Tomoë

Ikuspegi panoramikodun abentura epikoak baino gehiago

  • Harriet argitaletxeak zazpi album berri kaleratuz bukatuko du urtea.  Azken bi urteetan diferentzi handiz  album gehien kaleratu dituen editorea Harriet ediciones izan da, eta euskal komikigintza osoaren historian epe oso labur batean argitaletxe emankorrena izatera iritsi da. Aurten editatutako komiki bikain bat aukeratu dugu ondorengo lerroetan aztertzeko. Tomoë
  • Jack Manini gidoigileak fikzio istorio bat benetako historiaren barne kokatu du. Komikia komikia denenetik asmatutako formula da, milaka aldiz frantses formatuko albumetan erabilia izan dena. Hau honela bada,   historia eta istorioaren arteko mugak irakurleak berak bereizi beharko ditu. Baina “behar” esan dugu? Ez,ez da beharrezkoa eta irakurleak jakina, ondo jositako trama bat jarraitzea besterik ez du nahi izango, seguruenik. Informazio osoago bat jasotzeko atzekaldeko dossierrera jotzea besterik ez du behar.

Letra handiz idatzitako historia kasu honetan XV. mendeko Japoniara garamatza, Inperioko hiriburua den Kiotora hain zuzen, Japoniako historiak izan duen garairik ekaiztsuenaren atarira.  Orduko agintari militar nagusia Xoguna zen, aspaldian sortutako titulua eta teorian Enperadorearen zerbitzura zegoen kargua, baina mendeen poderioz erabateko botere politikoa bere gain hartu zuena. Baina hala ere leinu boteretsuen tirabirek Xoguna kolokan jarri zuten XV. mendearen hastapenetan eta komikiaren bigarren atalean azaltzen denez gatazkok Xogunatoaren amaiera ere ekarri zuten. Komikiaren bigarren ataleko kontuak hemen azaltzea ez da spoiler lanetan ibiltzeagatik, jakina,  komikiaren trama, letra txikitan saretzen den idatzitako istorioa, askoz eta  konplexuago eta aberatsagoa baita. Beraz komikia zabaltzea eta astiro eta ondo irakurtzea merezi du. 

Ez da beharrezko historia edo istorioa, eta bien arteko bereizketa eta loturen arteko gora-beherataz gehiegi mintzatzea beraz, Tieko ilustratzailearen marraztutako bineta eder eta zehatzez gozatzeko. Tieko okzitaniar marrazkilaria, estiloaren aldetik album frantses errealistaren norabidean kokatzen da bete-betean, hala ere, Japoniako marrazketa tradizionaleko zenbait ezaugarrietan arreta jarri du, izan ere zertzelada nipondar txikiz zipriztindu du albumaren hainbat orri. Zer esanik ez azalean erabili duen olatuaren gaiari buruz. Olatu erraldoi baten itzalean kokatu ditu komiki honetako protagonista den Tomoë eta honen antagonista den Yoshinaka pirata, azken hau bigarren plano batean. Olatuaren irudia Kanagawak olatu handiaren erreplika zehatza dugu. Gaur egun  ikonikoa bihurtu den olatua XIX. mendean sortu zuen artista japoniar batek, Hokusaik, ez da beraz komikiaren narrazioa girotuta dagoen garaikoa, baina Japoniako tradizioan txertatutako indar handiko elementu bat izanik, egileek naturaltasunez erabili dute. Komikien historian, hala ere, ez da  Hokusairen irudi bat eszena apaingarri gisa erabiltzen den lehen aldia, Hergé berak erabili baitzuen aspaldi maisu-lantzat jotzen  duten Loto urdina albumaren barne (opio erretzeko aretoko hormetako batean).   

Tiekok marrazkeran erakusten duen maisutasuna goia jotzen du akzio irudietan, batez ere taldekoetan, komikian zehar hain ugariak diren bineta panoramiko zabal eta zapaletan. Eta Japoniako manga klasikoaren aurrean Europako BDak abantailarik badauka hauxe da nagusietako bat, binetak antolatzeko espazioaren zabalerak egileei eskaintzen dien askatasuna.

