Ondarroatik heldutako azken Globhitoak azaltzen duenez, hile honetako 10era arte Udal Erakusketa aretoan ikusgai izango da Muittu erakusketa. Luterl taldearen esku-paperaren arabera, komikigintza eta marrazki bizidunak enbor bereko bi adar dira.
Globitho esku-orriaren azken alea
Era berean antolatutako jardunaldiaren bitartez Juanba Berasategi (1951-2017) euskal animazioaren aitzindaria, omendu nahi da ere.
“Erakusketa honetan Euskal Herrian aintzindariak izan ziren lanetatik hasi eta gaur egun arte luzatzen den garaia ikusteko aukera eskaintzen da. Ia artisautza legez sortutako lehen marrazki bizidunetatik, nolabaiteko industria gauzatu zen arte ikus daiteke. Gurean, aipatutako garaian egin ziren ekoizpenik garrantzitsuenen ibilbidea azaldtzen da. Besteak beste; film luzeak, laburrak, publizitatea, saiakera txikiak edota telebistako sioak ikusi daitezke. Marrazki originalak ikusgaia izateaz gain, bideo-emanaldi batean ikusteko aukera izango da hauen zenbait pasarte; Kalabaza Tripontzia (1985), Borobil, Sorkunde (1992), Megasonikoak (1997) Ametsen lapurra (1999), Ahmed Alanbrako printzea (1997), Fernando Amezketarra (1994-1995), Lazkao Txiki (1998-99), Txirrita (1999-2000).”
Zorionez gure komikigintzaren gaurko panoraman adin guztietarako egokiak diren gero eta komiki gehiago aurkitzen ditugu; baita ume eta gazteentzat ere. Artikulu honetan 2010-2020 urteen arteko gazte eta umeentzat komikiak aztertzen ditugu.
Irakurle beteranoenek gogoratuko duzue aspaldian komikiak, tebeoak, haurrentzako produktutzat jotzen zirela. Tebeoa, Hego Euskal Herrian zabaldu zen izendapena da, komiki-aldizkaritxo xume eta merke bat izendatzeko erabiltzen zena, gure haurtzaroan edozein herriko kioskoan ogerleko baten truke eros zitekeena. Egungo tebeoaren oinordekoak Xabiroieta Irria aldizkariak bihurtu dira. Baina orduko argitalpenen aldean kalitate askoz handiagoarekin inprimatzen dira gaurkoak; eta orduan baino askoz gehiago zaintzen da egileen autoretza. Gainera, Xabiroi aldizkariaren kasuan, aldizkaria album formako lan luzeagoak publikatzeko plataforma ere izan daiteke (hauxe izan zen bere garaian Tintin, Spirou,Pilote eta beste aldizkari franko-belgikarrak komikiak kaleratzeko estrategia) .
2006tik Xabiroi euskal komikigintzaren zutabeetariko bat da
Irria, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria
Tebeoetatik eleberri grafikoetara
Euskaraz, Pan-pin, eta ondoren, Kili-kili eta Ipurbeltz tebeoek izan zuten berebiziko garrantzia. Baina 90eko hamarkadaren ondotik, ohiko komikigintzaren gainbehera heldu zen. 90. hamarkadaren bukaeran nazioarte mailan irakurle helduarentzat sortutako produktu “serioa” bihurtu zen komikia, nobela grafikoaren izenpean; komikigintza berriaren olatua atzerapenarekin Euskal Herrira ere heldu zen. Ordurako komikigintzak erabat galdua zuen irakurlego gaztearen estimua; ume eta nerabeak askoz interesatuago baitzeuden bideojokoetan, kontsoletan eta antzeko produktuetan.
Tebeotik eleberri grafikora, azken hamarkadetan komikigintzak izan duen bilakaera; haur-irakurleetatik irakurle helduetara… baina oraindik ere, zorionez, badute haur eta gazteek zer irakurri….
Arian-arian , haur-gazteentzako komikiek medioaren etorkizunerako hain garrantzitsua den espazioa berreskuratzen ari dira, 2015 urtetik aurrera, batez ere. Banan-banan, eta alfabetikoki ordenaturik, beherago aurkezten ditugu berpizte horren “errudunak” nortzuk izan diren.
