Bizkaiko txakolina eta komikia uztartzen dituen ekimena sortu da: Txakomic

Bakioko Txakolingunea, Leioako Mendibile jauregia eta Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkartearen bultzadaz sortu da Txakomic proiektua, ustez elkarrengandik urrun dauden bi diziplina, txakolina eta komikia, uztartzeko.

Txakomic-ek bi zutabe nagusi izango ditu: Jarduerak (Txakolin Museoan eta Mendibile Jauregian) eta komiki argitalpenak, digitalean lehenago, paperean geroago.

Jardunaldien kartela Gastonek egin du

JARDUERAK, TXAKOLINGUNEAN ETA MENDIBILEN: Ekainaren lehenengo bi asteburuetan, Bakioko Txakolingunea Museoa eta Mendibile Jauregia elkargune bilakatuko dira, txakolina eta euskal komikigintza protagonista izan daitezen.  Ekainaren 4tik 13ra Bakioko Txakolingunean eta Mendibile-Leioan egingo diren jardueretan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aldez aurretik esteka honetan: https://www.uribe.eu/ms/

BI HILABETERO KOMIKIA: Bizkaiko zazpi sortzailek zazpi komiki sortuko dituzte, txakolinari buruzko istorioak ezagutarazteko. Argitaratu den lehen istorioa Higinia Garay ilustratzaileak eta Mikel Begoñak ondu dute: Parraren itzalpean.

Parraren itzalpean komikia irakurri nahi baduzu klikatu irudian.

Komikiak digitalean argitaratuko dira, eta azkenik bilduma liburu formatuan argitaratuko da 2022an.

TXAKOLINAREN HISTORIA KOMIKIAN: 2022an txakolinaren historia eta ibilbidea jasoko duen komiki-liburua argitaratzea aurreikusten da.

Pertsonaien animazio tailerra Komikiguneak antolaturik

Unai Guerrak gidatuko duen tailerra hile honetako 26 eta 27an Donostiako Koldo Mitxelena aretoan egingo da .

Pertsonaiak sortzeko tresna da Adobe After Effects eta hau izango da tailerraren gai nagusia. Tailerra komikigileei espreski zuzenduta dago.

Komikiguneko lagunek azaldu dutenez, Unai Guerrak “20 urte baino gehiago daramatza grafismoan eta animazioan profesionalki lanean. Hainbat zinema eta telebista ekoiztetxe zein telebista kateetan lan egin du. Orange, Ritz, Cinfa, Sony, Heineken… bezelako bezeroentzako kanpaina handiak egin izan ditu. Animaziozko film laburrak zuzendu ditu eta telesail eta luzemetraietarako kreditu eta efektu bisual ugari diseinatu ere bai”.

Informazio osoa jasotzeko: lotura honetan.

Unai Guerraren lanaren lagin bat duzue; Iker Ayestaranen jatorrizko ilustrazioetatik abiatuta sortu zuen Unaik animazioa Donostiako Untzi Museoaren enkarguz. Polita benetan.