Ipar Euskal Herriko bilakaera historikoaren funtsezkoak izan ziren gertakizun bortitzak azaltzen ditu Lurbinttoko Ohoinak eleberri grafikoak. Ohoinen edo bidelapurren mundua baino askoz sakonagoa den errealitate bat ageriaren jartzen du liburuak: Konbentzioaren gerraren itzalean (1793-1795) bortizkeriaz inposatu zen Frantziako Iraultzaren eredu berriarena, Ipar Euskal Herriko eskubide historiko guztiak zanpatu zituena.
Lurbinttoko ohoinak komikia azaroan plazaratu zen Elkar argitaletxearen eskutik. Egilea gure artean aski ezaguna den marrazkilaria dugu, Adur, eta komikia gauzatzeko EKE-Elkar fundazioaren sormen bekaren laguntza izan du. EKE-Elkar literatura beka euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazleei zuzendutako laguntza da. Lurbinttoko ohoinak bezalako lan luzeak eta eskergak burutzeko behar-beharrezkoak dituzte gure marrazkilariek oinarrian halako laguntzak izatea.
Lurbinttoko Ohoinak 110 orrialdeko ondo dokumentatutako komiki sendo bat da. Komikitik haratago, Iparraldeko bandolerismoaren fenomenoari buruzko benetako ikerketa bat da.
Lurbinttoko ohoinak lan luze eta mamitsua baita. Lan horretan emandako ordu guztiak kalkulatzea ez da seguruenik erraza izango. Narrazioaren story board-a osatu aurretik, historia eta istorioak dokumentatzeko, ordu asko emango baitzituen egilearen sudurrak dokumentu eta artxiboetan murgildurik. Eta ez artxiboetan bakarrik. Lapurdiko paisaia eta bazterrak ondo ezagutzen dituela komikiaren orri bakoitzean erakutsi digu: etxeak, bailarak, basoak, bideak, iturriak eta ohoinen gordelekuak.
Goian aipatutako ezagutza horrek, historia orokorraren ikuspegia galdu gabe, detaile txikiz hornitutako kontaketa interesgarri bat ahalbidetu du, sendoa bezain oparoa.

Azantza zaharra eta Mundutegi komisarioa, buruz buru.
Ahozko tradizioan oinarritutako mito lauso batetik abiatu, eta egileak komiki honen bitartez historia ulergarri eta logiko baten errailean jarri ditu ohoinak. Hau da gehien estimatzen dudan prozesua, eta ez alderantzizkoa. Lapurditik eraikitako ikuspegia galdu gabe, historia unibertsalaren partea den puzzle bat osatu du komikiak: Frantziako iraultza Konbentzioaren garaian; “Liberté, Egalité, Fraternité” lelopean iparraldeko euskaldunen pairatutako asimilazio behartua, bortitza eta azkarra; erresistentzia; desjabetzeak; Landetara deportazioa eta deportazioaren ondorioz eratorri zen sarraskia; Azantza, Manex eta gainerakoek injustiziaren aurrean abiatutako borroka armatua; irabazleek ezarritako “pax romana”; eta esperantzarako leiho txiki bat amaieran.

Hain istorio gogor eta krudela islatzeko Adurrek zuri-beltzaren hautua egin du. Bete-betean asmatu du, zuri-beltzaren bitartez gaiak eskatzen duen seriotasuna lortzen baitu. Nahiz eta karikatura eta marrazkera sinplerako joera duen askotan, komiki honetan estilo horretako marrazkia umore ukitua dituzten plantxetarako gorde du. Akzio eszena garrantzitsuenetan, aldiz, beste marrazkera mota bat nabarmentzen da, argi-ilunaren baliabide guztiak trebetasunez maneiatzen duena. Orriotan Adur autore klasiko onenen parean jarri da.