Sortzez Pasaitarra, bere bizitza gehiena Donostian eman bazuen ere. Nobela, poesia eta antzerkia idatzi zuen, inprimatzailea zen lanbidez, “Donostiako Legazpi kaleko bosgarrenean izan zuen bizilekua eta lantegia; urte batzuk geroago, Pio Baroja bizi izango zen etxe berean. Inprimategiko tresneria mugitzeko astoa zerabilen barrunbeheko patioan jira-bueltaka, Rosita izeneko asto emea” Guretzat baina, batez ere euskal komikiaren aita edo aitzindaria izateagatik aipatzen dugu hemen Biktoriano.
Bere lehen irudiak El Thun Thun – Semanario Koshkero (1894) aldizkariarentzat marraztu zituen XIX. azken hamarkadan eta baita Baserritarra: probintziako ganaduen terramako albistaria hamabostekarian 1907. urtetik aurrera argitaratu zituen bere istoriotxoak.
El Thun thun aldizkarian 1894ko abuztuaren 5ean agertu zen tira da gaur egun euskarazko lehen komikia aditu gehienen arabera.
Hemen irudiak kateatu egiten dira istorio labur bat osatzeko. Globoak oraindik agertzen ez diren arren, hau da azken batean komiki baten ezaugarri nagusia, marrazki-istorioa izatea. Globoak zein beste hainbat elementu berri Ameriketako komikigintzatik helduko dira Europara, baina askoz beranduago.
Biktoriano Iraolaren garaitik hona gauza bat ere ez da aldatu. Oraindik ere idatzizko prentsa da gaur euskal komikigintzat sostengu nagusia.