 Marrazkilariaren trebezia erakusteko aukera ugari eskaintzen ditu Jack Maniniren gidoiak, batez ere goreneko une epikoetan. Une epikoak eta une fantastikoak  uztartzen dira beste momentu batzuetan, naturaz gaindiko indarrek istorioaren norabidea aldatzen dutenean, adibidez, Eguzki Jainkosaren brontzesko ispilu magikoaren lapurketa gertatzen denean. Yata No Kagami izeneko ispilua japoniar inperio-etxeko sinboloa da eta lapurraren gainean erortzen da bapatean ispiluaren madarikazioa.  Hala ere, orriari buelta eman, eta gure begietarako oparia, xehetasun osoz marrazturik akaso komikiaren orri ederrenak aurkitzen ditugu . Erabakigarria izango den batailaren aurreko unea da, epika fantastikoa umore errealista puntu batekin ontzen da, borroketan zaildutako gudaria kaka-aldian denen begibistan agertzen denean.  Irakurketan aurrera eginez nekazarienganako nobleek zeukaten mespretxua garbi adierazten duen pasartea dator. Beraz Tomoë abentura hutsa baino gehiago dela konfirmaturik dago,  ikuspegi zabaleko abentura epiko eta ederraren albotik badabil jira biran bigarren kontakizun bat, gizakia bere arruntasunean deskribatzen duena. 

Tomoë,  Harriet Edicionesen standean aurkituko duzue Durangoko azokan azken urteetan argitaratutako bere nebarreben parean.

Advertisements

3, 2, 1… Getxo!!

Ostiral honetan Getxoko Komiki Azokaren edizio berri bat ospatuko da, hamazazpigarren edizioa izango da aurtengo.  Urriaren 19tik 21era binetaren munduaren zerikusia daukaten liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako karpan.

Camille Jourdy, Jason Lutes, Javier Pulido edo Nazario bezalako atzerriko gonbidatu ospetsuak izango ditugu bertan. Azpimarratzekoa  Nazario komikigile espainiarrak jasoko duen omenaldia. Kontrakulturaren bide bihurgunetsuetan barrena ibilitako egile handia dugu Nazario.  

Baina lerroburuetan, ez dakigu zergatik, agertzen ez diren egileak ere izango dira Getxon. Lerroburuetan ez, baina Getxoko Komiki Azoka azken urteetan gehien auspotzen duten egileak berriro ere Xabiroi standaren inguruan bilduko dira.

Urtero legez Dani Fano arduratuko da Ikastolen Elkarteak sostengatzen duen standaren antolaketa lanarekin. Dani Fanoren jarraitzaileek badute aurten gainera pozteko beste arrazoi bat,  inoiz osatu duen lanik borobil eta mardulenarekin baitator Getxoko plazara, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Xabiroi edo liburuaren editorea izan den Astiberri argitaletxeko mahaietan erosteko aukera izango duzue.

Udazkeneko bigarren nobedade galant bat argitaratzen du Xabiroik, Haur Besoetakoa saileko bigarren albuma: Paristik datorren artista. Egileetariko bat larunbatean eta baita igandean sinatzen izango duzue Xabiroieneko standean, Sanvi marrazkilaria hain zuzen. Belatz ilustratzaileak Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza biltzen duen eleberri grafikoarekin parajetuko da Getxora.  Aurtengo nobedade arrakastatsuenetako bat izanik larunbatean izango duzue egun osoz Getxoko standean.

Bestalde Asiskok inprentan liburu berri bat prest duen arren, AztiHitzak,  ez du lortu Getxoko azokara garaiz heltzea (kontuan hartu behar Getxoko azokaren datak aurreratu izanaren ondorioetako bat hau dela) baina  Durangokorako bai ziurtatu duela iruindarrak bere presentzia.

Eta Getxoko azokarekin jarraituz han izango dira ere Julen Ribas Guillermo Gonzalez, Adur Larrea, Iñaki Holgado, Zaldieroa… gure komikigintzaren ordezkaritza bikainena eta arkatzak zorrotz liburuak sinatzeko prest izango dira guztiak beti bezala Xabiroiko standean (hemen behean dituzue sinatze txandak).

Harriet argitaletxea ere, prest izango da aurretik Komikerin iragarri genituen liburu berriekin. Kalean dira Tomoë, Hasiera berri bat eta Mutuaren hitza.  (Atxikituriko loturan aurkitu dituzue xehetasun gehiago).

TOMOE T 1 EUSKERA.indd

Azkenik, aurten zoritxarrez Luterl taldeko lagunek, agenda arazoak tarteko, standik jarriko ez dutela azaldu digute, baina bertatik bisitan behintzat pasatuko direla ziurtatu dute.

 

 

Urrirako hiru lan berri kaleratuko ditu Harrietek

Uda, opor garaia gehienentzat, hala ere, badira ortulari arduratsuak  udazkeneko uztari begira lanean sasoi honetan dabiltzanak. Harriet Ediciones ortulari arduratsu horietako bat dugu, lanean topera 2018 urtea amaitu aurretik 5 album berri argitaratzeko asmoa baitauka eta jakin dugunez, urrirako (Getxoko azokarako) lehen hiru tituluak  prest izango ditu. Komikerin informazio jaso eta hemen eskaintzen dizuegu:

TOMOË  (Edizio  osoa):       Gidoia: Jack Manini Marrazkia: Tieko.

