Euskaldunak erdal komikietan (VIII): Aita Garai


Pertsonaiari buruz Osamu Tezukak ez zigun argibide handiegirik utzi, baina bere ibilbide luzean zehar diseinatu zuen pertsonaia ugarietako bati euskal jatorriaren usaina atzematen zaio. Aita Garai du izena.

Aita Garai
© Tezuka Production

Pertsonaia, 1976 urtean argitaratutako MW komikian agertu zen. Aldi honetan Tezukak ordura arte egindako haurrentzako komikiak alde batera utzi eta gai ilunagoetan barneratu zen. Horrelakoa da aipatutako komikia, iluna eta bortitza (marrazkiaren ikuspuntutik aldiz oso argia).

MWren protagonista nagusiak Garai apaiz katolikoa eta Michi Auki bankaria dira. Maitaleak dira biak baina era berean etsai amorratuak.
© Tezuka Production

Liburuaren argumentua

MWren protagonista nagusiak Garai apaiz katolikoa eta Michi Auki bankaria dira. Maitaleak dira biak baina era berean etsai amorratuak. Hamabost urte lehenago, nerabe bezala ezagutu zuten elkar Japoniatik hegoaldera dagoen uharte batean, base militar estatubatuar bat zegoen tokian. Arma kimiko sekretu batek, MWak, uharteko biztanle guztiak hil zituen, Garai eta Auki izan ezik. Baina Aukik ez zuen gasaren efektuetatik ihes egitea lortu, eta kontzientziarik gabe hazi zen buruan ideia bakar bat zuelarik: mendekua. Bankuen negozioan aurrera egin ondoren, bere posizio pribilegiatua erabiltzen du MWren ihes kimikoaren erantzuletzat jotzen dituen gizonekin harremanetan jartzeko eta, bide batez, bere seme-alabak hiltzeko.

Aita Garai

Komikiak ematen dizkigun datu biografikoen arabera, Garairen nerabezaroa Japonian gertatu zen, eta, beraz, ez litzateke bat etorriko Garai Euskal Herrian jaiotako misiolariaren ideiarekin. Baina ziur gaude, fikziozko pertsonaia honen eraikuntzan, Tezukaren buruan berak ezagututako norbaiten benetako erreferentzia izango zela. Tezukak abade katolikoak izendatzeko japoniarrak ez diren izenak aukeratzen ditu (Bishop eta Garai), nahiz eta Japoniako eliza katolikoak izan zituen japoniarrak bere baitan.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena garaibishop.png da
Bishop eta Garai elizgizonak aurrez-aurre
© Tezuka Production

Komikiaren beste alde interesgarri bat Tezuka, budismoaren jarraitzailea izanik, katolizismoari buruz egiten duen analisian dago. Komikiak atzean badu dokumentazio lan bat. Argi geratzen da, adibidez, erritu katoliko batzuen deskribapenean. Konfesioaren erritua dauka garrantzi berezia kontakizunaren bilakaeran. Dokumentazio lan bat igartzen da ere marrazki zehatz eta ederren bitartez islatuta agertzen diren eliza-eraikinetan. Japoniako elizetako elementu arkitektoniko ugari daude MW mangako elizetan, eraikin zehatz batekin identifikatu ezin izan ditugun arren .

Osamu Tezuka (Toyonaka, 1928- Tokio, 1989)

Osamu Tezuka - Inciclopedia, la enciclopedia libre de contenido
Osamu Tezuka, “Mangaren Jainkoa”, txapela buruan

“Mangaren jainkoa” goitizenez ezagutzen dena 1928ko azaroaren 3an jaio zen Osakan. Osamu txikiak oso gazterik garatzen du marrazkirako grina eta dohain nabaria. 1946an hasi zen bere karrera haurrentzako egunkari batean, medikuntza ikasketak Osakako Unibertsitatean burutzen zituen bitartean. Bere lehen komiki arrakastatsua 1947 urtean kaleratu zuen, Altxorraren uhartea, Japoniako komikigintza tradizionalarekiko estilo aldaketa bat ekarri zuena. Manga modernoaren kode eta teknika asko ezarri zituen orduan. Ondoren Lost World (1948), Metropolis (1949), Next World (1951) edo Faust (1950) etorri ziran. 1952 urtean Tokiora aldatzen du bizilekua eta garai horretakoak dira bere lanik ezagunenak: Jungle Emperor Leo, Astroboy, 1951-1968 bitartean garatu zuen seriea eta Princess Knight 1953tik 1956ra. Azken hau Shôjo generoaren aitzindaritzat hartzen dute (neska gazteentzat egindako mangaren azpigeneroa). 1962 urtean Mushi animazio estudioa sortu eta bere lanak animera egokitu zituen. Estudioaren porrota 1973an etorri zen eta ondoren komikigintzara bueltatu zen Tezuka. Urte askoan defendatu zuen manga haurrentzako produktua zela, oraingoan aldiz helduentzat komikiak sortzen hasi eta galduta zuen arrakasta Black Jack komikiarekin bueltatu zitzaion, 1973 urtean. Bere lanik txalotuenak garai honetakoak dira: Buda (1972-1983), MW (1976-1978) edo Adolf (1983-1985). Fenix izeneko lana bukatu barik zeukalarik, heriotza heldu zitzaion 1989an.