3, 2, 1… Getxo!!

Ostiral honetan Getxoko Komiki Azokaren edizio berri bat ospatuko da, hamazazpigarren edizioa izango da aurtengo.  Urriaren 19tik 21era binetaren munduaren zerikusia daukaten liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako karpan.

Camille Jourdy, Jason Lutes, Javier Pulido edo Nazario bezalako atzerriko gonbidatu ospetsuak izango ditugu bertan. Azpimarratzekoa  Nazario komikigile espainiarrak jasoko duen omenaldia. Kontrakulturaren bide bihurgunetsuetan barrena ibilitako egile handia dugu Nazario.  

Baina lerroburuetan, ez dakigu zergatik, agertzen ez diren egileak ere izango dira Getxon. Lerroburuetan ez, baina Getxoko Komiki Azoka azken urteetan gehien auspotzen duten egileak berriro ere Xabiroi standaren inguruan bilduko dira.

Urtero legez Dani Fano arduratuko da Ikastolen Elkarteak sostengatzen duen standaren antolaketa lanarekin. Dani Fanoren jarraitzaileek badute aurten gainera pozteko beste arrazoi bat,  inoiz osatu duen lanik borobil eta mardulenarekin baitator Getxoko plazara, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Xabiroi edo liburuaren editorea izan den Astiberri argitaletxeko mahaietan erosteko aukera izango duzue.

Udazkeneko bigarren nobedade galant bat argitaratzen du Xabiroik, Haur Besoetakoa saileko bigarren albuma: Paristik datorren artista. Egileetariko bat larunbatean eta baita igandean sinatzen izango duzue Xabiroieneko standean, Sanvi marrazkilaria hain zuzen. Belatz ilustratzaileak Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza biltzen duen eleberri grafikoarekin parajetuko da Getxora.  Aurtengo nobedade arrakastatsuenetako bat izanik larunbatean izango duzue egun osoz Getxoko standean.

Bestalde Asiskok inprentan liburu berri bat prest duen arren, AztiHitzak,  ez du lortu Getxoko azokara garaiz heltzea (kontuan hartu behar Getxoko azokaren datak aurreratu izanaren ondorioetako bat hau dela) baina  Durangokorako bai ziurtatu duela iruindarrak bere presentzia.

Eta Getxoko azokarekin jarraituz han izango dira ere Julen Ribas Guillermo Gonzalez, Adur Larrea, Iñaki Holgado, Zaldieroa… gure komikigintzaren ordezkaritza bikainena eta arkatzak zorrotz liburuak sinatzeko prest izango dira guztiak beti bezala Xabiroiko standean (hemen behean dituzue sinatze txandak).

Harriet argitaletxea ere, prest izango da aurretik Komikerin iragarri genituen liburu berriekin. Kalean dira Tomoë, Hasiera berri bat eta Mutuaren hitza.  (Atxikituriko loturan aurkitu dituzue xehetasun gehiago).

TOMOE T 1 EUSKERA.indd

Azkenik, aurten zoritxarrez Luterl taldeko lagunek, agenda arazoak tarteko, standik jarriko ez dutela azaldu digute, baina bertatik bisitan behintzat pasatuko direla ziurtatu dute.

 

 

Advertisements

Askatasuneko binetak

IRUÑEAKO KARTZELAKO PRESOAK SORTUTAKO KOMIKIEN ERAKUSKETA:

Datorren maiatzaren 10erarte. Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan Iruñeako kartzelako presoak sortutako komikien erakusketa bat daukazue ikusgai. Proiektua 2014ko irailean gauzatzen da, TIZA elkarteak antolatzen duen V. Nafarroako Komiki Azokaren esparruan, komikigintzaren bidez jendartea eta Iruñeako espetxeko presoen artean zubiak eraikitzeko nahiarekin. TIZA, Nafarroako Komikiren Sustapenerako Elkarteak, kulturarekin harremantzeko zailtasunak dituzten kolektiboeekin lan egiten du.

Komiki Lantegia Mikel Santos “Belatz” marrazkilari nafarrak, 2014ko ekainean eskaini zuen, presoen jarduera sortzaileari laguntzeko, beraien autoestimua indartzeko, beraiek sortutako istorioak kartzela barrutik eskaintzeko eta kaleko jendearekin elkar eragina lortzeko helburuekin. Komikia tresna oso egokia baita horretarako. Parte-muestra-Vinetas-libertad-Belatz_EDIIMA20140910_0870_15

Ikastaroko partaideak 15 izan ziren, horietako 2 emakumeak. Erakusketan 9 komiki daude ikusgai, 11 presoen artean burututakoak. besteek kartzelako bizimodua dela medio ezin izanzuten amaitu lanak. Ekimena nola bizi izan zuen azaltzeko, Mikel Santos “Belatz” ikastaroaren emaleak propio sortutako 4 orrialdeko komikia gehitu da.

 Mikel Santos “BELATZ” (IRUÑEA, 1974), marrazkilaria, diseinugilea eta komikilaria DA. Komikigintzan humore grafikoa eta komikiak aldizkari edota egunkari desberdinetan argitaratu ditu, besteak beste; Diario ADN, IBAIALDE, Nueva Gestión Empresarial, eta AXULAR aldizkaria. 2005ean Iruñeako Udaletxearen “Iruña zu zeu, gu geu” kanpainarentzat,  euskarri desberdinetan azaldu ziren marrazkiak egin zituen. Nafarroako Gobernuarentzat, 2008ko Liburuaren Eguneko kartela egin zuen.

2012ko emaitza zuzentzen: 3 + 1

Aurreko post-arekin lotutako ohartxu bat heldu zaigu. 2012ko euskaraz argitaratu zen produkzioari badago gehitzeko titulu berri bat. Lege Gordailuaren data 2011koa izan arren “1212-1512-2012 Nafarroa. Abentura bat hiru garaitan” liburua 2012 urtean zabaltzeko pentsatua izan zen. Eta hala egin zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak Nafarroako eskoletan.

© Mikel Santos "Belatz" eta Nafarroako Gobernua

Gidoia eta irudiak Mikel Santos “Belatz” ilustratzailearen eskutik joan dira, kolorearen ardura Ander Zaraterena izan den bitartean. 44 orrialdeko komiki honen atarian bigarren ohartxo bat ere agertzen da: gidoiaren berrikuspena Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak egin zuen.

Gure aldetik azpimarratu besterik ez dugu egingo Belatzek eta Anderrek burutu duten lan bikaina. Eta esandakoa egiaztatu nahi duenak komikia deskargatzea besterik ez dauka