Basolako berri onak

“Basolatik berri onik ez” komikiari soinu-banda bat jarri behar balitzaio, ez litzateke izango, ez, Benitoren Orbaizetako arma olaren kantua, Orbaizetako fabrikan oinarrituta egon arren komikian agertzen den arma-ola. Samurregia da kanta gabiaren erritmoan, Traunku! Traunku!, sortutako komikiarentzat.

Komikiak Trash erritmoa baitauka, abiadura, bizkor doa istorioaren emaria, kolpez-kolpe, irudiz-irudi. Joseba Larratxeren marrazkiak bizi eta adierazgarriak dira, baina era berean, xehetasun txikienak ere jasotzeko gaitasuna daukate haren irudiek, marrazkiaz aparte koloreen ahalmena ere trebeki baitarabil; adibidez, sendatzaileak medikuaren zauria ixteko kakalardoaren pintzak erabiltzen dituen binetetan.

Asiskoren gidoia irudikatzea ez zen erraza izango, ez, oso konkretua baita alde batetik, Orbaizetako ola marraztu beharra, eta errealismotik gertu ibili beharra zegoen, baina, bestalde, gidoia oso irudimentsua ere bada. Asiskok euskal-mitologi berri bat asmatu baitu komiki honetarako propio. Zaila, baina behin emaitza ikusita, ez da dudarik, Asisko eta Josevisky-ren arteko elkarlana guztiz emankorra izan dela.