Profesionalak izan ginen urtea: 1976

LANARTEA, Euskararen langile profesionalen elkartea, 2020an sortu zen. Haren helburu nagusia euskal kulturaren sektoreetan lan egiten duten langileen eskubideak defendatzea da. Elkartearen bitartez, ekimen bateratuak sustatu eta iritzi publikoan, zein kultur politiketan eragina izatea bilatzen da. Aldarrikapen nagusiak Lanartearen webean irakur daitezke. Elkartean, euskararen hainbat arlotako ordezkariak daude, eta komikigintzakoak ere ez dira falta.

Liburu benetan ederra, Profesionalak izan ginen urtea, 1976

Lanartearen eskutik argitalpen bi kaleratu dira: Lain eza (2022) eta Profesionalak izan ginen urtea: 1976 (2023). Biak liburu bikainak izan arren, bigarren horri gehiago erreparatu diot, komikiak funtsezko zeregina baitu bere diseinuan. 1976. urtean euskarazko kulturaren langileek sortutako artikulu, liburu edo komiki-zinten miszelanea paregabea da.
Atal grafikoan Olariagaren marrazkiak dira nagusi, baina Jon Zabaletarenak eta Juan Karlos Egillorenak ere ez dira falta.

Gure komikigintzaren historia ezagutu nahi dutenentzat bereziki gomendagarria da; batez ere, euskararekin soinez soin garatu zen hartan interesa dutenentzat.

2010-20: Haur eta gazteen komikigintzarako ere, hamarkada oparoa

Zorionez gure komikigintzaren gaurko panoraman adin guztietarako egokiak diren gero eta komiki gehiago aurkitzen ditugu; baita ume eta gazteentzat ere. Artikulu honetan 2010-2020 urteen arteko gazte eta umeentzat komikiak aztertzen ditugu.  

Irakurle beteranoenek gogoratuko duzue aspaldian komikiak, tebeoak, haurrentzako produktutzat jotzen zirela. Tebeoa, Hego Euskal Herrian zabaldu zen izendapena da, komiki-aldizkaritxo xume eta merke bat izendatzeko erabiltzen zena, gure haurtzaroan edozein herriko kioskoan ogerleko baten truke eros zitekeena. Egungo tebeoaren oinordekoak Xabiroi eta Irria aldizkariak bihurtu dira. Baina orduko argitalpenen aldean kalitate askoz handiagoarekin inprimatzen dira gaurkoak; eta orduan baino askoz gehiago zaintzen da egileen autoretza. Gainera, Xabiroi aldizkariaren kasuan, aldizkaria album formako lan luzeagoak publikatzeko plataforma ere izan daiteke (hauxe izan zen bere garaian Tintin, Spirou, Pilote eta beste aldizkari franko-belgikarrak komikiak kaleratzeko estrategia) .

Irria, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria
Tebeoetatik eleberri grafikoetara

Euskaraz, Pan-pin, eta ondoren, Kili-kili eta Ipurbeltz tebeoek izan zuten berebiziko garrantzia. Baina 90eko hamarkadaren ondotik, ohiko komikigintzaren gainbehera heldu zen. 90. hamarkadaren bukaeran nazioarte mailan irakurle helduarentzat  sortutako produktu “serioa” bihurtu zen komikia, nobela grafikoaren izenpean; komikigintza berriaren olatua atzerapenarekin Euskal Herrira ere heldu zen. Ordurako komikigintzak erabat galdua zuen irakurlego gaztearen estimua; ume eta nerabeak askoz interesatuago baitzeuden  bideojokoetan, kontsoletan eta antzeko produktuetan.  

Arian-arian , haur-gazteentzako komikiek medioaren etorkizunerako hain garrantzitsua den espazioa berreskuratzen ari dira, 2015 urtetik aurrera, batez ere.  Banan-banan, eta alfabetikoki ordenaturik, beherago aurkezten ditugu berpizte horren “errudunak” nortzuk izan diren.

Bilboko argitaletxeak baditu lehen irakurleentzat oso egokiak diren komikiak. Azpimarratzekoa da Waluk seriea. Waluk, klima aldaketara egokitzen ikasi duen hartz polarra da. Istorio samurrak dira Emilio Ruizek sortu dituenak, eta  Ana Mirallesek, akuarela teknika trebea ezin baino hobea erabiliz, irudi zoragarrietan moldatu dituenak. Hiru ale argitaratu dira dagoeneko. 

Waluk, klima aldaketaren arazoa umeei hurbiltzen dien hartz polarra

Aurten gainera, Astiberrik Txikiberri izeneko bilduma jarri du martxan. Etxeko txikientzat aproposak diren komikiak, katalanetik, galizieratik eta frantsesetik itzultzeari ekin dio, eta ondorengo komiki-serie ezberdinen lehen zenbakiak argitaratu dituzte: Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia, Uxio eta Claude eta Morino 1. Madarikazioa.

