Sasien gainetik, Elgeta

Jacinto Rivas Sanz, Elgeta (1906-1964), trikitilari ospetsu eta mitikoaren inguruan komikia sortu dute Dani Fanok, Koldo Izagirrek eta Garlukek.   Trikiti munduan Elgetaren itzala handia izan da. Komikiaren munduan hiru egileon itzala ere, gero eta handiagoa da.

Gerra aurreko garaietan, baserri giroko erromerietara mugatuta zegoen trikitixarentzat, espazio berriak konkistatu zituen Elgetak, eta komikian islatzen den bezalaxe, trikitixaren errepertorioa beste estilo batzuetara zabaldu zuen. Igeldoko musika bandako zuzendariak, Elgeta trikitia jotzen entzutean, bineta batean esaten dituen berbak oso esanguratsuak dira: Ez da posible! Fox-trota jotzen ari da…diatonikoarekin!

Trikiti tradizionalaren errepertorioa kanpotik iritsitako erritmo berriekin aberastu zuen Elgetak

Baina Elgeta, musikaria trebea izateaz aparte , bere garaiko mugimendu sozial eta politikoetan inplikaturik ibili zen, bereziki balio aurrerakoiak defendatzen zituzten ezkerreko mugimenduetan. Elgeta komiki-pertsonaiaren izaera errebelde hori da egileek komikian gehien azpimarratzen dutena.

Gerra ostean frankistek preso hartu zuten Elgeta, eta une latzak pasarazi zizkioten. Urte gogorrak Elgetarentzat, baina baita trikitiarentzat ere. Espetxetik bueltan gazte askoren maisua bilakatu zen Jazinto. Ziurrenik, urte batzuk geroago ospetsu bihurtuko ziren Sakabi bezalako trikitilarien oroimen kolektibotik datorkio Elgetari bere ospea, eta ez utzitako grabazioengatik, bakarra gordetzen baita. Bere lanari esker, hein handi batean, ez zen trikitiaren transmisioa hautsi gerraostean, Bizkaian gertatu bide zen bezala. Hori azaltzen du behintzat bere belaunaldiko beste trikitilari bizkaitar batek, Rufino Arrolak, Andrakako Errementariak (ondorengo bideoaren 0:52 minutuan):

Komikian Jazintoren bizitzako urrats nagusiak binetaz bineta irudikatzen dituzte egileek. Ez da esan beharrik, hiru egileek, euren lana maitasunez eta maisutasunez burutu dutela, hirurak baitira, bakoitza bere ofizioan, eskarmentu handiko profesionalak. Dani Fanok erakutsi zuen bere trebezia Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak eleberri grafikoan, duda barik gure komikigintzak eman duen gailur nagusietako bat den liburuan. Daniren marrazkiak karikaturarantz joera badu ere, ez du errealismoaren bidea galtzen. Alde biak orekatzen ditu marrazki trebe eta adierazkor baten bitartez, eta oraingoan Garlukek emandako koloreak emaitza indartu baino ez du egin.

Koldo Izagirreren gidoia bikaina da, hala ere tarteka telegrafikoegia iruditu zaigu.
Komikia osotasunean ulertzeko, agian agertzen ez diren testu lagungarri batzuk beharko genituzke. Kanpoko narratzaile baten kutxa-testuak, orri-oineko oharrak edo irakurketan sortzen diren zalantzak argitzeko dossier bereziren bat. Adibidez beheko eszenaren esanahia argitzeko, Espainiako Errepublikako gobernuak dekretatutako amnistietako bat dela jakin beharko genuke (1936ko amnistia dela uste dugu), baina ez daukagu beharrezkoa den laguntzarik. Hau da, datu historiko horiek garrantzitsuak dira komikia ondo ulertzeko, komikiak alderdi sozial eta politiko horiei ere garrantzia ematen baitie, eta gertaera horiek guztiak dira Elgetaren bizitzaren atalak markatzen dituztenak.

Luzifer, Inpernugorriko tabernari ilustratua (eskoian), amnistia dekretu bati esker kartzelatik irtetzean

Bestalde, bigarren mailako pertsonaiek garrantzi berezia dute komikian, eta kontaketaren zenbait unetan Elgetaren gainetik lehen protagonistak izatera iristen dira: Txapasta, ezkerragaz olgaten zuen pelotaria; Don Francisco, pentsamolde kontserbadoreko apaiza, baina ezberdinen arteko kontziliazioa ere bilatzen zuena -pertsonaia interesgarria, on eta gaiztoen banaketa manikeotik urruntzen delako-; Akilino Amuategi, komikian zehar aldarrikatzen den figura historikoa… komikiak alde horretatik badu aberastasun nabarmen bat.

Dani Fanok, Koldo Izagirrek eta Garlukek zabaldu duten atea etorkizunean ez ixtea nahi genuke, eta gure musika-ondare aberatsa biltzen duten obra berriak ikusteko aukera izatea espero dugu. Komikia lan honetarako tresna baliagarria dela aspaldi erakutsi ziguten Robert Crumb bezalako maisu handiek.

Komikien edizioari buruzko jardunaldiak Donostian

Komiki sektorean lanean ari diren aktore ezberdinekin mahainguru bi antolatu dituzte Komikiguneko lagunek. Helburua, editore zein argitaletxeen eskutik, EHn komikia zein egoeratan dagoen aztertzea da; bai bertako produkzioa zein kanpotik ekarritakoa.

Abenduaren 14 eta 16an Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegiko Aretoan bi solasaldi izango dira. Bi solasaldiok Koldo Mitxelena Liburutegiko Aretoan burutuko dira baina streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira. Biak arratsaldeko 19:00tan izango dira.

14ean (asteartea): Harriet argitaletxeko Gregorio Muro komikigile eta editorea, eta Astiberri argitaletxeko bazkidea den Laureano Domínguez editorea izango dira protagonista.

16an (osteguna): Kodai manga argitaletxeko Aitor Sobera, Belleza Infinitaren gidari den Garikoitz Fraga eta Tupust Kolektiboko partaide Paula Estévez izango dira mahaiaren inguruan. Solasaldien aurkezle eta gidaritza lanak Inés Garcíak egingo ditu, Tobacco Days liburu-dendako arduraduna da Inés.

Azkuna Zentroak Higinia Garay hautatu du Bilbo, Angoûleme eta Quebec-eko nazioarteko komiki egoitzetan egonaldiez gozatzeko.

Azkuna Zentroa, La Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L’image (Angoulême) eta La Maison de la Litterature (Quebec) zentruen artean sinatutako hitzarmen batek komikigileen arteko topaketak eta egonaldiak ahalbidetuko ditu. Horrela, hiru lagunentzako egoitza gurutzatuak lortu dituzte Marine des Mazeryk (Angoûleme), Jimmy Beaulieurek (Quebec) eta Higinia Garay bilbotarrak. Aurtengoa da programa honen lehen edizioa eta gai honen inguruan azalpen luzeagoak aurkituko dituzue Bilboko Udaleko Webgunean. Gure aldetik, zorionik beroena hirurei!