Olentzero eta Mari Domingi saku bete komiki

Oraindik Olentzero honetarako oparirik aukeratu ez baduzu eta azken orduko estresagaz itota bazabiltza, gogoratu komiki bat oparitzea aukera ezin hobea izan daitekela.

XXI. mendearen hasieratik, nobela grafikoaren kontzeptua gurean indarrez sartu zenetik, komikigintza batez ere helduen merkatu eremura begira bizi izan da. Azken urteetan komikiaren bidez edozein gaia jorratzeko aukera dagoela argi geratu da. Baina aldi berean komikiak helduen konkistara irten zirenetik, gazte eta umeen komikien hegala arras abandonaturik geratu zen. 2017an adibidez 29 komiki argitaratu ziren eta 29 horietatik lau baino ez ziren izan umeei zuzendutakoak.

Baina aurten panorama orekatuago bat ageri zaigu begibistan. Badira ume eta gazteentzako hainbat komiki. Komikipediako zerrenda begiratzea besterik ez daukazue. Aurtengo 25 komikien hartean 10 bat behintzat badira umeentzat ezin baino aproposagoak direnak. Aipatuko ditugu batzuk: Waluk, Ana Miralles eta Emilio Ruizen lan ederraren bigarren alea Astiberrik argitaratu duena edo baita Jordi Bayarrik Zientzilariak bildumaren barne kaleratutako bostgarren alea: Aristoteles.  Ikastolen Elkarteak Haur Besoetakoaren bigarren alea , Xanbi eta Unai Iturriaga HBren abentura mamitsuekin aurrera darraite . Hala ere Harriet etxea berriz ere, guztien buru jarri da kopuruaren aldetik. Kaleratutakoen komikien artean adin guztietarako komiki bikainak aurkituko dituzue. Eta guztien artean, euskal komikigintzaren aspaldiko klasikoa izan arren, berehalako arrakasta lortu du Mintxok gure etxeko gaztetxoen artean.

Ipurbeltzeko klasiko bat izan zen Mintxo. Miguel Berzosak sortu zuen, eta 1977-1983 artean argitaratutako istorio denak argitalpen batean bildu ditu orain Harriet argitaletxeak.


Advertisements

“Mintxo” pertsonaia duela 35 urte sortu zen

Zakilixut pertsonaia aipatu dugu aurreko posta batean.  35 urte bete eta oraindik osasun ezin hobean “Berria” egunkarian mantentzen den gaztea. Hala ere ez zen izan 1977 urte oparoak komikigintzarako sortu zuen pertsonai bakarra. Izan ziran beste batzuk eta horien artean gaur Miguel Berzosa komikigile donostiarrak sortu zuena aipatu behar dugu: Mintxo.

1977an beraz, Ipurbeltz aldizkarirako sortu zuen Berzosak arlote itxurako pertsonai herrikoi bat. Bere txapela, bere jertsei beltza eta Pintto bere txakurragaz hamaika saltsatan ibili zen nahastuta.  1983 urtean baina, Miguel Berzosa helduentzako komikiak egitera pasatu zen Habeko Mik aldizkarian eta Mintxo zoritxarrez desagertu zen.  Hori bai, Komikerin behintzat  gogoan betirako izango dugu. Mintxo! Gogoan zaitugu!