Pan-Pin (1960-1968)

Pan-Pin  hilabetekaria Zeruko Argiaren  eranskina bezala sortu zen 1960 urteko otsailean. Eragilea nagusia Joseph Camino arnegiarra izan zen, garai hartan Euskualzaleen Biltzarreko idazkaria eta  L’Enfance du Pays Basqueko kapilaua zena. Iparraldean euskal umeei zuzendutako ume aldizkari bat sortzeko ahaleginean huts egin ondoren, Pierre Charrittonen laguntzaren bila joan eta honek Bonifacio de Beizama Hondarribiko Kaputxinoen konbetuko buruarekin harremanetan jarri zuen. Garai hartan Bonifacio Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria zen eta proiektua gogoz hartu zuen.  Bonifacio eta Joseph izan ziran beraz Pan-Pin proiektuaren lehen eragile eta zuzendariak.

Gipuzkera eta napar-lapurterazko edizio bana argitaratzen ziran Pirineoetako alde bietara zabaltzeko, eta bizkaieraz idatzitako orri bat gehigarri bezala agertu zen gutxira aldizkarian.  Pan-Pin Donostian inprimatu zen lehenengoz “Los hijos de Alvarez Iraola” etxean , urte gutxira Donostiko“Valverde” inprimategira pasatu zen arte (Valverde, Antton kantari ospetsuaren aitaren  inprenta zen). 2000-3000 arteko izan zuen batez besteko tirada. Harpidetza izan zen bai iparraldean bai hegoaldean salmentaren oinarria.

Komikerik Joseph Caminok  Frantziko komiki industri indartsua hartu zuen eredu eta Euskal Herriko baldintzetara egokitzea lortu zuen eredu hori. Itzura, beraz, “Comic-book” batena izan zen. Orrialde kopuru aldetik, orri gutxikoa  (zortzi), paperaren kalitatea, “Comic-book” gehienetan bezala eskasa etab. Bertan Yulen (Julen Zabaleta Barrenetxea) eta Leta (Juan Antonio Letamendia) bezalako euskal komikigile berriek euren lanak plazaratzen hasiko dira.

Pan-pincollage

Pan-Pin aldizkariaren aurrekariak Txistu (1927) eta Poxpolin (1935-1936) izan ziren, eta era berean geroago helduko ziren beste euskal tebeo batzuei bidea erakutsi zien ere. Pan-pin aldizkaria, esan behar da bestalde, beste euskal kultura lorpen batzuk bezala,  borondate kolektibo eta auzolanaren emaitza izan zela. Kolektiboa, ze garai latzetan euskararen aldeko  lana ia ezkutukoa izan behar zen. Horrela oso zaila gertatu zaigu batzutan aldizkariaren haritik tiratzea, izen propioak identifikatzea eta aldizkariaren organigrama argi bat aurkitzea. Baina zeozer lortu dugu: azken hilabeteetan elkarrizketa batzuk egin ditugu eta datozenetan berriak eginez mataza askatzen joango gara.

1 comments on “Pan-Pin (1960-1968)

  1. Pingback-a: 'Mortadelo y Filemón' euskaraz ziren 'Txorizo ta Txistorra' - Slump doktorearen zaintiratua

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.