Bilboko argitaletxeak baditu lehen irakurleentzat oso egokiak diren komikiak. Azpimarratzekoa da Waluk seriea. Waluk, klima aldaketara egokitzen ikasi duen hartz polarra da. Istorio samurrak dira Emilio Ruizek sortu dituenak, eta Ana Mirallesek, akuarela teknika trebea ezin baino hobea erabiliz, irudi zoragarrietan moldatu dituenak. Hiru ale argitaratu dira dagoeneko.
Waluk, klima aldaketaren arazoa umeei hurbiltzen dien hartz polarra
Aurten gainera, Astiberrik Txikiberri izeneko bilduma jarri du martxan. Etxeko txikientzat aproposak diren komikiak, katalanetik, galizieratik eta frantsesetik itzultzeari ekin dio, eta ondorengo komiki-serie ezberdinen lehen zenbakiak argitaratu dituzte: Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia, Uxio eta Claude eta Morino 1. Madarikazioa.
Bartzelonako argitaletxeak Super Patata izeneko seriea argitaratzeari ekin zion duela bi urte, eta dagoeneko serieak hamar titulu argitaratu ditu. Zein baino zein dibertigarriagoak dira Super Patataren abenturak. Lehen irakurleentzat guztiz gomendagarria da seriea, irakurtzeko erraza baita, eta komikiaren egileak, Artur Laperlak, trebeki erabiltzen dakielako marra-arineko irudiak, gainezka egiten dion irudimenak sortarazten diona islatzeko. Serie osoa gure artean aparteko arrakasta izaten ari da.
Super Patata, Super Arrakastatsua, hile honen bukaeran 10. alearekin borobilduko dute seriea
Euskal egunkaria gure egungo komikigintzaren hiru izar handiren babeslekua da: Antton Olariaga; Patxi Huarte, Zaldieroa ; eta Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin. Lehenengo biek tira komikoaren formatua lantzen dute egunero, Zakilixut eta De Rerum Natura izeneko komiki-sail beteranoetan. Hirugarrenak, Mattinek, Belardo pertsonaiaren istorioak marrazten ditu larunbatero Mantangorri gehigarrian, lehenago Euskaldunon Egunkarian agertu zen (Espainiako “justiziak” komunikabidea itxiarazi zuen arte). Belar-meta bat Belardo izanik, Berriak liburu batean”enfardatu” du: Belardo, ba al zatoz?
Belardo, Mantangorriko orrietatik, liburu batean bizitzera pasatu den belar-meta.
Urnietako argitaletxeak haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko adin-tarterako interesgarriak diran hainbat izenburu kaleratu ditu dagoeneko; gehienak Frantzian izandako arrakastaren bermearekin euskarara ekarriak izan dira; eta ez da dudarik, gazteentzat erakargarriak abenturazko edo amodiozko kontakizunak izaten direla gehienetan. Halakoak dira Harald eta Ignir-en altxorra , Isaline: sukaldaritzako sorginkeria, Isaline: Sorginkeri izoztua, Inoiz ez … azken titulu hau, adibidez, Bruno Duhamel komikigilearena dugu. Herriko politikariei, eta baita naturen indarrei, aurre egiteko gai den amama zahar eta itsuaren parabola interesgarria. Urtea bukatzeko, Brunoren azken lana kaleratu du argitaletxeak: #Kontaktuberria.
Baina ezinbesteko liburua, gure ustez, Elefantearen tristura da. Barru-barrura iristen den istorioa, batzuetan gazia, besteetan gozoa, momentu oro sentikorra edo lazgarria; baina, era berean, mezu itxaropentsu eta baikor bat usten digun kontakizuna ere bada. Alderdi grafikotik azterturik, Nina Jacqmin, belgikar marrazkilari gaztearen lana bikaina da. Ikatz-teknika erabiliz, eta koloreei dagokienez, urdinera eta gorrira mugatuz, goibeltasun giro batean biltzen du istorioa. Gure ustez, hamarkadako izenbururik aipagarrienetako bat hauxe da.
