“Basolatik berri onik ez” komikiari soinu-banda bat jarri behar balitzaio, ez litzateke izango, ez, Benitoren Orbaizetako arma olaren kantua, Orbaizetako fabrikan oinarrituta egon arren komikian agertzen den arma-ola. Samurregia da kanta gabiaren erritmoan, Traunku! Traunku!, sortutako komikiarentzat.
Komikiak Trash erritmoa baitauka, abiadura, bizkor doa istorioaren emaria, kolpez-kolpe, irudiz-irudi. Joseba Larratxeren marrazkiak bizi eta adierazgarriak dira, baina era berean, xehetasun txikienak ere jasotzeko gaitasuna daukate haren irudiek, marrazkiaz aparte koloreen ahalmena ere trebeki baitarabil; adibidez, sendatzaileak medikuaren zauria ixteko kakalardoaren pintzak erabiltzen dituen binetetan.
Asiskoren gidoia irudikatzea ez zen erraza izango, ez, oso konkretua baita alde batetik, Orbaizetako ola marraztu beharra, eta errealismotik gertu ibili beharra zegoen, baina, bestalde, gidoia oso irudimentsua ere bada. Asiskok euskal-mitologi berri bat asmatu baitu komiki honetarako propio. Zaila, baina behin emaitza ikusita, ez da dudarik, Asisko eta Josevisky-ren arteko elkarlana guztiz emankorra izan dela.
Zorionez gure komikigintzaren gaurko panoraman adin guztietarako egokiak diren gero eta komiki gehiago aurkitzen ditugu; baita ume eta gazteentzat ere. Artikulu honetan 2010-2020 urteen arteko gazte eta umeentzat komikiak aztertzen ditugu.
Irakurle beteranoenek gogoratuko duzue aspaldian komikiak, tebeoak, haurrentzako produktutzat jotzen zirela. Tebeoa, Hego Euskal Herrian zabaldu zen izendapena da, komiki-aldizkaritxo xume eta merke bat izendatzeko erabiltzen zena, gure haurtzaroan edozein herriko kioskoan ogerleko baten truke eros zitekeena. Egungo tebeoaren oinordekoak Xabiroieta Irria aldizkariak bihurtu dira. Baina orduko argitalpenen aldean kalitate askoz handiagoarekin inprimatzen dira gaurkoak; eta orduan baino askoz gehiago zaintzen da egileen autoretza. Gainera, Xabiroi aldizkariaren kasuan, aldizkaria album formako lan luzeagoak publikatzeko plataforma ere izan daiteke (hauxe izan zen bere garaian Tintin, Spirou,Pilote eta beste aldizkari franko-belgikarrak komikiak kaleratzeko estrategia) .
2006tik Xabiroi euskal komikigintzaren zutabeetariko bat da
Irria, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria
Tebeoetatik eleberri grafikoetara
Euskaraz, Pan-pin, eta ondoren, Kili-kili eta Ipurbeltz tebeoek izan zuten berebiziko garrantzia. Baina 90eko hamarkadaren ondotik, ohiko komikigintzaren gainbehera heldu zen. 90. hamarkadaren bukaeran nazioarte mailan irakurle helduarentzat sortutako produktu “serioa” bihurtu zen komikia, nobela grafikoaren izenpean; komikigintza berriaren olatua atzerapenarekin Euskal Herrira ere heldu zen. Ordurako komikigintzak erabat galdua zuen irakurlego gaztearen estimua; ume eta nerabeak askoz interesatuago baitzeuden bideojokoetan, kontsoletan eta antzeko produktuetan.
Tebeotik eleberri grafikora, azken hamarkadetan komikigintzak izan duen bilakaera; haur-irakurleetatik irakurle helduetara… baina oraindik ere, zorionez, badute haur eta gazteek zer irakurri….