Astiberri argitaletxearen aurtengo haur-komiki nobedadeak

Bartzelonako argitaletxeak  Super Patata izeneko seriea argitaratzeari ekin zion duela bi urte, eta dagoeneko serieak hamar titulu argitaratu ditu. Zein baino zein dibertigarriagoak dira Super Patataren abenturak. Lehen irakurleentzat guztiz gomendagarria da seriea, irakurtzeko erraza baita, eta komikiaren egileak, Artur Laperlak, trebeki erabiltzen dakielako marra-arineko irudiak, gainezka egiten dion irudimenak sortarazten diona islatzeko. Serie osoa gure artean aparteko arrakasta izaten ari da. 

         Super Patata, Super Arrakastatsua, hile honen bukaeran 10. alearekin borobilduko dute seriea

 

Euskal egunkaria gure egungo komikigintzaren hiru izar handiren babeslekua da: Antton Olariaga; Patxi Huarte, Zaldieroa ; eta Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin. Lehenengo biek tira komikoaren formatua lantzen dute egunero, Zakilixut eta De Rerum Natura izeneko komiki-sail beteranoetan. Hirugarrenak, Mattinek, Belardo pertsonaiaren istorioak marrazten ditu larunbatero Mantangorri gehigarrian, lehenago Euskaldunon Egunkarian agertu zen (Espainiako “justiziak” komunikabidea itxiarazi zuen arte). Belar-meta bat Belardo izanik, Berriak liburu batean”enfardatu” du: Belardo, ba al zatoz?

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena belardo.jpg da
Belardo, Mantangorriko orrietatik, liburu batean bizitzera pasatu den belar-meta.

Urnietako argitaletxeak haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko adin-tarterako interesgarriak diran hainbat izenburu kaleratu ditu dagoeneko; gehienak Frantzian izandako arrakastaren bermearekin euskarara ekarriak izan dira; eta ez da dudarik, gazteentzat erakargarriak abenturazko edo amodiozko kontakizunak izaten direla gehienetan. Halakoak dira Harald eta Ignir-en altxorra , Isaline: sukaldaritzako sorginkeria, Isaline: Sorginkeri izoztua, Inoiz ez … azken titulu hau, adibidez, Bruno Duhamel komikigilearena dugu. Herriko politikariei, eta baita naturen indarrei, aurre egiteko gai den amama zahar eta itsuaren parabola interesgarria. Urtea bukatzeko, Brunoren azken lana kaleratu du argitaletxeak: #Kontaktuberria.

Baina ezinbesteko liburua, gure ustez, Elefantearen tristura da. Barru-barrura iristen den istorioa, batzuetan gazia, besteetan gozoa, momentu oro sentikorra edo lazgarria; baina, era berean, mezu itxaropentsu eta baikor bat usten digun kontakizuna ere bada. Alderdi grafikotik azterturik, Nina Jacqmin, belgikar marrazkilari gaztearen lana bikaina da. Ikatz-teknika erabiliz, eta koloreei dagokienez, urdinera eta gorrira mugatuz, goibeltasun giro batean biltzen du istorioa. Gure ustez, hamarkadako izenbururik aipagarrienetako bat hauxe da.

Elefantearen tristura, Nicolas Antona eta Nina Jacqminen lan zoragarria

Derrigorrez aipatu behar dugu Ipurbeltzen garaietako Miguel Berzosa donostiarraren Mintxo pertsonaia, Harriet argitaletxeak berreskuratu duena. Gaurko umeen artean orduan bezain arrakastatsua izaten segitzen duen umorez betetako liburua. Bruguera etxearen ikutua dute Berzosaren istorioak, baina Mintxoren patua ez da, Bruguera pertsonaien kasuan bezala, aldez aurretik erabakita izaten. Mintxo herrikoia, kuxkuxero eta atsegina dugu, gauzak ondo ateratzen zaizkio batzuetan, beste batzuetan, ordea, ez hainbeste.

Eta aipatu behar da, nola ez, euskal zientzia-fikzioaren generoaren ikur handienetako bat dena, gaurkotu ondoren, berriz ere plazaratua izan zena 2016an, Jon eta Mirka. Komikia nerabezaroaren aurreko irakurleei zuzenduta dagoen arren, duen kalitateagatik edozein adinetako irakurleek gozatzeko modukoa da. Harrieten gidoiaren fantasia, Daniel Redondoren marrazki fina eta zehatzarekin bikain uztartzen dira; seguruenik marrazkilari donostiarraren lan aipagarrienetako bat hauxe da.