Elefantearen tristura, Nicolas Antona eta Nina Jacqminen lan zoragarria
Derrigorrez aipatu behar dugu Ipurbeltzen garaietako Miguel Berzosa donostiarraren Mintxo pertsonaia, Harriet argitaletxeak berreskuratu duena. Gaurko umeen artean orduan bezain arrakastatsua izaten segitzen duen umorez betetako liburua. Bruguera etxearen ikutua dute Berzosaren istorioak, baina Mintxoren patua ez da, Bruguera pertsonaien kasuan bezala, aldez aurretik erabakita izaten. Mintxo herrikoia, kuxkuxero eta atsegina dugu, gauzak ondo ateratzen zaizkio batzuetan, beste batzuetan, ordea, ez hainbeste.
Eta aipatu behar da, nola ez, euskal zientzia-fikzioaren generoaren ikur handienetako bat dena, gaurkotu ondoren, berriz ere plazaratua izan zena 2016an, Jon eta Mirka. Komikia nerabezaroaren aurreko irakurleei zuzenduta dagoen arren, duen kalitateagatik edozein adinetako irakurleek gozatzeko modukoa da. Harrieten gidoiaren fantasia, Daniel Redondoren marrazki fina eta zehatzarekin bikain uztartzen dira; seguruenik marrazkilari donostiarraren lan aipagarrienetako bat hauxe da.
Harriet argitaletxearen katalogo anitza da, baina nerabeei eta gazteei zuzendutako irakurketak dira nagusi.
Jordi Bayarri egile valentziarra zientzialari ezberdinen bizitzak komikiratzeari ekin zion duela urte batzuk, 2012an zehazki, Galileo Galileiren bizitza komikira eraman zuenean. Euskaraz 2015ean kaleratu zen IkasElkaren eskutik, eta ordurik hona, badira beste sei liburu ondorengo urteetan argitaratuak izan direnak. Galileoren ostean Newton etorri zen, gero Marie Curie, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia. Jordi Bayarriren estiloa arina eta umoretsua izan arren, umeen irakurketarako egokia, ez da horregatik historia eta zientziaren zehaztasunetik urruntzen.
Jordi Bayarri, zientzialarien biografietan espezializatu den autorea
(Luterl taldea)
Euskoman: Izan ala ez izan, komikia 2014ean kaleratu zuen Ondarruko Luterl taldeak. Ioni Artetxe da gidoiaren arduraduna eta Kaiet Bengoetxea marrazkia eta kolorearena, bere aldetik. Superman heroi antiheroikoaren binetak jatorriz Mantangorrin, Berriako gehiagarrian, argitaratu ziren.
(Turko comics)
Buyan komikia euskaraz argitaratzeko, komikiaren egileek Turko Comics izeneko zigilua sortu zuten, eta horrela, 2019an Buyan komikiaren euskarazko edizioa kaleratu zuten. Aritz Truebak irudietara eraman zuen Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzitako gidoia. Hirurok komiki sendo eta borobil bat osatu dute, abenturaz eta emozioz josirikoa. Fantasia, mitoak eta historia dira Buyan eraikitzeko erabilitako osagai nagusiak; eta noski, eraikinaren porlana Aritzen marra garbiko estilo bizi eta dotorea izan da.
Buyan, kutsu mitologiko duten ezpata-abenturak
Pendulu baten erregulartasunarekin, urtero-urtero album eder bat uzten joan zaigu Ikastolen Elkartearen babesa duen Xabiroi aldizkariak. Badira 14 urte aldizkaria sortu zela, eta badira 13 kaleratu dituzten albumak. Behean zerrendaturik amaitzear dagoen hamarkadan plazaratu direnak. Gazte, ikasle zein ikasleen gurasoei interesa lekizkiekeen komikiak dira. Gidoiaren eta marrazkiaren kalitatea duten lanak dira, Xabiroi inguruan Euskal Herriko lehen mailako egileak biltzen baitira. Kaleratu berri den azken-azkena, Asisko eta Joseviskyk osatutako bikote artistikoaren lana dugu, Basolatik berri onik ez .
