Guillerge, adio laguna!

Kolpe latza arratsalde honetan jaso duguna. Guillermo Gonzalez, Guillerge, marrazkilari bilbotarra, joan zaigu!

Guillerge, Parrapean Komiki Egunetan, Kortsarioen ostatua aurkezpenean

Guillerge 1971 urtean jaio zen. Animazio, ilustrazio eta komikigintzan egin du bere ibilbidea, baina gure artean, batez ere, Xabiroi aldizkarian egindako lanagatik da ezaguna. Dani Fanoren gidoia zuen Kortsarioen ostatua kaleratu zuen 2015. urtean.

Bere ibilbide artistiko zehatzago ezagutu nahi duenak, komikipediara joatea besterik ez du. Bestalde, Igor Leturiak ere elkarrizketatu zuen Guillermo (eta baita Dani Fano bera) bere e-gorblogean.

Agur Guillermo, egun handira arte!

Isaline, hirugarrena: Zakurrezko sorginkeria

Fantasiazko abentura koloretsu berri bat, jende gaztearentzat erabat pentsatua, kaleratu berri du Harriet argitaletxeak: Zakurrezko sorginkeria.

Sorginak eta gazteen kezkak uztartu egiten dira Isaline seriean. Oraingo honetan, Isaline sorgin txikia belar-dendara joan beharra dauka bere amamaren agindua betetzera, izan ere, amamak belarrak behar ditu bere edabeetarako . Frolik lagunarekin batera Isaline belar-dendara doanean, Frolik Isalinez guztiz maiteminduta dagoela jakingo dugu, eta ospatu behar den sorgin-dantzaldira gonbidatzea pentsatu duen arren, ez du ausardiarik gonbitea Isalineri luzatzeko.

Japoniar shojotik gertu dagoen komiki europearra

9-15 urte bitarteko nerabeentzat pentsatuta dagoen seriea da Isaline, batez ere emakumezko gazteak dira nagusiki egileek erakarri nahi duten publikoa. Bere ezaugarriengatik, manga estilotik gertu dagoen komikia da, eta zehatzago esateko, Shōjo izeneko mangaren adarretik gertuago oraindik. Yllia marrazkilariak eragin horren azalpenak ematen ditu: “gaztetan manga kulturaren zale bihurtu nintzen, Japoniera ikasteraino”. Beraz, askotan euskaraz mangarik ez dagoela esaten dugunean, eta zoritxarrez hala da, manga gaurko gazteek, alde handiz, gehien irakurtzen duten komiki mota delako, ba, esan dezakegu, album europearraren formatuan argitaratutako manga estilotik gertu dauden komikiak baditugula euskaraz. Adibide bat hemen duzue: Isaline.

Bamboo-Harriet harreman emankorra

Komikia jatorriz, Frantzian argitaratu zuen Bamboo argitaletxeak, eta Miel Anjel Elustondok euskaratu ditu L’Hermenier gidoigilearen testuak. 2016 hasi zen argitaletxe donostiarraren eta burgundiarraren arteko harreman emankorra, eta aurreratzean ere, aurten bertan, harreman horren fruitu berriak ezagutuko ditugu.