Indiara bidaia komikiak Ezekiel Etxebarria saria irabazi du

Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura sariak irabazlea du, Marc Armspach, Marko. Marrazkilari lapurtarrak lortu du aurtengo XII. edizioa Indiara bidaia izeneko komiki liburuarekin.

Ermuko liburutegian euskaraz gehien irakurritako liburuaren egilea saritu egiten da Ezekiel Etxebarria izeneko sariaren bitartez. Liburuaren egilea omentzeaz gain, liburutegiko irakurleek zeharka sari bat ematen dute. Irakurleen eta idazlearen arteko loturak sendotzeko modu interesgarri bat da.

MARKO (Ermuko Udalaren webetik hartutako irudia)

Indiara bidaia Harriet argitaletxeak kaleratu zuen 2016. urtean. Jatorrizko edizioa, frantsesez, Bamboo etxeak kaleratu zuen eta Harriet argitaletxeak euskarara itzuli zuen liburua, atzerriko merkatuetan komikiak argitaratzen dituzten euskal autoreak berreskuratzeko maiz duen politikari jarraituz. Komikiak arrakasta handia izan du, salmenten aldetik, sari honek ondo erakusten duen bezala. Badira Harrieten katalogoan Markoren beste komiki batzuk ere:

Txinara bidaia / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko

Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko ; margoak, Maëla Cosson

Neska hura hegan hasi zen eguna / gidoia, Beka ; marrazkiak, Marko

Liburu guztietan Marko da alde grafikoaren arduraduna, Escaich Bertrand eta Caroline Roques bestalde, gidoiak sinatzen dituzte Beka izenpean.

© Harriet Ediciones

Marko Uztaritzen bizi den marrazkilari profesionala da, duela 30 urtetik, eta hainbat liburu eta komiki sortu ditu dagoeneko bai euskaraz eta frantsesez.