Arian-arian , haur-gazteentzako komikiek medioaren etorkizunerako hain garrantzitsua den espazioa berreskuratzen ari dira, 2015 urtetik aurrera, batez ere. Banan-banan, eta alfabetikoki ordenaturik, beherago aurkezten ditugu berpizte horren “errudunak” nortzuk izan diren.
Bilboko argitaletxeak baditu lehen irakurleentzat oso egokiak diren komikiak. Azpimarratzekoa da Waluk seriea. Waluk, klima aldaketara egokitzen ikasi duen hartz polarra da. Istorio samurrak dira Emilio Ruizek sortu dituenak, eta Ana Mirallesek, akuarela teknika trebea ezin baino hobea erabiliz, irudi zoragarrietan moldatu dituenak. Hiru ale argitaratu dira dagoeneko.
Waluk, klima aldaketaren arazoa umeei hurbiltzen dien hartz polarra
Aurten gainera, Astiberrik Txikiberri izeneko bilduma jarri du martxan. Etxeko txikientzat aproposak diren komikiak, katalanetik, galizieratik eta frantsesetik itzultzeari ekin dio, eta ondorengo komiki-serie ezberdinen lehen zenbakiak argitaratu dituzte: Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia, Uxio eta Claude eta Morino 1. Madarikazioa.
Bartzelonako argitaletxeak Super Patata izeneko seriea argitaratzeari ekin zion duela bi urte, eta dagoeneko serieak hamar titulu argitaratu ditu. Zein baino zein dibertigarriagoak dira Super Patataren abenturak. Lehen irakurleentzat guztiz gomendagarria da seriea, irakurtzeko erraza baita, eta komikiaren egileak, Artur Laperlak, trebeki erabiltzen dakielako marra-arineko irudiak, gainezka egiten dion irudimenak sortarazten diona islatzeko. Serie osoa gure artean aparteko arrakasta izaten ari da.
Super Patata, Super Arrakastatsua, hile honen bukaeran 10. alearekin borobilduko dute seriea
Euskal egunkaria gure egungo komikigintzaren hiru izar handiren babeslekua da: Antton Olariaga; Patxi Huarte, Zaldieroa ; eta Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin. Lehenengo biek tira komikoaren formatua lantzen dute egunero, Zakilixut eta De Rerum Natura izeneko komiki-sail beteranoetan. Hirugarrenak, Mattinek, Belardo pertsonaiaren istorioak marrazten ditu larunbatero Mantangorri gehigarrian, lehenago Euskaldunon Egunkarian agertu zen (Espainiako “justiziak” komunikabidea itxiarazi zuen arte). Belar-meta bat Belardo izanik, Berriak liburu batean”enfardatu” du: Belardo, ba al zatoz?
Belardo, Mantangorriko orrietatik, liburu batean bizitzera pasatu den belar-meta.
Urnietako argitaletxeak haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko adin-tarterako interesgarriak diran hainbat izenburu kaleratu ditu dagoeneko; gehienak Frantzian izandako arrakastaren bermearekin euskarara ekarriak izan dira; eta ez da dudarik, gazteentzat erakargarriak abenturazko edo amodiozko kontakizunak izaten direla gehienetan. Halakoak dira Harald eta Ignir-en altxorra , Isaline: sukaldaritzako sorginkeria, Isaline: Sorginkeri izoztua, Inoiz ez … azken titulu hau, adibidez, Bruno Duhamel komikigilearena dugu. Herriko politikariei, eta baita naturen indarrei, aurre egiteko gai den amama zahar eta itsuaren parabola interesgarria. Urtea bukatzeko, Brunoren azken lana kaleratu du argitaletxeak: #Kontaktuberria.
