Komikiak gordeta baina bizirik, Komikigunea

Mundu mailan  handienetariko den komiki bilduma, Luis Gascarena, Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazio luzeen ostean erosi  eta  Donostian zabaldu den Komikigunea zentroaren oinarri sendoa bihurtu du. Koldo Mitxelenako Komikigunea aurrerantzean komikien gordailua izatez aparte, ikertoki, bilera eta aurkezpenentzako egoitza izateko helburuarekin sortua da. Honela azaltzen dute Koldo Mitxelena Liburutegiko webean:

“Komikiaren mundua kontsultatzeko eta ikertzeko gune bat da, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak sortua eta Donostiako Errege Katolikoen kalean kokatua. Komikiguneak Luis Gascaren bilduma hartzen du abiapuntutzat, eta barruan biltzen ditu komikiak, pulp aldizkariak, fanzineak, jatorrizko obra grafikoa, filmak, komikiari buruzko ikerketak eta abar. Aldez aurretik ordua eskatu beharreko dokumentazio zentro gisa sortua da, eta komikiaren munduko ikertzaileari edo zaletuari materiala kontsultatzeko aukera eskaintzen dio, arreta pertsonalizatutarekin.” IMG-20141113-WA0002

Bilduma horren osagarria da KMK-ko Liburutegiko areto berri bat; bertan daude azken hamarkadako 1.500 komiki, zuzenean eskuragarri nahiz mailegatu daitezkeenak.

Helbidea: Errege Katolikoen kalea, 16, 20006 Donostia

Aldez aurretiko hitzordua, astelehenetik ostiralera: 10:00-14:00

Telefonoa: 943 249690

Posta elektronikoa: komikigunea@gipuzkoa.net

Kontsultatu gure komikiak

Astiberriren hirugarrena… “Maria eta biok”

Jakin berri dugu Astiberrik abendurako “Maria eta biok” Miguel Gallardoren lan ezaguna  kaleratuko duela. Aurten kaleratzen duten hirugarren lana izango da. Hau, euskal komikigintzaren panorama elkorran gauza pozgarria eta era berean nahiko bitxia da.

Indar handiko bi lan argitaratuz iaz Txalaparta  ibili zen beste guztien gainetik . Besteak beste, aurtengo Euskadiko Ilustrazio sariduna euren eskuetatik irten zen, Habiak).

Esan dezakegu huts egiteko beldur barik, aurtengoan aldiz, hirugarren komikia kaleratuz, euskal komikien rankinean lehena Astiberri  izango dugula. Abenduaren bosterako izango da Gallardoren “Maria eta biok” dendetan.  Euskal komikigintzak gutxitan, gero ta gutxiagotan, pasatzen duen langa gainditu dute.

Poztazunez baina zalantzaren bat eta erdi

Udaberrian “Baleak ikusi ditut” agertu zen. Ondo promozionatu eta mariaetabiokmerkaturatu zen Isusiren lana, hala ere, irailean Paco Rocaren “Zimurrak”, inolako aurkezpen ofizialik eta promoziorik gabe, ia sorpresaz plazaratu zuten. Abenduaren 5ean agertuko den “Maria eta biok” lana era berdinean joango dela deritzogu, justu Getxoko Komiki Azoka igaro ostean kaleratzeak ere… harridura pixka bat sortzen du.  Euskaraz gehiegi ez dela salduko jakin arren , Paco Roca edo Miguel Gallardoren lanen jendarteratzeak alde guztietatik esfortsu eta ilusio handiagorik ez luke beharko?

Beraz, alde batetik poztasun itzela, halako lan bikaina gure hizkuntzan irakurtzeko aukera izango dugulako. Oraingoan ere, Bego Montorioren arduran joan da itzulpena, beraz alde horretatik kalitatearen labela itsatsita darama liburuak .

Bestalde, eta hau da kolkoan daroagun beste zalantza erdia… argitalpen politika ona ote da  hegoaldeko komiki irakurle gehienok gazteleraz irakurriak ditugun liburuak argitaratzea? Bai? Ez? Zein da zure iritzia?