baina 40 urte eta gero…. zakilixut xutik!

 

Euskal komikigintzak gaur badu  zer ospatu. Zakilixut Egin egunkariarekin batera jaio zen orain 40 urte eta denbora gutxian oso ezaguna bilakatu zen euskal irakurleen artean. Egin egunkarian aritu ostean, Euskaldunon Egunkarian marrazteari ekin zion Olariagak, eta 2003an hau indarrez itxi ostean, Berriara egin zuen salto. Berriako kontrazalean, leku pribilegiatuan, segitzen du gaur ere Zakilixut osasun ezin hobean.

Gure komikeriko komikizulo atalean,  orain dela 5 urte, idatzi eta ospatu genuen Zakilixuten 35. urteurrena. Baina gaurko ospakizuna askoz borobilagoa dugu.

Zorionak zure urtebetetzean
Zorionak, ta urte askotarako
Zorionak belarritik tiratzean
Zorionak ta musu bat zuretzako.

Tumatxa hi!

 

 

Advertisements

Antton Olariagaren erakusketa Aieteko ilustratzailearen Txokoan

Antton Olariagaren erakusketa zabalik izango da  Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan datorren abenduaren 15erarte. Aurrerapen modura hemen Donostia kultura tv.k argitaratutako bideoa.

Antton Olariaga (Usurbil, Gipuzkoa, 1946)  aurkezpen beharrik gabekoa,  euskal komikigileen artean punta-puntakoa, ibilbide luzekoa eta euskal grafismoari  azken hamarkadetan estilo berezi  eman diona. Nazioarte mailan ere nahiko ezaguna dugu eta  adibide modura ospe handiko Lambiek Comiclopedia   aipatuko dugu bera baita bertan agertzen den euskal egile bakarrenetariko bat (Asisko Urmeneta, Julen Ribas, edo bere belaunaldikoa den Jon Zabaletagaz batera). olariaga_gabonetako-oparia

Bere pertsonairik ezagunena marrazten 35 urte baino gehiago daramatza, Zakilixut  Egin-ekin batera jaio baitzen 1977 urtean, gero Euskaldunon Egunkarira salto egin zuen eta handik Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaiaren graziaz, Berriara pasatu zen, gaur arte. Komikerin behin eta berriro gomendatzen dugun “Hamaseigarrenean Aidanez” marraztu zuen 1985 urtean eta zoritxarrez ez du komiki lan luze gehiagorik argitaratu, guk dakigunik behintzat.

Beraz, euskal ilustrazioaren historia zati bat ezagutu nahi duenak hortxe dauka Aieteko ilustratzailearen Txokoa, Antton Olariagaren erakusketa (2013ko irailaren 17ik abenduaren 15era).

 

Zakilixutek 35 urte

Egunotan horren ondo ezagutzen dugun pertsonaiak bere 35. urtemuga ospatzen du. Bai, Zakilixut, Egin egunkariko orrialdeetan  1977ko irailean jaio zenak, gaur 35 urte beranduago bere martxan darrai egunero egunero Berriako kontrazalean. Politika, zein eguneroko kontuak, sexua eta hitz joku zorrotzak konbinatuz joan da bere ibilbidea egiten. Urteen joanean bai fisikoki, bai izaeraz aldatuz joan zaigu. Okotza luzatu zitzaion, porroak alde batera utzi zituen eta zuribeltzetik koloreetara pasatu zen.

 

Beraz Komikeritik zure urtebetetzean… Zorionak Zakilixut!