Angulematik berri onak euskal komikigintzarentzat: Hemen da Superpatata!

Urtarrilaren 24tik 27ra Angulemako komiki jaialdi ospetsuaren edizio berri bat ospatu zen. Bederatzigarren Artearekin zerikusia duen edozer aurkitu dezakegu bertan, argitaletxe handi zein argitaletxe ertain zein argitaletxe txiki, bigarren eskuko azoka handia, erakusketak, komikigileak etab.
Baina nork pentsatuko zuen Angulemara joan eta bertatik euskal komiki batekin bueltatuko ginatekela.


Komiki independiente eta alternatiboen karpan, Le  Nouveau Monden,  Bang etxeko lagunek aurkitu genituen eta guretzat oso pozgarria den berri bat eman zigun etxe horretako editorea den Stephàne Corbinaisek, Superpatata seriea euskaraz argitatzeari ekingo diotela.

Haurrak komikietara hurbiltzeko Bangekoek aspaldi Mamut bilduma
abian jarri zuten , eta irakurle txikien adin ezberdinetara egokitutako komiki serieen ekoizpenean nabarmendu dira azken urteetan. Bilduma orokarra azpiserie ezberdinetan dago banandurik: irakurtzen ez duten umeentzat (+3), lehen irakurleentzat (+6) eta irakurketan aurreratuagoak diren umeentzat (+9)

Orain euskarara ekarri duten Superpatata seriea Mamut +6 azpibilduman kokaturik dago, hau da, sei eta bederatzi urte bitarte dituzten lehen irakurleentzat egokia den bilduman. Superpatata pertsonaiaren sortzailea Artur Laperla dugu, eta seriearen bederatzi liburuetatik lehen alea da Angouleman eskuratu duguna: Superpatataren jatorria. Bartzelonan bizi den Esther López Epeldek izan du liburua itzultzeko ardura.