Portugaleteko komiki lehiaketak baditu irabazleak

Euskal Herrian ospatzen den komiki lehiaketa beteranoenak aste honetan eman du jakitera aurtengo txapelketaren irabazleak nortzuk izan diren. 2020ko podiumera hauek igo dira:

LEHEN SARIA Vamp Raúl Ariño Merino
BIGARREN SARIA Bihots Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin
HIRUGARREN SARIA Los viejos roleros Roi Paz Collazo

EUSKARAZ Sagarra eta gezia Igor Sarralde Ussia

34. edizioa bete duen lehiaketak, sasoi oso onean dagoela erakutsi du, guztira 85 lan aurkeztu baitira.

Baina, bestalde, euskaraz aurkeztutako lan bat lehen postuetan ikusteak, poza besterik ez digu ematen, jakinda, gainera, lehiaketa honetara espainiar estatu osoko egileek bidaltzen dituztela euren lanak (lehen sariduna adibidez A Coruñakoa da, hirugarrena Bartzelonakoa).

Beraz, zorionak lehiaketaren irabazleei eta zorionak baita, lehiaketaren antolatzaileei.

“KOMIKIA: Euskal komikia 1975etik” erakusketa Bakiora heldu da

KOMIKIA: Euskal Komikia 1975etik duela hiru urte sortutako erakusketa baten jarraipena da, Komikia: Euskal komikia 1975-2017rena.  Bizkaiko Aldundiaren babesarekin antolatu zen orduko erakusketa eta baita oraingoa ere. Kike Infame eta Mikel Begoña ibili dira komisario-lanetan eta saiatu dira azken hiru urteak kontuan izatea erakusketa eguneratu eta freskatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ibiltari programaren barne kokatzen da ekimena,  eta erakundearen asmoa erakusketa geroago beste herri batzuetara eramatea da.

Erakusketa berriaren helburu nagusia hauxe da: 1975 urtetik gaur arte komikigintzak Euskal Herrian izan duen bilakaeraren ikuspegi orokor bat eskaintzea.  Ardatzean euskaraz ekoiztutako materialak daude, oraingo erakusketa berriztuan ere, eta azken hiru urteotako ekoizpenaren lagin bat bertan ikus daiteke.

Euskal Komikia 1975etik Bakioko Txakolingunean (Basigoko Bide Nagusia, 3), ikusgai izango da egunero, urriaren 5etik 2021eko ekainera arte.

Beraz, denbora dago bertatik pasa eta, Bakioko txakolin kopa bete eskuan, erakusketaz gozatzeko.