekiel Etxebarria saria irabazi du

Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura sariak irabazlea du, Marc Armspach, Marko. Marrazkilari lapurtarrak lortu du aurtengo XII. edizioa Indiara bidaia izeneko komiki liburuarekin.

Ermuko liburutegian euskaraz gehien irakurritako liburuaren egilea saritu egiten da Ezekiel Etxebarria izeneko sariaren bitartez. Liburuaren egilea omentzeaz gain, liburutegiko irakurleek zeharka sari bat ematen dute. Irakurleen eta idazlearen arteko loturak sendotzeko modu interesgarri bat da.

MARKO (Ermuko Udalaren webetik hartutako irudia)

Indiara bidaia Harriet argitaletxeak kaleratu zuen 2016. urtean. Jatorrizko edizioa, frantsesez, Bamboo etxeak kaleratu zuen eta Harriet argitaletxeak euskarara itzuli zuen liburua, atzerriko merkatuetan komikiak argitaratzen dituzten euskal autoreak berreskuratzeko maiz duen politikari jarraituz. Komikiak arrakasta handia izan du, salmenten aldetik, sari honek ondo erakusten duen bezala. Badira Harrieten katalogoan Markoren beste komiki batzuk ere:

Txinara bidaia / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko

Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko ; margoak, Maëla Cosson

Neska hura hegan hasi zen eguna / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko

Liburu guztietan Marko da alde grafikoaren arduraduna, Escaich Bertrand eta Caroline Roques bestalde, gidoiak sinatzen dituzte Beka izenpean.

© Harriet Ediciones

Marko Uztaritzen bizi den marrazkilari profesionala da, duela 30 urtetik, eta hainbat liburu eta komiki sortu ditu dagoeneko bai euskaraz eta frantsesez.