Lehen euskal komiki tira

Euskal komikiaren aita edo aitxitxea edo aitzindaria, Biktoriano Iraola dugu. Sortzez pasaitarra, bere bizitza gehiena Donostian eman bazuen ere. Nobela, poesia eta antzerkia idatzi zuen baina inprimatzailea zen lanbidez. Donostiako Legazpi kaleko bosgarrenean izan zuen bizilekua eta baita lantegia ere; urte batzuk geroago, Pio Baroja bizi izango zen etxe berean. Inprimategiko tresneria mugitzeko Rosita izeneko asto eme bat zerabilen patioan jira-bueltaka.

Bere lehen irudiak El Thun Thun – Semanario Koshkero (1894) aldizkariarentzat marraztu zituen XIX. azken hamarkadan eta baita Baserritarra: probintziako ganaduen terramako albistaria hamabostekarian geroago, 1907. urtetik aurrera.

El Thun thun aldizkarian 1894ko abuztuaren 5ean agertu zen marrazki tira hau da gaur egun  aditu gehienentzat  lehen euskal komikiaren adibide garbia.

0014

Hemen irudiak kateatu egiten dira istorio labur bat osatzeko, globoak oraindik agertzen ez diren arren. Marrazki-istorio bat, azken batean hau da komiki baten ezaugarri nagusia. Globoak zein beste hainbat elementu berri Ameriketako komikigintzatik helduko dira Europara, baina hori askoz beranduago izango da.

Amaitzeko, Biktoriano Iraolaren garaitik hona aldatu ez den gauza bat aipa dezakegu. Idatzizko prentsa da gaur egun ere euskal komikigintzaren sostengu  nagusia.

 

 

Advertisements