Erabat oharkabean pasa zaigun heriotza baten berri eman nahi dizuegu gaur Komikeritik. Luterl Elkartekoek gogorarazi digutenez, 2020ko azaroan Habeko Mik aldizkariaren fundatzailea, Enrike Larrarte, hil zen. Haiek esan bezala “Euskal komikigintzan izkutuko lana egiten dutenetako bat izan zen”.
Enrike Larrarte Arregi (1945-2020), Habeko Mik aldizkariaren sortzailea
Enrike Larrarte marrazkilaria izateaz aparte -adibidez, 1978-79 urteetan Zeruko Argian astero marraztu zuen-, Habeko Mik aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile nagusia izan zen. Luterlko lagunek egindakoa izango da seguruenik Enrike Larrarteri egin zaion elkarrizketa bakarra –Globho fanzinaren 12. zenbakian argitaratu zen-. Bertan, Habeko Miken jaiotzaren eta mantentzearen gakoak azaltzen dira, eta, beraz, aldizkari horren sorrera eta garapena ulertzeko funtsezko testigantza da. Eta gai honen inguruan gehiago sakondu nahi duenak Juan Manuel Diaz de Gereñuk egin zuen ikerketa sakon eta zabalera jo dezake: Habeko Mik (1982-1991), euskal komiki ahalegina.
Juan Antonio Letamendia (Donostia, 1940), Leta, Lerro, Neuk, Geuk edo Fits goitizenekin sinatu zuen marrazkilaria dugu. Gaur egun komikizaleen artean arras ezezaguna den arren, gure ustez talentu handiko egilea da. Euskal komikiaren zuzia 60. hamarkada osoan zehar piztuta mantendu zuen egile bakarra izan zen.
Zor itzela dugu euskal komikizaleok bederatzigarren artea sasoi ilunenetan ere bizirik mantendu zuten egileekin. Sasoi oso iluna izan baitzen euskal kulturarentzat orokorrean, eta euskal komikigintzarentzat konkretuki, 1936-39ko gerra amaieratik 1970 hamarkadaren erdi aldera doan tartea (1972 urtetik aurrera gauzak aldatzen joan ziren). Iluntasuna ia erabatekoa izan zen Anaitasuna sortu (1953) eta Zeruko Argia berpiztu zen arte (1954). Bi aldizkari hauetatik kanpo ez dugu (orain arte behintzat) euskal komikien arrastorik beste inon aurkitu. Kontuan hartu behar da 60. hamarkadako beste argitalpena, Pan-pin tebeoa, Zeruko Argiaren gehigarri edo “suplemento” moduan zabaldu zutela, denborak aurrera egin ahala modu nahiko autonomoan funtzionatu bazuen ere. Anaitasuna eta Zeruko Argia eta haren gehigarri Pan-pinetik at, beraz, deusik ez.
Zeruko Argiaren ibilbidean 1963 urtea funtsezkoa izan zen. 1960. urtean agintari frankistek Zeruko Argia hilabetekaria zarratu egin zuten. Hala ere, 1963 urtean hirugarren jaiotza bat izan zuen aldizkariak eta oztopo eta debeku guztien gainetik indarberriturik kaleratu zen berriz aldizkaria, oraingoan langa gorago jarriz, astekaria bezala. Aldizkari berritu hartan agertuko ziran Letamendiaren txiste grafikoak. Era berean, 1960tik hilabetero agertzen zen Pan-pin tebeoa berrantolatu egin zen, Jesus Elosegik Pan-pinen ardura hartu zuenean. Orduan Letamendia eta Yulen izeneko marrazkilariek, bertan argitaratu zuten ilustrazio, tira zein orri beteko istorioak. Pan-pin-ekin kolaborazioa 1964 urtean eten egin zen.
Zeruko Argian epe oso luze batez, hamar urtez, mantendu zuen piztuta komikiaren zuzia Juan Antonio Letamendiak. Egia da, komiki kopuruaren aldetik, ez zuela gehiegi argitaratu, baina Zeruko Argiarekin mantendu zuen harremana espero genuen baino luzeagoa izan zen eta harreman horri esker euskal komikiaren historiaren errepasoa egiten dugunean 60. hamarkada, ez da zulo hutsean geratu.