Baina ezinbesteko liburua, gure ustez, Elefantearen tristura da. Barru-barrura iristen den istorioa, batzuetan gazia, besteetan gozoa, momentu oro sentikorra edo lazgarria; baina, era berean, mezu itxaropentsu eta baikor bat usten digun kontakizuna ere bada. Alderdi grafikotik azterturik, Nina Jacqmin, belgikar marrazkilari gaztearen lana bikaina da. Ikatz-teknika erabiliz, eta koloreei dagokienez, urdinera eta gorrira mugatuz, goibeltasun giro batean biltzen du istorioa. Gure ustez, hamarkadako izenbururik aipagarrienetako bat hauxe da.
Elefantearen tristura, Nicolas Antona eta Nina Jacqminen lan zoragarria
Derrigorrez aipatu behar dugu Ipurbeltzen garaietako Miguel Berzosa donostiarraren Mintxo pertsonaia, Harriet argitaletxeak berreskuratu duena. Gaurko umeen artean orduan bezain arrakastatsua izaten segitzen duen umorez betetako liburua. Bruguera etxearen ikutua dute Berzosaren istorioak, baina Mintxoren patua ez da, Bruguera pertsonaien kasuan bezala, aldez aurretik erabakita izaten. Mintxo herrikoia, kuxkuxero eta atsegina dugu, gauzak ondo ateratzen zaizkio batzuetan, beste batzuetan, ordea, ez hainbeste.
Eta aipatu behar da, nola ez, euskal zientzia-fikzioaren generoaren ikur handienetako bat dena, gaurkotu ondoren, berriz ere plazaratua izan zena 2016an, Jon eta Mirka. Komikia nerabezaroaren aurreko irakurleei zuzenduta dagoen arren, duen kalitateagatik edozein adinetako irakurleek gozatzeko modukoa da. Harrieten gidoiaren fantasia, Daniel Redondoren marrazki fina eta zehatzarekin bikain uztartzen dira; seguruenik marrazkilari donostiarraren lan aipagarrienetako bat hauxe da.
Harriet argitaletxearen katalogo anitza da, baina nerabeei eta gazteei zuzendutako irakurketak dira nagusi.
Jordi Bayarri egile valentziarra zientzialari ezberdinen bizitzak komikiratzeari ekin zion duela urte batzuk, 2012an zehazki, Galileo Galileiren bizitza komikira eraman zuenean. Euskaraz 2015ean kaleratu zen IkasElkaren eskutik, eta ordurik hona, badira beste sei liburu ondorengo urteetan argitaratuak izan direnak. Galileoren ostean Newton etorri zen, gero Marie Curie, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia. Jordi Bayarriren estiloa arina eta umoretsua izan arren, umeen irakurketarako egokia, ez da horregatik historia eta zientziaren zehaztasunetik urruntzen.
Jordi Bayarri, zientzialarien biografietan espezializatu den autorea
(Luterl taldea)
Euskoman: Izan ala ez izan, komikia 2014ean kaleratu zuen Ondarruko Luterl taldeak. Ioni Artetxe da gidoiaren arduraduna eta Kaiet Bengoetxea marrazkia eta kolorearena, bere aldetik. Superman heroi antiheroikoaren binetak jatorriz Mantangorrin, Berriako gehiagarrian, argitaratu ziren.
(Turko comics)
Buyan komikia euskaraz argitaratzeko, komikiaren egileek Turko Comics izeneko zigilua sortu zuten, eta horrela, 2019an Buyan komikiaren euskarazko edizioa kaleratu zuten. Aritz Truebak irudietara eraman zuen Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzitako gidoia. Hirurok komiki sendo eta borobil bat osatu dute, abenturaz eta emozioz josirikoa. Fantasia, mitoak eta historia dira Buyan eraikitzeko erabilitako osagai nagusiak; eta noski, eraikinaren porlana Aritzen marra garbiko estilo bizi eta dotorea izan da.
