Dani Fano “Ilustratzailearen Txokoan”


Euskal ilustratzaileen lanak erakusteko eskaparate bikaina bihurtu da Ilustrazioaren Txokoa. Aurretik Aieteko kultur etxean kokatzen den Ilustratzailearen Txokotik pasatu diren ilustratzaile eta komikigileen zerrenda luzea da: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide,Tomás Hernández Mendizábal eta Iraia Okina. Orain Dani Fanoren txanda heldu da. Azken hogei urteetan eskuz sortutako ilustrazio eta komiki plantxek osatzen dute erakusketaren mamia. Martxoaren 10era arte izango da zabalik.

Donostian jaio zen Dani Fano. Bere traiektoria profesionala 80. hamarkadaren amaieran hasi zuen. Liburu ilustratzaile bezala ibilbide luzea du. 1989an Donostiatik ipuinetan ilustratu zuen Ereinentzat, bere lehen liburua .  Ondoren beste argitaletxeen enkargu berriak heldu ziren, Aizkorri, Txalaparta, Elkarlanean…. Baina 90. hamarkadan zehar aldizkako argitalpenetan publikatu zituen bere lanak batez ere umore grafikoaren esparruan: Gara, Ardi Beltza, Kale Gorria, ElhuyarIpurbeltz… Garai berean Ikastolen Elkarterako material didaktikoaren atonketan kolaboratu zuen, Urtxintxa, Eleanitz, Txanela, Ttantxo, Txirritx eta Xango egitasmoak koloreztatuz.

Seguruenik bederatzigarren artearen inguruan eman ditu Danik ekarpenik bikainenak. 2005etik zuzentze-lanetan dihardu Xabiroin, Ikastolen Federazioak argitaratzen duen komiki aldizkarian. Xabiroi euskal komikigile askorentzat funtsezko erreferentea bihurtu da, aldizkarian argitaratzen dutenentzat, eta baita aldizkariaren inguruan biltzen diren lagunentzat.

Xabiroi aldizkariaren eskutik album pare bat argitaratu zituen bakarka TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak, 2010ean, Anubis 3. 0: Arimaren pisatzea, 2012an eta Guillermo Gonzálezekin batera Kortsarioen Ostatua, 2015ean. H28 aldizkari saretirikoan ere parte hartu zuen aldizkari digitala iraun zuen bitartean (2015/2017).

Hala ere, gure ustez bere lanik luze, dotore eta monumentalena duda barik Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotza izan da, 2018an Astiberrik argitaratutako Migel Marmol iraultzaile salvadortarraren bizitzaren komiki-kronika. Komikerin  azpimarratu genuen,  gure ustez 2018 urtean estatu mailan argitaratu diren eleberri grafiko artean onenetarikoa dudarik gabe. Seguruenik Ilustratzailearen Txokoko  erakusketan komikia sortzeko jatorrizko plantxaren batzuk ikusgai izango direla.

Advertisements

Hemen da Migel Marmol

Hemen da Migel Marmol. Hainbat urteren osteko lanaren buruan Dani Fano ilustratzaileak  zabaldu zituen Getxoko azokaren aterpean inprentatik heldu berri ziren kartoizko kutxak, eta bat-batean airean zabaldu zen paper  eta tintaren usain paregabea. Eta han zegoen Migel Marmol, komikiaren pleguetan, eta hemen dugu Migel Marmol, gure artean.

Baina nor da Migel Marmol? 1930. urtean El Salvadorreko Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat bera izan zen. Bi urte geroago El Salvadorreko mendebaldean, lurjabe handien kafe-sailetan batez ere, nekazari indigenen eskualdean sekulako altxamendua sustatu zuen Alderdiak, baina altxamenduaren porrotak errepresio bortitza ekarri zuen ondoren. Indigenen kontrako benetako sarraskia burutu zuen gobernuak. Matxinatu ziren gehienak eta matxinatu ez zirenak ere,  garbituak izan ziren. Alderdi Komunistako koadroek ere larrutik ordaindu zuten euren esku-hartzea. 1932 urte beltza izan zen El Salvadorreko iraultzaileentzat, Migel Marmolentzat ere bai, fusilatua izan baitzen. Komikiaren narrazio maila beti bikaina den arren, bikaintasunaren maila goratu egiten du Dani Fanok kapitulu honetan eta sokatik zintzilik ageri den nekazari buruzagiaren irudia sinez da hunkigarria. Baina komikiaren protagonista, Migel Marmol, fusilamendutik bizirik irten zen, liburuaren tituluak aditzera ematen duenez, hura izan  baitzen Marmolen jaiotzetan seigarrena eta Alderdia berrantolatzen aurrera segitu zuen…  borrokan estutasunean, baina bizipozez gainezka beti.

