Potoaren sekretuak

Irakurri berri dugun azken komikia hauxe: Burnizko Potoa. Iazko akabuko hilean argitaratu zuten liburua Denonarteanekoek. Komiki ederra benetan.

Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen artean ondu dute liburua (egileei buruzko informazio zabalagoa izateko klikatu izenetan eta komikipediara joan) . Baina liburuaren barruko azalean ageri denez, bada derrigorrez aipatu beharreko hirugarren izen propio bat: Anton Mendizabal, komikiaren dokumentazioaz arduratu den pertsonaren izena. Eta liburua irakurtzen duen edozeinek berehala konprenituko du liburuaren protagonista nagusia Artikutzako trena bera dela,  beste pertsonaien guztien gainetik; Joxantonio,  hamar urteko mutiko eta ustezko protagonistaren gainetik ere, komikiaren narrazio osoa trenaren erritmora moldatzen baita. Trena, trenaren ibilbidea, geltokiak, karga-lekuak, tunelak, trenaren inguruko aspaldiko ofizio espezializatuak,  kondairak edo anekdotak, den-dena, arreta handiz ikertua eta bilduta dago Burnizko Poto honetan. Artikutzako trena informazioz kargatu duen ikerlaria Anton Mendizabal izan daiteke.

Burnizko Potoaren azala. Natura eta gizakia nahastu egiten dira Mitxelenaren irudietan.

Informazioa karga handia izan arren Artikutzako tren txikiak indarra du. Antton Kazabonek kargari heldu eta burdin bidean jarri du martxan, kontakizun interesgarri bat borobilduz: hilzorian dagoen gizon bat agertu da Artikutzako Kamio baserrian. Aizkorakada bat bularrean jaso omen du. Joxantonio hamar urteko mutila sendagilearen bila  bidaliko dute Oiartzunera.

Narrazioak kutsu tragikoa har zezakeen, baina hilzorian dagoen gizajoa txerria hiltzeko mahaian jarri eta gero, etxekoak nahiko lasai  lotara doazela ikusirik, umore puntua hartzen du kontakizunak. Umore beltza akaso. Hurrengo goizean, sardina zaharra eta ogi puska batekin badoa Joxantonio enkargua betetzera. Badoa Oiartzunen bizi den medikurenera. Bidean treneko tutuarekin jolastuko du, bertsoak entzungo ditu, amak egindako esku-pilotak banatuko ditu… txerria hiltzeko mahai-gainean utzi duten gizona, hilzorian, zain dagoen bitartean. Artikutzako trena eta paisaia (eta haren barruan bertako biztanleak) traka-trakaka pasatzen dira komikiaren orrietan zehar.

Paisaia, basoa, trena, zerua, gizakia, den-dena, Jokin Mitxelenak xurgatu eta kolore itzaliko paleta bat erabiliz, gamuza paperean bilduta, islatu du (izan ere, orri zuria beharrean, gamuza-kolorezkoak dira bineten atzealdeak) . Marrazkiaren lerro bigun-kiribilduek Japoniako margolaritza tradizionalaren estiloa dakarte gogora. Zinez lan ederra Jokinek egin duena.

Alde grafikotik zein komikiari osotasunean erreparatuz ere, egileek emaitza ederra lortu dutela deritzogu. Euren lan berrien zain geratzen gara.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.