Hollywoodeko film eta telesailetan euskaldunek izan duten presentzia ezaguna dugu telebistan ikusitako erreportaia batzuei esker eta baita Oscar Alvarez historialariak aurrera daroan ikerketagatik ere. «Artzain, pilotari, eta terrorista gisa agertu gara Hollywooden urte hauetan guztietan», dio Berriak argitaratutako elkarrizketa batean.
Guk dakigularik komikien alorrean antzeko ikerketarik ez da inoiz burutu, eta hori, sarritan ez baina bai noizbehinka, euskaldunok agertzen garela han hemenka hainbat liburutako binetetan barreiaturik.
Komikeriren helburuen artean erdal komikigintza zuzenean aztertzea ez badago ere, batzuetan komikietan kuskuseatzeko aitzakiak bilatzen ditugu eta hau primerako aitzakia izan daiteke. Euskaldunen aipamenak bilatu, eta emaitzak blog honetan aurkeztera goaz apurka-apurka, agian akaso Oscar Alvarezen moduko batentzat egunen batean “Euskaldunak komikigintzan” tituludun ikerketa mardul bat burutzeko lagungarria izango dena. Bilaketa honetarako laguntzak oso ondo etorriak izango dira, eta gogorik baduzu bidal ditzakezu zure “aurkikuntzak” gure blogera, edo baita gure korreora: gureerroak@gmail.com .
1. TARDI-VAUTRIN “Le Cri du people” “Hitza hitz” inskripzioa duen euskal makila. “Hitza hitz” komiki luze honetako lelo nagusia. Tardiren maisu lan guztiak sekulakoak izanda ere, lau alez osaturiko hau , zalantza barik, bere gorenetako lanen artean koka dezakegu. Eta hori esatea eta komikigintzaren historia osoaren lehenengo lerrora igotzea ere bada.
2.HERMANN -YVES H. “Bois Maury 15: Oeil de ciel” (Glenat) (Norma)- XVI. mendean gaude. Yucataneko ohian itxian. Bois-Maury-ko leinuko jaun batek, Hermannek 1985ean asmatuzuten pertsonairen oinordekoetariko bat, Espainiar Koroarekin lotutako espedizio batekin egin du topo. Bois-Maury-ko jaun ausartak indiarren, espainolen eta euskaldun baten kontra egingo du borroka. Guztien gainetik gailentzen da.
Hauen artean Olazabal izeneko morroia aurkitzen da. Olazabal, Agirre pertsonai historikoaren zantzu nabarmenak dituen pertsonaia.
Yves H. gidoilaria, Hermannen semea alegia, malezia gehiegirik gabe, euskal deitura egoki baten bila, interneteko kirol orrietan ibili dela suposatu dezakegu.