Sasien gainetik, Elgeta

Jacinto Rivas Sanz, Elgeta (1906-1964), trikitilari ospetsu eta mitikoaren inguruan komikia sortu dute Dani Fanok, Koldo Izagirrek eta Garlukek.   Trikiti munduan Elgetaren itzala handia izan da. Komikiaren munduan hiru egileon itzala ere, gero eta handiagoa da.

Gerra aurreko garaietan, baserri giroko erromerietara mugatuta zegoen trikitixarentzat, espazio berriak konkistatu zituen Elgetak, eta komikian islatzen den bezalaxe, trikitixaren errepertorioa beste estilo batzuetara zabaldu zuen. Igeldoko musika bandako zuzendariak, Elgeta trikitia jotzen entzutean, bineta batean esaten dituen berbak oso esanguratsuak dira: Ez da posible! Fox-trota jotzen ari da…diatonikoarekin!

Trikiti tradizionalaren errepertorioa kanpotik iritsitako erritmo berriekin aberastu zuen Elgetak

Baina Elgeta, musikaria trebea izateaz aparte , bere garaiko mugimendu sozial eta politikoetan inplikaturik ibili zen, bereziki balio aurrerakoiak defendatzen zituzten ezkerreko mugimenduetan. Elgeta komiki-pertsonaiaren izaera errebelde hori da egileek komikian gehien azpimarratzen dutena.

Gerra ostean frankistek preso hartu zuten Elgeta, eta une latzak pasarazi zizkioten. Urte gogorrak Elgetarentzat, baina baita trikitiarentzat ere. Espetxetik bueltan gazte askoren maisua bilakatu zen Jazinto. Ziurrenik, urte batzuk geroago ospetsu bihurtuko ziren Sakabi bezalako trikitilarien oroimen kolektibotik datorkio Elgetari bere ospea, eta ez utzitako grabazioengatik, bakarra gordetzen baita. Bere lanari esker, hein handi batean, ez zen trikitiaren transmisioa hautsi gerraostean, Bizkaian gertatu bide zen bezala. Hori azaltzen du behintzat bere belaunaldiko beste trikitilari bizkaitar batek, Rufino Arrolak, Andrakako Errementariak (ondorengo bideoaren 0:52 minutuan):

Komikian Jazintoren bizitzako urrats nagusiak binetaz bineta irudikatzen dituzte egileek. Ez da esan beharrik, hiru egileek, euren lana maitasunez eta maisutasunez burutu dutela, hirurak baitira, bakoitza bere ofizioan, eskarmentu handiko profesionalak. Dani Fanok erakutsi zuen bere trebezia Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak eleberri grafikoan, duda barik gure komikigintzak eman duen gailur nagusietako bat den liburuan. Daniren marrazkiak karikaturarantz joera badu ere, ez du errealismoaren bidea galtzen. Alde biak orekatzen ditu marrazki trebe eta adierazkor baten bitartez, eta oraingoan Garlukek emandako koloreak emaitza indartu baino ez du egin.

Koldo Izagirreren gidoia bikaina da, hala ere tarteka telegrafikoegia iruditu zaigu.
Komikia osotasunean ulertzeko, agian agertzen ez diren testu lagungarri batzuk beharko genituzke. Kanpoko narratzaile baten kutxa-testuak, orri-oineko oharrak edo irakurketan sortzen diren zalantzak argitzeko dossier bereziren bat. Adibidez beheko eszenaren esanahia argitzeko, Espainiako Errepublikako gobernuak dekretatutako amnistietako bat dela jakin beharko genuke (1936ko amnistia dela uste dugu), baina ez daukagu beharrezkoa den laguntzarik. Hau da, datu historiko horiek garrantzitsuak dira komikia ondo ulertzeko, komikiak alderdi sozial eta politiko horiei ere garrantzia ematen baitie, eta gertaera horiek guztiak dira Elgetaren bizitzaren atalak markatzen dituztenak.

