Vinhetas do Pais Basco

Asteburu honetatik aurrera Portugaleko Alentejo eskualdean kokatzen den Beja hirian , Nazioarteko XIV. Komiki jaialdia ospatuko da (XIV. Festival Internacional de BD de Beja). Urtean zehar hiri lasaia izan arren, egunotan komikiaren aitzakian guztiz eraldatzen da Bejako izaera. Mundu mailako bederatzigarren artearekin zerikusia duten ikuskizunak eta erakusketak antolatzen baitira hirian. Aurten 21 komiki erakusketa prestatu dira Bejako erdigune historiko ederrean. Eta munduko txoko ezberdinetako makina bat gonbidatu izango dira bertan ere. Portugalekoaz  aparte, brasildarrak, italiarrak, frantziarrak, suediarrak eta euskaldunak han izango dira, aurtengo ediziorako Euskal Herriko komikigileen ordezkaritza bat gonbidatua izan delako. Guztira lau euskal egile bertaratuko dira Beja aldera: Adur Larrea, Mattin, Asisko eta Mikel Begoña…   marrazkilariok ekitaldi ezberdinetan hartuko dute parte. Horrez gainera “Vinhetas do Pais Basco” izeneko erakusketa zabalik izango da maiatzak 25ean Bejako alde zaharrean kokatzen den Palacete Vilhena eraikinean. Gonbidatuen lanez gainera, euskal marrazkilari ezberdinen aukeraketa zabal bat izango da erakusgai bertan (20 egileen lanak) eta bisitariek euskal komikigintzaren informazio orokor bat jasotzeko aukera zuzena izango dute.