Bineten doinuak

Komikiak duen unitaterik txikiena da bineta . Bineta, “narrazio-pakete” bat da, espazio-denboraren irudi piktografikorik minimoena eta bata bestearen ondoren kateatuz sekuentziak eraikitzen dira, era horretan, sekuentziaz sekuentzia, komikia egiteko. Irudiz osatutako narrazio-sekuentzia bat baita bederatzigarren artearen maiz erabiltzen den definiziotariko bat.

Binetek, hortaz, euren kideekin duten harremetan oinarritzen dute esanahia. Hala ere testuingurutik aterata ere badute interesik, bigarren bizitza bat balute bezala eta artikulu honetan lupa bineta bakar baten gainean jarriko dugu lehendabizi, gero edizio ezberdinetan jaso dituen aldaerak aztertzeko.

Aukeratu dugun bineta, aurten zendu den Uderzok marraztu zuen Pilote aldizkarirako 1962 urtean, eta istorioa osoa 1964an argitaratu zen albumean, Le Combat des chefs titulupean. Euskaraz lehendabiziko edizioa Iñaki Beobidek kaleratu zuen 1975 urtean Buruzagien burruka izenburuarekin. Eta aukeratu dugun bineta album horretako 13. orrialdean beheko aldean agertzen den bineta da, Asuranceturix koblakaria, Panoramix sendatzeko ahaleginetan, kantatzen hasten denean.

Baina lupa binetan jarri dugunez irakurketa arin batean oharkabean pasatzen diren era askotako elementuak aurki ditzakegu. Komiki hizkuntzarenak bere-bereak diran osagaiak ageri dira.

Uderzok koblakaria  ozen kantatuz marraztu du eta ondoan, marrazkiaren esan nahia osatzeko testuak eta ZEINU BEREZIAK erabili ditu, komiki irakurketan trebatutako edozeinek behar bezala interpretatuko dituenak.

Elementu grafiko bereziak

Badira bineta honetan hainbat elementu grafiko interesgarri: kantaren testuaren ondoan, globoaren barnean, pentagrama bat. Normalean trakets kantatutako abesti bat adierazteko pentagrama modu irregularrean irudikatzen da.

Pentagrama dardaratia doinu txar baten ikurra

Asuranzeturixek eskumako eskuarekin arpa zelta bat jotzen du eta musikariaren baldartasuna azpimarratzeko, dorpetasuna adierazten duten onomatopeia pare bat erabili ditu marrazkilariak: Clong! Cling!. Clong eta Cling ez dira erritmoa edo musikaltasuna adierazten duten hotsak, kontrakoa baizik.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena ifyou2.jpg da
Clong! Cling! Kolpatze baldarrak arritmia adierazten du

Ahotsaren indarra adierazteko Uderzok hiru marratxo marraztu ditu Asuranzeturixen aho aurrean.

Begi itxiek konzentrazioa adierazten dute, hiru marratxoek ahotsaren indarra

Baina oraindik ere askoz indartsuagoak dira binetaz kanpotik, aurkako aldetik, norbaitek jaurtitzen dituen algara marrak, eta marrak onomatopeia indartsuen artean kokaturik daudenez, binetaren zati handi bat betetzen dute. Algara zeinuek abeslariaren patetismoa are gehiago nabarmentzen dute.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena ifyou4.jpg da
Baina Asurazenturixen ahotsaren gainetik askoz indartsuagoak dira publikoaren barre- algarak eta publikoaren ahotsen indarra adierazten dituzten marratxoak

Asuranceturix, Estitxutik Benitora

Arestian aipatutako zeinu grafikoek sarri nazioartean onartutako esanahia dute, adibidez, musikaltasuna adierazteko erabiltzen den pentagrama . Beste sinbolo grafiko batzuek, berriz, herrialde bakoitzari egokitzen diote formatua. Onomatopeiak, esaterako, hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen dira.

Baina, hala ere, badira hizkuntza berean garai ezberdinetan edizioz edizio aldatzen joan diren onomatopeiak. Euskal algararen onomatopeia, urteak igaro ahala aldatuz joan da. Iñaki Beobideren 1976ko edizioan HA, HA, HA, HO, HO, HO, Elkarren 1991eko edizioan JA JA JA, JO, JO, JO eta azkenin Salvateko 2013koan KAR, KAR KAR.

Baina kantak ere egokitu egin dira, herrialdeen arabera eta baita urteen poderioz egoera ezberdin eta garai bakoitzeko modak jarraituz. Asuracenturixek euskaraz kantatzeko aukeratu dituen kantak hauek dira:

  1. binetako kanta Estitxu abeslariak 1973an sortu zuen: Goazen ikastolara. Ikastolak antolatzen ari ziren garaietan osatu zen abestia. Iñaki Beobidek abestiak zuen esanahi sinbolikoagatik erabili zuen komikian. Estitxuren jatorrizko bertsioa ez dugu aurkitu baina hemen duzue haren ilobak, Naia Roblesek egin duen bertsioa.
  2. binetako kantaren estrofa laburra, Euskal Pizkundea kantakoa da. Benito Lertxundiren Euskal Pizkundea Oro laño mee batek… diskatik aterata dago. 1974 urteko binilozko diskaren B aldeko lehen kanta gaur Benitoren errepertorioan hain famatua ez izan arren, seguruenik gustukoa izan zuen Joxemari Azurmendi itzultzaileak, Asterixeko albumerako aukeratu baitzuen. Hemen daukazue 1974ko bertsioa.
  3. binetako kantak gaur ez du aurkezpenik behar, euskal kantutegiko izar nagusietako bat baita. Baldorba 1996eko Hitaz oroit diskan agertu zen eta Ramon Iriartek, itzulpen berriaren arduradunak, ez zuen dudarik izan Asuranzeturix koblakariaren ahotan abesti ezaguna jartzeko.