Pan-pin tebeoan istorio luzeagoren bat argitaratu bazuen ere, 60. hamarkadan bineta bakarreko umore-grafikoa landu zuen nagusiki.
Zeruko Argiarekin harremana hamarkada oso batez mantendu zen. 1963 urteko martxoan, aro berriko lehen Zeruko Argian, egin zuen lehen kolaborazioa. Azkena 1973 urteko ekainekoa izan zen. 1969-1973 tartean Zeruko Argiarekiko kolaborazioak urrituz joan ziren, garai hartan filologia ikasketetan murgildurik buru-belarri zebilelako. Jarraian Santo Tomas Lizeoan klaseak ematen lanean hasi zen. Garai hartan sortu zituen ikasketetarako lehen material didaktikoak. Alor horretan bereziki nabarmendu izan da Letamendia, hau da, euskara ikasteko liburuen sorkuntzan. Gramatika akigarriak sortu beharrean, komikiaren baliabide komunikatiboak irauli zituen liburuen orrietara. Umore grafikoa euskararen zuen ezagutzarekin ederki uztartzen jakin zuen. Esan behar da gaur egun euskara zabalkunde edo ikerketaren alorrean egindako lanagatik batik bat, dela ezaguna Letamendia (1975ean euskaltzaina izendatu zuten). Hala ere, euskal komikiaren historia osatzeko lanean gabiltzanez, arreta nagusia komikigile bezala izan zuen traiektorian jarri dugu.
Euskera-6 izan zen sortu zuen lehen testuliburua. Baina ez zen horretan geratu, ez. Euskara ikasteko Bakarka metodo arrakastatsuaren lehen 3 liburuak Letamendiarenak dira, eta arrakasta horren sekretua liburuaren alde grafikoan datza seguruenik, gramatika-liburu huts eta idorra izan zitekeena, komiki istorio umoretsuen erabilerari esker, irakurgai atsegina bihurtzea jakin baitzuen. Horren berezia da euskal komikiaren historia ze, non eta gramatika liburuetan ere, gure komikigintzaren urratsak aurki ditzakegu.
Baina Juan Antonio Letamendiak komikiarekin zuen harremana ez zen horretan
geratu. Franco hil osteko aldizkari berrietan komikiak sortzen segitzeko aukera
izan zuen eta hala egin zuen. Eugenio
Ibarzabalek Garaia aldizkaria
1976 urtean sortu eta aspaldiko laguna izanik, Juan Antonio Letamendiari lekua eskaini zion aldizkarian. Orduan jaio
zen Fits. Izen berri horrekin sinatu zituen gazteleraz zein euskaraz aldizkari
horretan argitaratu zituen marrazki guztiak. Bertan bineta bakarreko ilustrazio
ugari zein komiki istorio luzeagoak landu zituen. Zoritxarrez Garaia ibilbide laburreko argitalpena
izan zen. 1976ko irailean sortu eta 30 ale argitaratu ondoren, 1977ko martxoan zarratu
zen.
Garaiako zuzendari ohiak, 1979 urtean, Muga izeneko aldizkari berri baten sorreran hartu zuen parte. Berriz
ere Eugenio Ibarzabalek Letamendia aukeratu zuen aldizkariaren
umore grafikoaren atala lantzeko. Oraingoan argitalpenak biziraupen luzeagoa izan
zuen eta 1986 urtera arte iritsi zen. Aldi berri horretarako Fits goitizena mantendu zuen Letak, normalean orri biko komikiak landu
zituen eta estilo grafikoaren
ikuspegitik ere, nabarmena izan zen aldi horretan izan zuen bilakaera.
Azken lanak Hondarribia aldizkarirako sortu zituen Letamendiak, 1981-1991 tartean. Ibilbidea luzea 1963tik 1991ra.