Japonia,  1461.   Hamabi  urte   dituela,  Sayok  bere  arrantzale   herrixkaren  suntsiketa   ikusten  du   Yoshinaka   pirataren  eskutik  eta  bere   familia  guztia  sarraskitu   ondoren  bahituta  eramaten   du.       Sayok  hainbat  gaitasun   bereziak  hartu  ditu   oinordetzan  bai  eta  Tomoë,   uraren  jainkosa  eta  gerlari   famatuaren  ezpata  ere…   Bi   mende  lehenago,  Yoshinaka   pirataren  arbasoak  eta   Tomoë  bere  amoranteak  Kyoto  hiriburua  bereganatu  eta  ospea  lortu  zuten.  Piratak  gerlari   ahaltsua  bihurtu  nahi  du  Sayo  berearekin  ezkondu  aurretik,  bikote    mitikoa  berraragiztatzeko   asmoarekin  eta,  Shogunaren  boterea  ahultzen  dituzten  talkez  baliatuz,  Kyotoko  jauna  izan.     Tomoë,  Uraren  printzesa  eta  Ezpataren  erreginaren  kondairan  oinarriturik,  JACK  MANINI   gidoilariak  eta  TIEKO  marrazkilariak  Ashikagako  shogunatoaren  azken  orduak  eta  Japonia   kaosean  murgildu  zuen  historia  azaltzen  digute  errealitatea  eta  fantasia  nahasten  diren   mundu  batean.

 

MUTUAREN  HITZA  (Edizio  osoa):       Gidoia: Laurent Galandon Marrazkia: Fréderic Blier

20.  hamarkadaren  amaiera.   Zinema  isila  izaten  jarraitzen  du   baina  bere  garapena  geldiezina   da.   Celestino  Noirt   gazteak,   probintzietako  bere  aitaren   notariotza  utzi  du  zinema   munduan  lan  egiteko  bere  ametsa   betetzeko  asmoz.   Parisera  iritsi   berria,  estudio  handi  baten   lortzen  du  lana,  dekoratzaile  gisa,   baina  bere  nahiak  bestelakoak   dira:  zuzendari  izan  nahi  du!       Klasikoak  zein  erotikoak   proiektatzen  dituen  zinema  txiki   baten  jabea,  Anatole  Fortevoixek   hartua,  bertan    Constance,  aktore   gazte  gor-­‐mutua  ezagutzen  du    zein  gidoi  bat  idatzi  duen  eta  irakurtzera  ematen  dion.       Lagunen  laguntzaz  eta  jabearen  platoa  ezkutuan  erabiliz,  bere  filma  egitera  ekiten  dio,   arriskuak  nabariak  badira  ere.     LAURENT  GALANDONen  gidoiak  eta  FRÉDÉRIC  BLIERren  marrazkiak  istorio  bihozbera  eta   sentikorra  eskaintzen  digute  industri  berri  hartako  lanbide  ezberdinak  erakusten  dizkiguna   eta  zinemaren  hastapenei  omenaldia  egiten  diena.

 

HASIERA  BERRI  BAT:   Gidoia: Gwénola Morizur Marrazkia: Marie Duvoisin

Lily   haurdun  dagoela  jakiten   du,  bere  bikoteak  musika   taldearekin  biran  ateratzen   dela  esaten  dion  egun  berean;   gainera,  Kanadatik  etorri  den   Baltasar  bere  iloba  zaintzea   eskatzen  dio.  Lily  inoiz  ikusi  ez   dun  mutikora  moldatzen   saiatuko  da,  baina  bere   gurasoen  banaketak  triste  eta   goibel  utzi  du  umea.   Bihozkada  batek  eraginda,   Parisera  doa   Baltasarrekin.   Bidean,  Jimmy,  kanpoaldeko   gazte  batekin  topo  egiten  dute.   Eta  bidaiak,  Pierrotengana  eramaten  ditu,  zakurraren  konpainian  bere  artaldea  zaintzen   duen  artzaina.  Arima  nahasi  hauek,  elkarrekin  aurkituko  dute  bizi-­‐poza  berria.     GWÉNOLA  MORIZURren  lan  bikaina,   sentikor  eta  hunkigarria;   bere  indar  nagusia  bere   umorean  datza  bai  eta  MARIE  DUVOISINen  marrazki  apartetan  ere,  pertsonaien  emozioak   bete-­‐betean  islatzen  dituztenak.