Supermendikute! Primerako komikia Eibarren

Idatzizko prentsa  euskal komikigintzaren euskarri nagusia izan zela eta gaur ere badela esan dugu Biktoriano Iraolaren gaineko aurreko postean. Ez dugu iritziz aldatu.  Baina herririk herri, edo eskualdeka, tokiko prentsan argitaratzen den komiki produkzioaren jarraipena egitea ez da batere erraza. Normalean zabalkundea hain mugatua izaten da ze,  Eibar aldean, 1.200 tiratik gora argitaratu diran komiki bikain baten berri orain gutxi izan dugu 2 (1)

Lehenengo mailatik gertu dabilen futbol talde bat izateaz aparte, lehenengo mailako komiki bat ere badute Eibarren.  Pertsonai finko batzuk erabiliz Jose Antonio Azpilikueta irudigile eibartarrak 1992tik Supermendikute izeneko zinta finkoa mantendu du igandero “El Diario Vasco”k Eibarrerako argitaratzen duen edizioan.  Azpilicuetak bi bilduma-liburu argitaratuak zituen, eta aurtengo urtarrilean  hirugarrena kaleratu du, 2002tik 2013rainoko tirak bilduz. Eibarreko Portalean egin zuen Azpilicuetak liburuaren aurkezpena, eta besteren artean aipatzekoa da liburuaren hitzaurrea Bernardo Atxagak idatzi duela.

Supermendikute, ALFAko jubilatua, Azpilicuetak 1992 urtean sortu zuen “justu benetako Superman hil zanian. DC Comics-ekoek hiltzia pentsatu eben marketiña eittiarren, euren asmua zan gero klon diferentetan berpiztea: bata baltza, bestea hispanoa, bestea orientala… ta nik pentsau neban beste bat eibartarra izan zeikiala”. 

3

Supermendik pertsonaiak serieari izena ematen dion arren Evarista bere andrea ez da bera baino gutxiago, are gehiago,  zintak arretaz irakurtzen badituzue, konturatuko zarete Evaristaren ateraldiak gehienetan zuhurragoak direla Supermendirenak baino. Dena dela, biak batera  Eibar aldean makina bat irribarre sortzen dituzte domekero. Eibar aldean diogu, bai, baina ez legoke txarto zabalkunde handiago bat egitea gure heroiari, gorago  aipatu ditugun DC etxekoak baino askoz ere gertuagokoa eta jatorragoa dugulako armagileen hirikoa.

Lehen euskal komiki tira

Euskal komikiaren aita edo aitxitxea edo aitzindaria, Biktoriano Iraola dugu. Sortzez pasaitarra, bere bizitza gehiena Donostian eman bazuen ere. Nobela, poesia eta antzerkia idatzi zuen baina inprimatzailea zen lanbidez. Donostiako Legazpi kaleko bosgarrenean izan zuen bizilekua eta baita lantegia ere; urte batzuk geroago, Pio Baroja bizi izango zen etxe berean. Inprimategiko tresneria mugitzeko Rosita izeneko asto eme bat zerabilen patioan jira-bueltaka.

Bere lehen irudiak El Thun Thun – Semanario Koshkero (1894) aldizkariarentzat marraztu zituen XIX. azken hamarkadan eta baita Baserritarra: probintziako ganaduen terramako albistaria hamabostekarian geroago, 1907. urtetik aurrera.

El Thun thun aldizkarian 1894ko abuztuaren 5ean agertu zen marrazki tira hau da gaur egun  aditu gehienentzat  lehen euskal komikiaren adibide garbia.

0014

Hemen irudiak kateatu egiten dira istorio labur bat osatzeko, globoak oraindik agertzen ez diren arren. Marrazki-istorio bat, azken batean hau da komiki baten ezaugarri nagusia. Globoak zein beste hainbat elementu berri Ameriketako komikigintzatik helduko dira Europara, baina hori askoz beranduago izango da.

Amaitzeko, Biktoriano Iraolaren garaitik hona aldatu ez den gauza bat aipa dezakegu. Idatzizko prentsa da gaur egun ere euskal komikigintzaren sostengu  nagusia.