Fanzinaren bultzatzailea eta egile nagusia (eta bakarra), HamarHatzHandi goitizenagaz sinatzen duen autorea dugu, Hala ere, zero eta hirugarren zenbakietan bi lagunek egindako hitzaurrea zabaltzen dute aldizkaria.
Komikilari bezala aurretik zenbait gauza eginak ditu ere. HamarHatzHandi ezizena Gallina Vasca aldizkarian erabili zuen lehenengoz. Bertan, kontraazaleko tira marrazten du, euskaraz. Bestalde, TMEO aldizkariak antolaturiko azken komiki lehiaketan akzesit bat irabazia du ere.
Baztanga Eroa komiki fanzinea proiektu pertsonal bat bezala deskribatu du Hamar Hatz Handik Komikeriri emandako azalpenetan. “Nolabait momentuan nahi dudana marraztu ahal izateko euskarria. Zenbaki bakoitzak ildo ezberdina du, eta horrela gai edo eremu ezberdinetan esperimentatzeko aukera ematen dit” kontatzen digu HHHk .
Baztanga Eroaren zabalkundeari dagokionez, paperean 100 kopia banatzen dira doan taberna zein liburudenda batzutan, eta baita internet bidez pdf eta Cdr formatuetan. “Ez dut uste kuantitatiboki arrakasta handirik lortu duenik, baina helburua ez da sekula hori izan. Lan honek pertsonalki asko asetzen nau eta gainera jende asko ezagutu dut honen aitzakian” .
Beraz, proiektuarekin segitzeko duen gogo sendoagatik, bere burugogorkeriagatik, Hamar Hatz Handiri hamarrekoa baino bostekoa eman behar diogu. “Aurrera eramateko behar den bakarra motibazioa dela uste dut (azpiegitura minimo batez aparte), eta motibazioa dagoen bitartean proiektuak aurrera jarraituko du”. Horrela izan dadila.
Paperezko edizioa lortzeko hemen dituzue helbide batzuk:
La Hormiga Atómica liburudenda (Curia 4,Iruñea)
Anti liburudenda (Maiatzaren biko kalea 2, Bilbo)
Aldoka-Maldoka taberna (Mahasterreka kalea 7, Bergara)
Kaxilda liburudenda (Easo plaza 2, Donostia)