Zaldieroa (Patxi Huarte Larraburu, 1966)

Patxi Huarte Larraburu, Zaldieroa goitizenez, Nafarroako Erriberan, Faltzesen, jaio zen baina Iruñean bizi da aspaldidanik. Bere lehen irudiak Korrok literatur aldizkarian argitaratu zituen eta gutxira, bere kolaborazioak hainbat euskal komunikabideetara  zabalduz joan zen:  Euskaldunon Egunkaria,  TMEO, Nabarra, Aizu, Nafarkaria… Azken hau Egunkaria-ko Nafarrorako gehigarria zen eta bertan Patxi Huartek bere lehen tira komikoak argitaratu zituen era finko batean (marrazkiok sarean eskuragarri daude 2013ko apiriletik). © Berria / Garaialde / ARP

Gaur bere kolaborazioak Berria, Nabarra, Aizu!,  Xabiroi, Karrika eta Deia aldizkarietan barreiaturik ikus daitezke. Baina ospearen parte nagusia Berria egunkarian De rerum natura izeneko komiki zintei zor dio.  2005etik hona  urte biro komiki-zinta hauen antologia argiratzen du Elkarrek. Azkena 2011 urtean argitaratu zen, beraz susmoa hartzen diogu agian aurtengoa 5. alea kaleratzeko urtea egokia izan daitekeela. (Agian Durangoko Azokarako?)

Dagoeneko ibilbide luzea egin du De Rerum Naturak. “Hainbat pertsonaia desagertu, aldatu, eta agertu dira. Hemen agertzen diren eguneroko gaiak nobela batean bezala sortu, konplikatu eta konpondu egiten dira” komentatzen du Berriari eskainitako elkarrizketa batean.  Gaiak zein pertsonaiak, bere irudimena eta eguneroko gertakarien uztarketaren emaitza dira. Azken finean, bere burua kazetari moduan ere definitzen du Patxik “Ni kazetari sentitzen naiz eta kazetaritza oso ofizio ona dela uste dut”. Beraz, ulergarria 2009an Prentsa idatziaren Argia Saria berak irabazi izana.

Eguneroko azterketa horretatik jaio ziran aspaldian The Organization, Euskal Taliban Jatorra eta Yoda, Azken antxoa, Euskal Michael Moore, Xaxa katua (G.B.), Gizon Jakintsua edo M’ongolo bezalako pertsonaiak, batzuk desagertu edo beste batzuk gerora sortu ziran berriekin elkarbiziko zirenak, eta direnak:   La Pelota Basqua, Napoleon Lopez, Nafarroako katebegi galduak, La Konsti, Koinata…

Zaldieroaren zinten jarraipena egiteko egunero Berriaren atarira jo daiteke, bigarren aukera, hobea gure ustez, Berria egunkaria paperean erostea.

© argazkia Berria/Garaialde/ARP

 

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.