Azkuna Zentroak Higinia Garay hautatu du Bilbo, Angoûleme eta Quebec-eko nazioarteko komiki egoitzetan egonaldiez gozatzeko.

Azkuna Zentroa, La Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L’image (Angoulême) eta La Maison de la Litterature (Quebec) zentruen artean sinatutako hitzarmen batek komikigileen arteko topaketak eta egonaldiak ahalbidetuko ditu. Horrela, hiru lagunentzako egoitza gurutzatuak lortu dituzte Marine des Mazeryk (Angoûleme), Jimmy Beaulieurek (Quebec) eta Higinia Garay bilbotarrak. Aurtengoa da programa honen lehen edizioa eta gai honen inguruan azalpen luzeagoak aurkituko dituzue Bilboko Udaleko Webgunean. Gure aldetik, zorionik beroena hirurei!

Bizkaiko txakolina eta komikia uztartzen dituen ekimena sortu da: Txakomic

Bakioko Txakolingunea, Leioako Mendibile jauregia eta Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkartearen bultzadaz sortu da Txakomic proiektua, ustez elkarrengandik urrun dauden bi diziplina, txakolina eta komikia, uztartzeko.

Txakomic-ek bi zutabe nagusi izango ditu: Jarduerak (Txakolin Museoan eta Mendibile Jauregian) eta komiki argitalpenak, digitalean lehenago, paperean geroago.

Jardunaldien kartela Gastonek egin du

JARDUERAK, TXAKOLINGUNEAN ETA MENDIBILEN: Ekainaren lehenengo bi asteburuetan, Bakioko Txakolingunea Museoa eta Mendibile Jauregia elkargune bilakatuko dira, txakolina eta euskal komikigintza protagonista izan daitezen.  Ekainaren 4tik 13ra Bakioko Txakolingunean eta Mendibile-Leioan egingo diren jardueretan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aldez aurretik esteka honetan: https://www.uribe.eu/ms/

BI HILABETERO KOMIKIA: Bizkaiko zazpi sortzailek zazpi komiki sortuko dituzte, txakolinari buruzko istorioak ezagutarazteko. Argitaratu den lehen istorioa Higinia Garay ilustratzaileak eta Mikel Begoñak ondu dute: Parraren itzalpean.

Parraren itzalpean komikia irakurri nahi baduzu klikatu irudian.

Komikiak digitalean argitaratuko dira, eta azkenik bilduma liburu formatuan argitaratuko da 2022an.

TXAKOLINAREN HISTORIA KOMIKIAN: 2022an txakolinaren historia eta ibilbidea jasoko duen komiki-liburua argitaratzea aurreikusten da.