Non eta noiz jaio zen euskal komikia (3): Töpffer-Iraola connection.

Lehen postako bigarren puntuan adierazi dugun bezala, gaur egun aditu gehienek komikiaren historia Rodolphe Töppferekin hastea erabiki dute. Erdi erresumindurik azaltzen dute urruneko aurrekarien bila ibiltzeak ez duela merezi.

Beraz Rodolphe Töpffer komikiaren aitzindaria dela onartzen badugu, XIX. medean zehar aldizkari grafikoetan antzeko narrazio sekuentziala erabili duten egile guztiak ere, komikiaren kategorian merezimendu guztiaz sartu beharko ditugu. Frantzian Topfferiana webguneak ahaztutako artista hauek guztiak biltzeko lana hartu du.

Gurean ez dago Topfferianarik momentuz, baina zorionez gero eta ugariagoak dira gure lehen komikien altxorra gordetzen dituzten hemeroteka digitalak. Donostia Kulturakoan adibidez gure lehen komikirako plataforma izan zen  El Thun thun: semanario khoskero gordeta dago. Bitoriano Iraolak sortu zuen astekaria eta bera da gure Rodolphe Töpfferra, aldizkari horretan publikatu baitzituen lehen komiki istorioak. Jose María Unsain ikerlari oriotarrak Iraolaren lana ezagutzera eman zuen Antecedentes del cómic en Euskadi (1894-1939) aintzindari eta ezinbestekoa den liburuan(1).

Donostiako Liburutegian aldizkariaren ale batzuk baino ez dira gorde, eta horietako gutxi batzuetan ageri dira euskarazko komikiak. Bere komikien galeria osoa ikusteko Wikiland orri honetara jo dezakezue . Komikigintzaren historian modu apalean sartzen bagara ere, Bitoriano Iraolaren meritua itzela izan zen. Berak sortu zuen aldizkaria, berak idatzi zituen hainbat testu, berak ilustratu zuen aldizkaria eta, batez ere, berak sortu zituen gure historiaren lehen komikiak eta komiki tirak (nahiz eta aditu batzuek ez dioten pribilegio hori onartzen, hurrengo post batean ikusiko dugun bezala).

El Thun Thun aldizkaria, 1894-08-05, lehen euskal komiki tira

Bitoriano Iraola Aristegieta (1841-1919), Rodolphe Töppfer bezala, gizon jantzia izan zen. Antzerkigilea, Rodolphe Töppfer bezala. Poesia idazlea ere bai, Raimundo Sarriegik musikatu zuen zarzuela bat idatzi zuen… Iraolaren lana batzuetan karikaturaren eta komikiaren artean dantzan dabilen arren, publikatu zituen hainbat marrazki Topfferren lanari eman zaion komikiaren definizioarekin bat datoz. Eskuz idatzitako testu laburrak irudietan txertatzen ditu, marrazki eta testuen artean oreka mantenduz, eta istoriotxo laburrak osatzen ditu.

Iraolaren umorearen osagai inportante bat satira soziala da. Batzuetan, umorea gordin samarra da, Unsainek aipatu zuen moduan “algo subido de tono para el San Sebastian de la época”. Beraz,
XX. eta XXI. mendeko fanzinek landuko zuten umore mota baten aurrekaria ere izan zen Bitoriano Iraola.

(1) UNSAIN, Jose María Antecedentes del cómic en Euskadi (1894-1939) Donostia, Ttarttalo, 1989