Arian-arian, komiki ondare garrantzitsu bat sortu du Xabiroik
Maiatzaren 10etik 21era Luterl taldeak eta Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatu duten Komiki erakusketa zabalik dago Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan: Zientzia Komikietan.
Erakusketa bi ataletan banatuta dago. Batetik, Donostiako Donostia International Physics Center eta eta CIC nanoGUNE Ikerketa Zentroko kideek, komikigintza erabiliz gaztetxoek nanozientziaren mundua ezagut dezaten, iaz antolatu zuten komiki lehiaketaren berri ematen du. Lehiaketan jasotako ideiak komiki liburu batean jaso zituzten: Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren boterea.
Bigarrenik, Ondarroako Lutel Taldeak, bere komikitekan arakatuz, zientziari buruzko erreferntziak nola azaldu ohi diren erakusteko, genero desberdinetako hamar komiki aukeratu ditu, beraiei buruzko argibideak azalduz. Hauek dira:
TBO. Egileak; SABATES / NIT / … ALJEBRA. Egilea; LUIS DURAN. PIZTIAK OTZANAK. Egileak; HARKAITZ CANO eta IÑAKI G. HOLGADO. ENJAMBRE-tik “HISTÓRICAS”. Egilea; MANOLI LÓPEZ “Srta. M”. SPIDERMAN. “INDEFENSO”. “¡SUPERHEROE DE PRIMERA!”.Egileak; BILL JEMESeta BRIAN MICHAEL BENDIS (argumentua). BRIAN MICHAEL BENDIS (gidoia). MARK BAGLEY (marrazkiak). ART THIBERT (tindatzailea). STEVE BURCELLATOR eta JC (kolorea). EN UN LUGAR DE LA MENTE. Egilea; JOSEP Mª. BEA. LA CHICA INCLINADA, LAS CIUDADES OSCURAS. Egileak; BENOÎT PEETERS eta FRANÇOIS SCHUITEN.THE LONG TOMORROW. Egileak; DAN O’BANNON eta MOEBIUS (Jean Giraud). LAS TORRES DE BOIS-MAURY. 1/ BABETTE. Egilea; HERMANN HUPPEN. LOS COMPAÑEROS DEL CREPÚSCULO. 3/ EL ÚLTIMO CANTO DE LOS MALATERRE. Egilea; FRANÇOIS BOURGEON.
2017ko lehiaketa
Bestalde, 2017ko lehiaketara aurkezteko epea zabalik dago. Iazko erronkak izan zuen arrakastarekin pozik, nanobotereak dituzten superheroi berriak asmatzeko eta sortzeko deialdia egin dute.
Ekainaren 11ra bitartean, superheroien istorio berriak aurkezteko aukera izango dute parte hartzaileek. Bi kategoria bereiziko dituzte: 14 eta 18 urte bitartekoentzat, eta, bestea helduentzat. Bakarka zein taldeka egin daiteke komikia.
Iaz bezala, nanomunduan materialetatik sortzen diren propietate harrigarrien eta nanozientzian egin diren ikerketen emaitzen inguruko informazioa eskuragarri izango da webguean: www.nanokomik.com
Lehiaketara aurkeztutako lanetan jasotako ideiekin, nanofikzioko beste komiki bat sortuko dute. 18 urtetik gorako kategorian irabazle suertatzen denari eskainiko zaio aukera komiki hori egiteko.
Bai, hala da. Ondarroako Komiki Jardunaldien edizio berri bat antolatuz, berriro ere Luterl taldeko lagunek marka berri bat ondu dute. Aurten ospatuko den edizioarekin, Euskal Herrian komiki jaialdi beteranoena bezala finkatzen dira. 18 edizio komikigintzaren alde lanean, ez da ez edozelako marka, batez ere azken urteetan erakundeen diru laguntza barik ospatu dela kontuan izanda. Baina oraindik ere, gogor eta gogoarekin ekinean segitzeko prest daudela erakusten digute ostegunean zabalduko den jaialdiko programazioa ikusirik.
Udal Erakusketa Aretoan, Xabiroi 10 urte!erakusketa ikusgai izango da, aldizkariko azal guztiekin eta egileen original ikusgarriekin. Urtarrilaren 22tik 31ra zabalik izango da.