Harriet argitaletxearen katalogo anitza da, baina nerabeei eta gazteei zuzendutako irakurketak dira nagusi.

Jordi Bayarri egile valentziarra zientzialari ezberdinen bizitzak komikiratzeari ekin zion duela urte batzuk, 2012an zehazki, Galileo Galileiren bizitza komikira eraman zuenean. Euskaraz 2015ean kaleratu zen IkasElkaren eskutik, eta ordurik hona, badira beste sei liburu ondorengo urteetan argitaratuak izan direnak. Galileoren ostean Newton etorri zen, gero Marie Curie, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia.  Jordi Bayarriren estiloa arina eta umoretsua izan arren, umeen irakurketarako egokia, ez da horregatik historia eta zientziaren zehaztasunetik urruntzen.

Jordi Bayarri, zientzialarien biografietan espezializatu den autorea

(Luterl taldea)

Euskoman: Izan ala ez izan,  komikia 2014ean kaleratu zuen Ondarruko Luterl taldeak. Ioni Artetxe da gidoiaren arduraduna eta Kaiet Bengoetxea marrazkia eta kolorearena, bere aldetik. Superman heroi antiheroikoaren binetak jatorriz Mantangorrin, Berriako gehiagarrian, argitaratu ziren.

(Turko comics)

Buyan komikia euskaraz argitaratzeko, komikiaren egileek Turko Comics izeneko zigilua sortu zuten, eta horrela, 2019an Buyan komikiaren euskarazko edizioa kaleratu zuten.  Aritz Truebak irudietara eraman zuen Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzitako gidoia. Hirurok komiki sendo eta borobil bat osatu dute, abenturaz eta emozioz josirikoa. Fantasia, mitoak eta historia dira Buyan eraikitzeko erabilitako osagai nagusiak; eta noski, eraikinaren porlana Aritzen marra garbiko estilo bizi eta dotorea izan da.


Buyan, kutsu mitologiko duten ezpata-abenturak

  

Pendulu baten erregulartasunarekin, urtero-urtero album eder bat uzten joan zaigu Ikastolen Elkartearen babesa duen Xabiroi aldizkariak. Badira 14 urte aldizkaria sortu zela, eta badira 13 kaleratu dituzten albumak. Behean zerrendaturik amaitzear dagoen hamarkadan plazaratu direnak. Gazte, ikasle zein ikasleen gurasoei interesa lekizkiekeen komikiak dira. Gidoiaren eta marrazkiaren kalitatea duten lanak dira, Xabiroi inguruan Euskal Herriko lehen mailako egileak biltzen baitira. Kaleratu berri den azken-azkena, Asisko eta Joseviskyk osatutako bikote artistikoaren lana dugu, Basolatik berri onik ez .

Arian-arian, komiki ondare garrantzitsu bat sortu du Xabiroik

 

Parrapean… eta hirugarrena

Amaitu ziran ‘Parrapean-Komiki Egunak’.  Euskal Komikigintzan espezializatu den jaialdi honen hirugarren edizioa pasadan urriaren azken astean burutu zen Begoñako eta Santutxuko hainbat lekutan. Erakusketak, omenaldiak, liburu aurkezpenak eta zuzeneko emanaldiak ez ziran falta.

Komiki egunen Laburpen modura ondorengo bideoa argitaratu da

 

Ardatz bi izan ditu aurtengo Parrapean jaialdiak. Bat Antton Olariaga. Ilustratzaile handia Bilbon omendua izan da. Bere komikigintzan egin duen 14716345_10207730715726978_6517010265816760393_nibilbidea errepasatzen duen  Marra eta Hitza erakusketaren antolatu zen Begoñako liburutegia.  Aurtengo Joseph Camino saria berak jaso du ere.

Bigarren ardatza, Kataluniako komikigintza izan zen. Mahai-inguru bat antolatu zen urriaren 28an Santutxuko Udaltegian. Merçe Canela, Cavall Forteko zuzendaria eta  Cristina Losantos eta Oriol Garcia komikigileak, elkarrizketa luzean aritu ziran Xabiroiko zuzendaria den Dani Fanorekin. Ekitaldia zuzentzen Igor Leturia  komiki aditua primeran ibili zen. Ideia eta esperientzia truke emankorra izan zen duda barik.

Bilboko Casal Bilbaoko lagunek, arratsaldea girotu zuten Karmelo plazan egindako Castanyadarekin.

img_20161029_182948

Euskal komiki aurkezpenak ere izan ziran: Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadok “Museo bilduma”. Gregorio Muro “Harriet”ek eta Daniel Redondok “Ion eta Mirka” , 80. hamarkadan kaleratutako komikiaren berrargitarapena, orain Harriet edicionesen eskutik kaleratu da. Ion Iñaki Artetxe izan zen liburu honen aurkezle bikaina, eta baita geroago aurkeztu zen liburuarena ere, S.O.S Lusitaniarena. Kasu honetan, Parrapean jaialdira Patrice Ordas, komikiaren gidoigilea,  bretainiatik heldu zen zuzenean Santutxura komikia aurkeztera.

