Hernanikomik-en lehen edizio arrakastatsua

Pasa den asteburuan ospatu zen Hernanikomik jardunaldien lehen edizioa. Eguraldi kaxkarra izan arren, bisitari ugari jaso zituen Atsegindegiko aterpean jarritako komiki-azokak. Euskarazko komikia ardatz duen jaialdiaren baitan jarduera ugari egin ziren. Hernanikomik, datozen urteetan, komiki euskaldunaren erreferentziazko jaialdi bezala sendotzeko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu. Argazki batzuen bidez jarduera horien lagin bat duzue.

Sua komikiaren aurkezpen musikatua

HernaniKomik edo gure komikigintzaren une gozoa

Euskal komikigintzan gertatzen diren hainbeste nobedade ezin post bakarrean batu. Baina jaio berri den HernaniKomik jaialdiaren inguruan izango diren ekitaldiak aztertuz, horietako albiste batzuk ezagutu ditu irakurleak.

HernaniKomik azokaren lehen edizioa. 

Azaroaren 18 eta 19an HernaniKomik azokaren lehen edizioa ospatuko da. Atsegindegiko aterpean izango den komiki-azokaren inguruan makina bat ekitaldi ospatuko dira. Komiki-aurkezpenak adibidez:

Ostiralean:
18:00 Haur besoetakoa: Unai Iturriaga
eta Alex Sanvicente.
Moderatzailea: Dani Fano
18:30 Laboa. Unai Iturriaga, Harkaitz
Cano, Joseba Larratxe.
Moderatzailea: Iñigo Astiz
19:00 Black is beltza II: Ainhoa.
Susanna Martin.
Moderatzailea: Xabier Etxeberria
22:00
Black is beltza II: Ainhoa filmaren
emanaldia Biterin.

Larunbatean:
18:00 Utzi azalari. Ainara Azpiazu (Axpi).
Moderatzailea: Iratxe Retolaza
18:30 Lurbinttoko ohoinak. Adur Larrea.
Moderatzailea: Iratxe Retolaza
19:00 Sua: Sutagar. Alex Tello; Julen Ribas
Moderatzailea: Mikel Soto
Aurkezpen musikatua. Su Ta Gar
taldekideak bertan egongo dira.

Lehen manga seriea euskaraz

Komiki-uzta eder hau euskaraz ekoiztu den lehen manga seriaren aurkezpenarekin osatuko da. Harriet etxeak labetik atera berri duen Cube Arts bildumaren lehen aleaz ari gara. Irakurle gazte eta nerabeen artean mangak duen indarra eta eragina kontuan izanda, duda barik bultzada handia ematera etorri den seriea dugu Cube Arts, eta gure komikigintzak hutsik zuen espazio bat beteko du. Kontuan hartzeko da adibidez, Europako indartsuena den komiki-merkatuan, Frantziakoan, mangek komiki berrien ekoizpenaren ia erdia osatzen dutela.

Joseph Camino saria

Gaurkotasuneko eta etorkizuneko ikuspegi bat emateaz gain -komikigintzako promesa gazteei Kromikilarien sariak emanez- gure komikiaren ondare historikoa presente izango da Hernanin. Komikigile aitzindariak saritzeko Bilbon sortu zen Joseph Camino saria berpiztu egin da Hernanin. Eta bosgarren saria Hernanin bertan jaiotako egile batek jasoko du: Jon Zabaletak.
Zabaleta gure komikiaren historiaren zutabe nagusietako bat izan da -eta da, oraindik oso aktibo dabilen autorea delako- beraz, larunbat honetan goizeko 12etan ondo merezitako omenaldia jasoko du.

.