Mayana Itoïz baionarra Eisner sarietarako izendatua

Mayana Itöiz ilustratzaile euskalduna Eisner sarietarako hautagaien artean dago. Will Eisner Sariak (ingelesez: Will Eisner Comic Industry Awards), ezagunagoak Eisner Sariak bezala, urtero komiki egileak saritzen dituzte, aurreko urtean AEBetako merkatuan agertutako lanei errepaso eginez.

Mayana Baionan jaio zen 1978 urtean eta Toulouseko Arte Ederren Eskola Nazionalean burutu zituen ikasketak 2002 urtean, eta ondoren, batez ere haur eta gazteen ilustrazioaren arloan jardun du.

Eisner sarirako izendapena Wilfrid Lupano gidoilariarekin batera egindako Le Loup en slip lanarengatik iritsi zaio, Dargaudek argitaratua eta Astronave argitaletxeak gaztelaniara eta katalanera ere itzulia El lobo en calzoncillos eta Els Calçotets Del Llop bezala.
Zorterik onena opa diogu Mayanari!