Kontzertu mundiala eskainiko dute DEF CON DOS taldeak eta Naranja Azule DJak. Ondarroako Beikozini aretoan izango da kontzertua, urtarrilak 23an gaueko 11etan. Kontzertu honekin Aitor Badiola Ibarluzea(1967-2008), LUTERL Taldeko kidea izan zena, omentzeko asmoa dute.
Irratsaio berezia izanen da Ondarruko Radixu irratian urtarrilak 27an, komikien gaia jorratzen duen “Azken Mohikano” programan (105.5 FM edo radixu.info). Horrez gainera, jardunaldiak ondo ospatzeko, Globhito boletinaren ale berri bat argitaratu dute.
Amaitzeko, Udal Erakusketa Aretoan Dani Fanomarrazkilariak gaztetxoentzat “solasaldi marraztua” deituriko ekitaldien bi saio iragarri dira urtarrilaren 28rako.
Ondarru aldeko lagunok, komikigintzaren alde horren fin lanean diarduen talde bat izateagatik zorionak!
Ondarroako Komiki Jardunaldien azken egunetan gaude baina oraindik Udal Erakusketa Aretoan zabalik dago Patxi Huarte “Zaldieroaren” erakusketa antologikoa. Urtarrilaren 11rarte. Gaur, berriz, gaueko 10etan irratsaio berezianZaldieroari egindako bi orduko (!) elkarrizketa.
RADIXU Irratian; 105.5FM (Ondarroan) edo radixu.infoan
Patxi Huarte, Zaldieroaren erakusketa antologikoarekin zabaldu zen abenduaren 29an Ondarroako Komiki Jardunaldien 17. edizioa.
Hastapeneko komikietatik, Napartheid, TMEO, Euskaldunon Egunkaria, Naparkaria, Xabiroi, Berria, Igela argitaletxea, ilustrazioak, kartelak, De Rerum Natura,… denak ikusgai izango dira, egilearen bakarkako lehen erakusketa izanik.
Udal Erakusketa Aretoan zabalik izango da urtarrilaren 11rarte.
Bestalde leku berean, urtarrilak 3an, arratsaldeko 7retan Euskoman: Izan ala ez izan, komikiaren aurkezpena Ioni Artetxe eta Kaiet Bengoetxearen eskutik. Sinatze txanda ere izango da..
Urtarrilak 7an, asteazkena, gaueko 10etatik 12etara, irratsaio berezi bat izango da, Azken Mohikanoak irratsaioan: Patxi Huarte zaldieroari egindako bi orduko elkarrizketa. Irratsaioa entzuteko RADIXU Irratian; 105.5FM (Ondarroan) edo radixu.info jo beharko duzue.
Luterl taldeak antolatzen dituen jardunaldiak borobiltzeko Globhito berripaperaren 25. zenbakia argitaratu da.
Urte hasieran Ioniñaki Artetxeelkarrizketatu zuen Komikerik. Elkarrizketa hartan Ondarroan urte askotan mantendu zen formato handiko argitalpen mota bat aipatu zen: Globhorma, fanzine murala. Formato handiak (6,43 x 3,34 m) eta leku publiko batean eskegita egoteak, plazan, jendaurrean, irakurketari zentzu ezberdin bat eransten zion, iritzi ezberdinen eragilea izanik ere. Gaur egun galduz doan irakurketa modalitatea dugu hau, gero eta gehiago irakurketaldiak espazio pribatuera mugatuz doazen heinean, (gauza bera gertatzen da zinema emanaldiekin, adibidez).
Globhorma zer zen galdetu eta Luterl taldeko arduradunak zera erantzun zigun:
“Ba alderdi politikoak egiten zuten kartel informatibo moduko bat, “Dazibao”ak, Ondarrun asko funtzionatzen zuten. Azken finean argitalpen bat zen baina 6’43 X 3’34 metrotakoa. Kulixka taberna ondoan ladriluz itxitako lokal baten horman hasi ginen publikatzen. Lehenengo izan zan ekologia gaia. Gero fintzen joan zen eta beste gaia batzuk heldu ziran.