Eta Migel Marmolekin batera heldu dira ere aspaldiko idazle batzuen oihartzunak: Eduarno Galeano, Roque Dalton… Heldu da mapetan gutxi batzuek baino koka dezaketen herrialdearen izena, El Salvador, eta pakete berean heldu dira Guatemala eta Honduras ere, azken batean eskualde osoaren kronika eraikitzen baita, kapituluz kapitulu, eleberri grafiko sendo honetan. Are gehiago, esango nuke XX. mendeko mundu-kronika bat ere badela komikia, gure historia Europa eta Ipar Ameriketako sarraila-zulotik begiratzeko ohituegiak bait gaude, jakin dezagun jakin ordea, badirela beste sarraila asko iragana zabaldu eta ulertzeko.

Sendotasuna aipatu dugu gorago. Sendoa da narrazioa, logikoa, ondo ordenatua, dokumentazioz ondo hornitua, ez lar eta ez gutxi, behar dena baino erakutsiz, ez da galtzerik mailaz maila gora doan narrazioaren eskaileran. Agerikoa da San Salvadorreko Hitzaren eta Irudiaren Museoaren aldetik jasotako laguntza probetxuzkoa eta ezin bestekoa izan dela komikiaren egikeran. Zalantzarik izatekotan gainera, aukera du irakurleak atzekaldeko gida onomastikoan kontsulta egiteko. El Salvadorreko historian mugarri esanguratsuak izan dira gidan ageri diren pertsonaiak eta nabarmena da alde hau ere komikiaren egileak maitasun pazientziatsuz eta arreta guztia jarriz  konposatu duela. Biografia bakoitza El Salvadorreko iraganera begira dagoen lehio berri bat da.

Azken hamarkadetan ez-fikzioaren lurretan gero eta maizago barneratuz ibili da komikigintza. Kazetaritza, filosofia, historiaren mugak zeharkatu ditu behin eta berriro emaitza hibridoak sortuz. Erabateko sailkapenak zaildu egin dira eta esku artean darabilgun liburua esandakoaren adibide garbia da. Migel Marmolen Hamaika eta bat jaiotzak komikia izan arren, komiki huts eta ederra, mereziko luke duda barik El Salvadorreko historia liburu onenen artean apaletan leku bat izatea.

Bere osotasunean zein binetaz bineta, orriz orri, plantxaz plantxa (banaka edo binaka),  gozamen estetikorako aukera paregabea da liburua. Dani Fanoren grafismoa komiki errealistaren korronte oparora garamatza, baina baditu  bere marrazkerak sano pertsonalak diren ezaugarriak. Pertsonaien bisaiak lantzeko era adibidez, karikaturatik gertu ibili arren, indar handiko pertsonaiak sortuz, ez da komiki-karikatura hutsean sekula erortzen, eta frogatzeko hor daude bineta-atzeak, dekoratuak, paisaiak, animaliak, landareak… zehaztasun eta fintasun osoz marraztuak. Eta beste horrenbeste esan behar giza gorputz-jarrera bihurrienak irudikatzeko duen erraztasunari buruz.

Baina errealismoaren korrontean kokaturik ere, ez dauka egileak binetak gehiegi errekargatzeko joerarik, errealismoa bai, baina errealismo garbirako joera da nagusia, eta ondo aukeratutako elementuz osatzen dira binetak.

Akabatzeko. Liburua jatorriz gazteleraz idatzia izan da, baina momenturo aldamenean Koldo Izagirre idazle ezaguna izan du Danik, euskarazko bertsioa itzulpen soila izan ez zedin. Eta hizkuntzaren aldetik ere maila bikaina eman du Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. 

 

Eta orain hemen hago Migel , gure artean, beti tarrapataka bizi beharrak amaitu dira. Azkenean atseden pixka bat hartu ahal izango duk maisulana den komikiaren epeletan.