Luzifer, Inpernugorriko tabernari ilustratua (eskoian), amnistia dekretu bati esker kartzelatik irtetzean

Bestalde, bigarren mailako pertsonaiek garrantzi berezia dute komikian, eta kontaketaren zenbait unetan Elgetaren gainetik lehen protagonistak izatera iristen dira: Txapasta, ezkerragaz olgaten zuen pelotaria; Don Francisco, pentsamolde kontserbadoreko apaiza, baina ezberdinen arteko kontziliazioa ere bilatzen zuena -pertsonaia interesgarria, on eta gaiztoen banaketa manikeotik urruntzen delako-; Akilino Amuategi, komikian zehar aldarrikatzen den figura historikoa… komikiak alde horretatik badu aberastasun nabarmen bat.

Dani Fanok, Koldo Izagirrek eta Garlukek zabaldu duten atea etorkizunean ez ixtea nahi genuke, eta gure musika-ondare aberatsa biltzen duten obra berriak ikusteko aukera izatea espero dugu. Komikia lan honetarako tresna baliagarria dela aspaldi erakutsi ziguten Robert Crumb bezalako maisu handiek.

Zerocalcarek komiki berria aurkeztuko du Donostian

Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik dator Zerocalcare italiar komikigile ezaguna Euskal Herrira. Antolatzaileen hitzetan, eta baita gure iritzian ere, gaur egungo italiar komikigintzaren erreferente handienetariko bat bera dugu.

Farmazia Beltza argitaletxeak italieratik zuzenean itzuli ditu bere liburu berrienak: ‘Hondamuinean’ (2018) eta orain aurkeztuko den bigarren liburua ere, Hondamuinean : sei hilabete geroago’. Komiki berri honen aurkezpena apirilak 9an, 10:30etan izango da Komikigunean.


Aurkezpena zuzentzen Zerocalcare bera izango da eta berarekin Koldo Izagirre itzultzailea, Garbiñe Ubeda aurkezlea eta David Zapirain editorea izango dira.

Aurkezpen honetaz aparte, saio berezi bat antolatu dute Zerocalcarerekin hurrengo egunerako, apirilak 10erako, 10:30-13:30 bitarte, Komikigunean ere.
Plaza mugatuak direnez izen-ematea derrigorrezkoa izango da komikigunea@gipuzkoa.eus helbidera idatziz.

Hemen da Migel Marmol

Hemen da Migel Marmol. Hainbat urteren osteko lanaren buruan Dani Fano ilustratzaileak  zabaldu zituen Getxoko azokaren aterpean inprentatik heldu berri ziren kartoizko kutxak, eta bat-batean airean zabaldu zen paper  eta tintaren usain paregabea. Eta han zegoen Migel Marmol, komikiaren pleguetan, eta hemen dugu Migel Marmol, gure artean.

Baina nor da Migel Marmol? 1930. urtean El Salvadorreko Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat bera izan zen. Bi urte geroago El Salvadorreko mendebaldean, lurjabe handien kafe-sailetan batez ere, nekazari indigenen eskualdean sekulako altxamendua sustatu zuen Alderdiak, baina altxamenduaren porrotak errepresio bortitza ekarri zuen ondoren. Indigenen kontrako benetako sarraskia burutu zuen gobernuak. Matxinatu ziren gehienak eta matxinatu ez zirenak ere,  garbituak izan ziren. Alderdi Komunistako koadroek ere larrutik ordaindu zuten euren esku-hartzea. 1932 urte beltza izan zen El Salvadorreko iraultzaileentzat, Migel Marmolentzat ere bai, fusilatua izan baitzen. Komikiaren narrazio maila beti bikaina den arren, bikaintasunaren maila goratu egiten du Dani Fanok kapitulu honetan eta sokatik zintzilik ageri den nekazari buruzagiaren irudia sinez da hunkigarria. Baina komikiaren protagonista, Migel Marmol, fusilamendutik bizirik irten zen, liburuaren tituluak aditzera ematen duenez, hura izan  baitzen Marmolen jaiotzetan seigarrena eta Alderdia berrantolatzen aurrera segitu zuen…  borrokan estutasunean, baina bizipozez gainezka beti.