 

‘Wanne – Eickel Martutene’  izeneko erakusketak Marlene Krause eta Irkus Zeberioren lanak Bilbora ekarri zituen. Erakusketa Begoñako liburutegian emandako tailerrarekin osatu zuten:  ‘Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean’ .  Bidebarrietako liburutegian “Komikiak gerra zibilean” erakusketa antolatu zen.

Urtez-urte indar gehiago hartzen duen euskal komiki merkatua ere Karmelo plazan izan zen.

Komiki Egunak La Nube pubean bukatu ziren. Bertan 4 komikigile aurrez aurre jarri ziren marrazketa dema interesgarrian. Axpi, Josevisky, Oriol Garcia eta Sussana Garcia.

Zuzeneko ekitaldiaren ostean, publikoa gehiagoren zai geratu zen. Baina hori, behar bada, datorren urtean izango da, Parrapean komiki egunen IV edizioan.

 

 

 

 

Umore on, umore gaizto

Donostiako Komikigunea aitzindaria bihurtu zaigu Komikien inguruko dinamikak aurrera eroaten eta larunbat honetarako ekitaldi berri bat iragarri dute. Datorren urteko ekainean egingo den ZAPART! komiki jaialdia iragartzeko asmoarekin Kalejira-karikatura bat burutuko dute. (Hori da, Zapart! 2016ko hiruzangoekainean, zuon ajendetan ondo apuntatu beharreko data).

Donostiako Koldo Mitxelena eta Artzai Ona inguruan, 11:00etan trikitixa dionuei jarraiki, errotalagailuak eskuetan, Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, ZaldiEroa, Adur Larrea eta Dani Fano  lanean arituko dira .

12:00etarako segizioa Errege Katolikoen kaleko KOMIKIGUNEra helduko da, eta bertan Dani Fanok zuzendurik mahai inguru bat egingo dute komikigileek umoreari buruz: UMORE ON, UMORE GAIZTO. BINETEN AZIDO SATIRIKOA.

Datorren zapaturarte!

 

 

Antton Olariagaren erakusketa Aieteko ilustratzailearen Txokoan

Antton Olariagaren erakusketa zabalik izango da  Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan datorren abenduaren 15erarte. Aurrerapen modura hemen Donostia kultura tv.k argitaratutako bideoa.

Antton Olariaga (Usurbil, Gipuzkoa, 1946)  aurkezpen beharrik gabekoa,  euskal komikigileen artean punta-puntakoa, ibilbide luzekoa eta euskal grafismoari  azken hamarkadetan estilo berezi  eman diona. Nazioarte mailan ere nahiko ezaguna dugu eta  adibide modura ospe handiko Lambiek Comiclopedia   aipatuko dugu bera baita bertan agertzen den euskal egile bakarrenetariko bat (Asisko Urmeneta, Julen Ribas, edo bere belaunaldikoa den Jon Zabaletagaz batera). olariaga_gabonetako-oparia

Bere pertsonairik ezagunena marrazten 35 urte baino gehiago daramatza, Zakilixut  Egin-ekin batera jaio baitzen 1977 urtean, gero Euskaldunon Egunkarira salto egin zuen eta handik Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaiaren graziaz, Berriara pasatu zen, gaur arte. Komikerin behin eta berriro gomendatzen dugun “Hamaseigarrenean Aidanez” marraztu zuen 1985 urtean eta zoritxarrez ez du komiki lan luze gehiagorik argitaratu, guk dakigunik behintzat.

Beraz, euskal ilustrazioaren historia zati bat ezagutu nahi duenak hortxe dauka Aieteko ilustratzailearen Txokoa, Antton Olariagaren erakusketa (2013ko irailaren 17ik abenduaren 15era).

 

Zakilixutek 35 urte

Egunotan horren ondo ezagutzen dugun pertsonaiak bere 35. urtemuga ospatzen du. Bai, Zakilixut, Egin egunkariko orrialdeetan  1977ko irailean jaio zenak, gaur 35 urte beranduago bere martxan darrai egunero egunero Berriako kontrazalean. Politika, zein eguneroko kontuak, sexua eta hitz joku zorrotzak konbinatuz joan da bere ibilbidea egiten. Urteen joanean bai fisikoki, bai izaeraz aldatuz joan zaigu. Okotza luzatu zitzaion, porroak alde batera utzi zituen eta zuribeltzetik koloreetara pasatu zen.

 

Beraz Komikeritik zure urtebetetzean… Zorionak Zakilixut!