Lantzen gendun gure lokalien, gero gertatu zen guk egiten genuen lekuan denda bat zabaldu zutela. Ostia! paretabarik gabe geratu gera! Orduan egoan HB udaletxen, joan ginen arduradunarekin berba egitera eta paret bat egokitu ziguten “expresamente”. Eliza azpian lisotu, orla bat ipini eta han jartzen gendun, gainera nehurri handiagoan. Hori zan Globhorma, guztira 19 zenbaki argitaratu ziran gai desberdinak jorratuz.
Pareta han segidu zuen, baina denborarekin beste batzuk hasi ziran erabiltzen. Beste kartel batzuk jartzen ziran, orduan PNVkoak zeuden udaletxean, moskea egin ziren, pikatu zuten pareta, atara harria eta agur”.
Eta agur. Txinararren tradizio bat Ondarrun bertaratu zeneko garaia bukatu zen, baina gure kontaktuari esker Globhorma haren testigantza grafikoa post honetan eternalitate eternorako geratuko da.
Ondarroako Luterltaldearen berripapera, Globhito, bere 22. zenbakia kaleratu berri du. Gogoratu dezagun, Globhito, Globho fanzinaren “seme bastardoa” zen, Ioniñaki Luterl taldeko kide beteranoaren iritziz. Helburua Ondarroako herrian sortzen ziran komikigintzaren inguruko dinamiken berri ematea. Komikia eman ta zabaldu!
Horrela makina bat urtez ibili da Luterl taldea, eta azken Globhitoa irakurriz aurrerantzean ere komiki harrobi zabala Ondarroan ez dela faltako suposatzen dugu. Kaiet Bengoetxeak zuzendutako komiki tailerretan berrehun ikasletik gora pasatu dira. 2001ean hasi zen Zaldupe eta institutuan, eta 2002an Zubi Zaharrean. Ordutik hona horretan darrai. Ondarroako gazteen artean, azaltzen du Kaietek, ez da komikizaletasunik falta “gaur Manga eramaten da asko. Gainera neskek Manga komikiak asko irakurtzen dituzte, eta bertako pertsonaien istorioak eta jarraitzen dituzte. Eta mutilek Manga ere, baina gero bakoitzek bere gustoko beste komikiak ere irakurtzen dituzte, batzuk Mortadelo edo beste batzuk igual… Gore… bakoitzak adar batetik jotzen du” .
Marraztuz, irakurriz, gozatuz, azken finean, Komiki Kultura bizi-bizirik dagoen artea da kostaldeko herri jator honetan.
Bai. Gure buruari 2013rako helmuga bat jarri genion: euskal komikigintzaren historian arakatuko dituen elkarrizketak eta ikerketak publikatzen joatea gure blogean.
Eta holan egin dugu lehenengoz, Ion Iñaki Artetxerengana hurbildu garenean. Ioni, hiru hamarkada komikigintzaren inguruan bizi izan den ondarrutarra. Oraindik ere horrela segitzen du, eta segitzeko asmoa du gainera! Hemen gure elkarrizketa: Luterl taldea 30 urtez komiki sareak josten Ondarruko portutik. (argazkia: Ondarroako hitza)
Euskal presoen aldeko komiki erakusketa Ondarrura heldu zen atzo. Udal Erakusketa Aretoan ikusgai izango da datorren 24rarte. Honela Ondarroako herriak aurretik Euskal Herriko beste leku batzuetan izan den erakusketa ibiltariari lekua eskaintzen dio. Antolaketa lanetan Luterl taldea eta Ein Daigun Bidi herri mugimendua ibili dira.
Erakusketa honetan ondorengo artisten lanak ikusteko aukera izango da: Zaldieroa, Tasio, Rafa Iglesias, Mikel Orbegozo, Mattin, Martintxo, Lore zaharra, Lope, Kako, Joseba Larretxe, Juan Kalvellido, Jokin Larrea, Iñaki Holgado, Exprai, Dani Fano, Axpi, Asisko Urmeneta, Amaia Ballesteros, Alatz Lopez, Adur Larrea eta Abarrots