Komikiak aztertzeko gida aurkeztu dute

Komiki formatua duen gida bat aurkeztu dute, hau da, komikia aztertzen duen komiki bat aurkeztu dute. Josean Morlesin izan da ilustrazioak egiteko ardura izan duena, eta berarekin izan gara.

Lana jatorriz ingelesez argitaratu zuen Oxfordeko Unibertsitateak, orain euskaraz EHUk kaleratu du, LAIDA ikerketa-taldearen babesarekin. Egileak Enrique del Rey Cabero, Michael Goodrum eta Josean bera izan dira. Baina erakunde akademiko batetik sortutako lana izan arren, aldez aurretik uste baino entretenigarriagoa da. Ez da komikiaren gaineko txosten astun bat, komikia gaia duen komiki bat baizik. Hala, bederatzigarren artearen alde ezberdinak aztertzen dira binetaz bineta: komikien hizkuntza, komiki ekoizpena, komiki formatuak…

Beraz komiki lengoaiaren ikerketarako baliabide berri bat dugu esku artean, eta esan behar, gure hizkuntzan baliabide hauek nahiko urriak izan direla orain arte.

Josean Morlesin, ilustrazioen egilea

Enrike Larrarte, Habeko Mik-en sustatzailea, zendu zen

Erabat oharkabean pasa zaigun heriotza baten berri eman nahi dizuegu gaur Komikeritik. Luterl Elkartekoek gogorarazi digutenez, 2020ko azaroan Habeko Mik aldizkariaren fundatzailea, Enrike Larrarte, hil zen. Haiek esan bezala “Euskal komikigintzan izkutuko lana egiten dutenetako bat izan zen”.

Enrike Larrarte Arregi (1945-2020), Habeko Mik aldizkariaren sortzailea

Enrike Larrarte marrazkilaria izateaz aparte -adibidez, 1978-79 urteetan Zeruko Argian astero marraztu zuen-, Habeko Mik aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile nagusia izan zen. Luterlko lagunek egindakoa izango da seguruenik Enrike Larrarteri egin zaion elkarrizketa bakarra –Globho fanzinaren 12. zenbakian argitaratu zen-. Bertan, Habeko Miken jaiotzaren eta mantentzearen gakoak azaltzen dira, eta, beraz, aldizkari horren sorrera eta garapena ulertzeko funtsezko testigantza da. Eta gai honen inguruan gehiago sakondu nahi duenak Juan Manuel Diaz de Gereñuk egin zuen ikerketa sakon eta zabalera jo dezake: Habeko Mik (1982-1991), euskal komiki ahalegina.