Izengoitien hiztegi txiker bat
Bere lanak sinatzeko erabili
zituen izengoiti ezberdinetan Juan
Antonio Letamendiaren ibilbide artistikoaren argibideak daude: Leta, Lerro, Neuk, Geuk edo Fits izan dira bere garai ezberdinetan erabili zituen izenak. Argibidea esan dugu eta akaso nahasbidea idatzi behar genuen,
hainbeste izengoitien erabilerak identifikazio arazoak sortu besterik ez baitu
egin. Alabaina izengoiti guztien atzean zegoena autore bakarra zen, Juan Antonio Letamendia.
Leta: Bere
abizenaren lehen letrekin, Leta,Pan-pinen agertu zen.
Lerro:
izena Zeruko Argiaren lehen aleetan
erabili zuen. 1963ean hasi eta 1965eko urriko 17ra arte.
Geuk eta
Neuk:
Batzuetan Geuk, besteetan Neuk, izen biak erabili zituen Zeruko Argian 1966ko irailetik 1973ko
ekainera doan tartean. Tartekatze horren arrazoiak Juan Antonio berak eman zizkigun iaz egin genion elkarrizketan:
“Neuk, neronek osorik asmatutako txisteetan erabiltzen
nuen. Baina halako batean beste norbaiten testu soilak, “Aitonaren irakatsiak”
titulupean, nik marrazteko pasatzen hasi zitzaizkidan eta bistan da orduan
sortzaile nagusia ez nintzela ni, testu asmatzailea baizik. Hori dela eta,
Neuk-en ordez Geuk sinatzen nuen horrelakoetan. Bion umorea, gainera, oso oso
bestelakoa zen. Testuaren asmatzailea (izkirimiriarena, beraz) Txomin Amasorrain
bergararra zela esango nuke”
Fits: Garaia(1976-1977)
eta Muga
(1979-1986) aldizkarietarako aukeratutako izengoitia dugu. Halako izen bat
hautatzeak zerikusia du seguruenik Letamendiak
bere buruarekiko eta bere lanarekiko erakusten duen apaltasun jarrerarekin. Ez
da gure ustez jarrera zuzenena, Letamendiak kopuru aldetik ez zuen lan
ikaragarri bat ekoiztu, hori egia da, baina bere marrazkerak eta umoreak
badaukate nortasun artistiko oso interesgarri bat, orduko nazioarteko umore grafikoen
korronteekin lotura agerikoak dituena.
Sinpletasunaren zorrotza
Umore grafikoaren klabean marrazten du Letak. Zeruko Argiako lehen sasoian bineta bakarreko umore grafiko landu zuen. Estiloaren aldetik eraginak berak azaltzen ditu aipatutako elkarrizketan. Lehenik eta behin, La Codorniz-eko aldizkari satirikoaren eragina dator, eta La Codorniz-eko egileen artean, batez ere donostiar egileen influentzia nabarmentzen du. Alvaro de Laiglesia donostiarrak zuzendutako aldizkarian baziren ere egile donostiarrak. Chumy Chumez edo Rafael Munoa adibidez. Azken hau da inportantea bereziki Letarentzat, laguna baitzuen, eta gazten denboretan Donostiako alde zaharrean zuen bitxi-dendan sarri izan zen, Munoa marrazketan ari zen bitartean, haren ondoan begira-begira ordu luzeak emanez. Beste egile batzuen eraginak ere, Conti eta Bruguera eskolakoen egileena adibidez, bistakoak dira.
Alabaina orduko Letaren marrazki estiloa arretaz aztertzen badugu, Conti edo Munoaren ildoan baino, uste dugu Siné baten sinpletasun grafikotik gertuago dabilela. Bai Sinék eta bai garai hartako Letak marrazteko inprobisazio efektua bilatu baitzuten, gehiegi lantzen ez den marrazkia, paradoxa-umorea egiteko askoz eraginkorragoa baita. Detaile txikiagoetan ere berriro Siné datorkigu gogora, adibidez ninigabeko begi zurien erabileran.
Noski, Siné-ren eta Letaren antzekotasunak alde grafiko horretan bukatzen dira, Letak azken finean ez baitzuen izan aukerarik karrera grafiko oso bat komikigintzari loturik bizitzeko, euskal komikigintza ia existitzen ez zelako eta gaien aldetik ere, orduko mugak oso hertsiak zirelako.