Eta Migel Marmolekin batera heldu dira ere aspaldiko idazle batzuen oihartzunak: Eduarno Galeano, Roque Dalton… Heldu da mapetan gutxi batzuek baino koka dezaketen herrialdearen izena, El Salvador, eta pakete berean heldu dira Guatemala eta Honduras ere, azken batean eskualde osoaren kronika eraikitzen baita, kapituluz kapitulu, eleberri grafiko sendo honetan. Are gehiago, esango nuke XX. mendeko mundu-kronika bat ere badela komikia, gure historia Europa eta Ipar Ameriketako sarraila-zulotik begiratzeko ohituegiak bait gaude, jakin dezagun jakin ordea, badirela beste sarraila asko iragana zabaldu eta ulertzeko.

Sendotasuna aipatu dugu gorago. Sendoa da narrazioa, logikoa, ondo ordenatua, dokumentazioz ondo hornitua, ez lar eta ez gutxi, behar dena baino erakutsiz, ez da galtzerik mailaz maila gora doan narrazioaren eskaileran. Agerikoa da San Salvadorreko Hitzaren eta Irudiaren Museoaren aldetik jasotako laguntza probetxuzkoa eta ezin bestekoa izan dela komikiaren egikeran. Zalantzarik izatekotan gainera, aukera du irakurleak atzekaldeko gida onomastikoan kontsulta egiteko. El Salvadorreko historian mugarri esanguratsuak izan dira gidan ageri diren pertsonaiak eta nabarmena da alde hau ere komikiaren egileak maitasun pazientziatsuz eta arreta guztia jarriz  konposatu duela. Biografia bakoitza El Salvadorreko iraganera begira dagoen lehio berri bat da.

Azken hamarkadetan ez-fikzioaren lurretan gero eta maizago barneratuz ibili da komikigintza. Kazetaritza, filosofia, historiaren mugak zeharkatu ditu behin eta berriro emaitza hibridoak sortuz. Erabateko sailkapenak zaildu egin dira eta esku artean darabilgun liburua esandakoaren adibide garbia da. Migel Marmolen Hamaika eta bat jaiotzak komikia izan arren, komiki huts eta ederra, mereziko luke duda barik El Salvadorreko historia liburu onenen artean apaletan leku bat izatea.

Bere osotasunean zein binetaz bineta, orriz orri, plantxaz plantxa (banaka edo binaka),  gozamen estetikorako aukera paregabea da liburua. Dani Fanoren grafismoa komiki errealistaren korronte oparora garamatza, baina baditu  bere marrazkerak sano pertsonalak diren ezaugarriak. Pertsonaien bisaiak lantzeko era adibidez, karikaturatik gertu ibili arren, indar handiko pertsonaiak sortuz, ez da komiki-karikatura hutsean sekula erortzen, eta frogatzeko hor daude bineta-atzeak, dekoratuak, paisaiak, animaliak, landareak… zehaztasun eta fintasun osoz marraztuak. Eta beste horrenbeste esan behar giza gorputz-jarrera bihurrienak irudikatzeko duen erraztasunari buruz.

Baina errealismoaren korrontean kokaturik ere, ez dauka egileak binetak gehiegi errekargatzeko joerarik, errealismoa bai, baina errealismo garbirako joera da nagusia, eta ondo aukeratutako elementuz osatzen dira binetak.

Akabatzeko. Liburua jatorriz gazteleraz idatzia izan da, baina momenturo aldamenean Koldo Izagirre idazle ezaguna izan du Danik, euskarazko bertsioa itzulpen soila izan ez zedin. Eta hizkuntzaren aldetik ere maila bikaina eman du Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. 

 

Eta orain hemen hago Migel , gure artean, beti tarrapataka bizi beharrak amaitu dira. Azkenean atseden pixka bat hartu ahal izango duk maisulana den komikiaren epeletan.