Buyan, kutsu mitologiko duten ezpata-abenturak
Pendulu baten erregulartasunarekin, urtero-urtero album eder bat uzten joan zaigu Ikastolen Elkartearen babesa duen Xabiroi aldizkariak. Badira 14 urte aldizkaria sortu zela, eta badira 13 kaleratu dituzten albumak. Behean zerrendaturik amaitzear dagoen hamarkadan plazaratu direnak. Gazte, ikasle zein ikasleen gurasoei interesa lekizkiekeen komikiak dira. Gidoiaren eta marrazkiaren kalitatea duten lanak dira, Xabiroi inguruan Euskal Herriko lehen mailako egileak biltzen baitira. Kaleratu berri den azken-azkena, Asisko eta Joseviskyk osatutako bikote artistikoaren lana dugu, Basolatik berri onik ez .
Arian-arian, komiki ondare garrantzitsu bat sortu du Xabiroik
Tupust! Donostian sortutako Euskal Herriko komikigileen kolektibo feminista da. Haien lanak euskaraz sortzeko asmoa dute eta kolektiboaren lehen emaitza Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin kaleratu duten Ni izeneko liburua da. 20 egile parte hartu dute komiki horretan: Irati Eguren, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte & Josevisky Larratxe, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Irati F.G. & Regina Salcedo, Nerea Unanua & Amaia Lekunberri, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Axpi, Eider Eibar & Miren Amuriza, Leire Urbeltz & Hedoi Etxarte.
Komikiaren aurkezpena Donostiako Komikigunean izango da martxoak 25ean eta leku berean komikiaren erakusketa zabalik izango da 29ra arte.
Amaitu ziran ‘Parrapean-Komiki Egunak’. Euskal Komikigintzan espezializatu den jaialdi honen hirugarren edizioa pasadan urriaren azken astean burutu zen Begoñako eta Santutxuko hainbat lekutan. Erakusketak, omenaldiak, liburu aurkezpenak eta zuzeneko emanaldiak ez ziran falta.
Komiki egunen Laburpen modura ondorengo bideoa argitaratu da
Ardatz bi izan ditu aurtengo Parrapean jaialdiak. Bat Antton Olariaga.Ilustratzaile handia Bilbon omendua izan da. Bere komikigintzan egin duen ibilbidea errepasatzen duen Marra eta Hitzaerakusketaren antolatu zen Begoñako liburutegia. Aurtengo Joseph Caminosaria berak jaso du ere.
Bigarren ardatza, Kataluniako komikigintza izan zen. Mahai-inguru bat antolatu zen urriaren 28an Santutxuko Udaltegian. Merçe Canela, Cavall Forteko zuzendaria eta Cristina Losantos eta Oriol Garcia komikigileak, elkarrizketa luzeanaritu ziran Xabiroiko zuzendaria den Dani Fanorekin. Ekitaldia zuzentzen Igor Leturia komiki aditua primeran ibili zen. Ideia eta esperientzia truke emankorra izan zen duda barik.
Bilboko Casal Bilbaoko lagunek, arratsaldea girotu zuten Karmelo plazan egindako Castanyadarekin.
Euskal komiki aurkezpenak ere izan ziran: Harkaitz Canoeta Iñaki Holgadok “Museo bilduma”.Gregorio Muro“Harriet”ek eta Daniel Redondok “Ion eta Mirka” , 80. hamarkadan kaleratutako komikiaren berrargitarapena, orain Harriet edicionesen eskutik kaleratu da. Ion Iñaki Artetxe izan zen liburu honen aurkezle bikaina, eta baita geroago aurkeztu zen liburuarena ere, S.O.S Lusitaniarena. Kasu honetan, Parrapean jaialdira Patrice Ordas,komikiaren gidoigilea, bretainiatik heldu zen zuzenean Santutxura komikia aurkeztera.
‘Wanne – Eickel Martutene’izeneko erakusketak Marlene Krauseeta IrkusZeberioren lanak Bilbora ekarri zituen. Erakusketa Begoñako liburutegian emandako tailerrarekin osatu zuten: ‘Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean’ . Bidebarrietako liburutegian “Komikiak gerra zibilean”erakusketa antolatu zen.
Urtez-urte indar gehiago hartzen duen euskal komiki merkatua ere Karmelo plazan izan zen.
Komiki Egunak La Nube pubean bukatu ziren. Bertan 4 komikigile aurrez aurre jarri ziren marrazketa dema interesgarrian. Axpi, Josevisky, Oriol Garcia eta Sussana Garcia.
Zuzeneko ekitaldiaren ostean, publikoa gehiagoren zai geratu zen. Baina hori, behar bada, datorren urtean izango da, Parrapean komiki egunen IV edizioan.
Josevisky (Joseba Larratxe Berazadi) Gaztezulo aldizkarian hilabetero eta 2015 urtean zehar, leku bat izango du bere istorio bitxi-psikodelikoak argitaratzeko. Sailaren lehen alea Aingurak – edo Zer hartu Ontzitik Itsasoa Harri Bihurtzen Bada, izenburupean agertu da.
Komikia: mugimendu ikusezina, Komikiaren hizkuntza ezagutu, ulertu eta menperatzeko ikastaroa eskainiko digu Joseba Larratxe Berazadik, Joseviskyk, Tolosako liburutegian.
“Komikia boladan datorren espresio modu artistikoa dela jakina da, baina zergatik? Non egon da ezkutatuta orain arte? Zeintzuk dira bere narrazio tresnak eta nola eraikitzen da komiki bat? Galdera guzti hauen erantzunak jorratuko ditugu modu teoriko zein praktikoan KOMIKIA: MUGIMENDU IKUSEZINA ikastaroan”.
Urriaren 6an hasita 2 hilabetez, astelehenero 18:00etatik 20:00etara, TOLOSAKO LIBURUTEGIAN. Matrikula 20€. Izena emateko: gazteria@tolosakoudala.net
Gaur hasi eta domekararte FICOMIC, Bartzelonako Komiki Azokak, ateak zabalik izango ditu. Aurton 31. edizioa ospatzen da. Urtero bezala bertatik pasatuko dira nazioarteko hainbat egile kaleratu dituzten lan berriak erakusteko asmotan: autoreak non, eta sinatzeko ordutegiak hemen dituzue.
Ba Komiki Azokarekin data eta baita gaia partekatuz (westernak), hiru euskal artista Bartzelonako Euskal Etxean erakusketa zabaldu dute datorren 27rarte: Crossfire. Hiru “gaizkileen” izenak hemen doaz: Josevisky, Irati F.G. eta Xabier Sagasta dira.
Baina ez da hor amaitzen gaur, hilak 11a, gabeko 20.00etan, euskal etxean aurrez-aurre jarriz, egile bakoitzak lehendik egindako komiki bat aurkeztuko du eta beste marrazkilariek lan horren ikuspuntu berri bat proposatuko dute errukigabeko duelu batetan.
Beraz, Bartzelona aldean bazabiltza, komikiak eta westernak gustukuak badituzu ez galdu gaurko desafioa.
Aurreko batean Josevisky-ren (Joseba Larratxe) lan interesgarria aipatu genizuen Komikerin. Gaurkoan, lan haren jarraipenaren berri dakartzuegu. Hainbat musikari etaJosevisky-ren arteko lankidetzak binilozko EP-komiki bat ekarri digu argitara. Musika eta komikia ondo uztartuz edizio berezi baten itzura hartzen du KKLD izena daraman produktuak. Bonberenea Ekintzak diskoetxeak argitaratua.
Joseba Larratxe‘Josevisky’ 26 urteko beratarrak Interneten paratu du lau orrialdeko Kakalardo komikia. Arte adierazpide desberdinak uztartzen dituen proiektuaren abiapuntua da, “azal moduko bat”, egilearen hitzetan. Sexty Sexers taldeko Joseba Baleztenak, adibidez, Kakalardoren soinu-banda egin du.