Tintin eta bineta misteriotsua

Tintin Ameriketan albuma birritan argitaratu da euskeraz, 1972 urtean, Etor argitaletxearen eskutik eta 1989 urtean, Elkarren eskutik . Edizio bien arteko konparaketa eginez funtsezko ezberdintasun batez ohartu gara: 47. orriko azkeneko binetan emakume beltz baten ordez zuri bat agertzen da 1989ko edizioan.

Hergék Tintinen istoriotxo hau Le Petit Vingtième aldizkarian atalka hasi zen argitaratzen 1931eko irailean, eta urtebetez baino gehiagoz luzatu zuen lana. 1945 urtean zintak batu eta koloreztatu egin zituzten eta album formatuan kaleratu zuen Castermanek. 1945 urteko edizio horretan 47. plantxaren amaieran emakume beltz bat ageri da besoetan haur bat duela, hau ere beltza.

Dirudienez 1973 urtean Castermanekoek erabaki zuten Estatu Batuetan argitaratu behar zen edizioan bineta hori aldatuko zutela. Emakume beltzaren ordez emakume zuri bat ezarri zuten “arraza-mistotasuna” saiesteko. Ondorengo edizio guztietan horrela mantendu da, Elkarren 1989ko edizioan adibidez. 1972ko Etor-en edizioan, aldiz, jatorrizko bineta ikus dezakegu.

Roald Dahl efektua

Sarean Roald Dahlen izena egunotan askoren ahotan dabil. Norbaitek –Puffin argitaletxeko editore bizkorren bat seguraski- idazlearen testuetako pasarte batzuk aldatzea erabaki du, gaurko umeentzat egokiagotuz. Roald Dahl 1990 urtean hil zenez, badakigu aldaketok egilearen baimenik gabe egin dituztela *. A posteriori politikoki zuzena izateko gogoak baditu bere ajeak. Nahiko eztabaidagarriak dira aldaketak, batez ere egilearen onespenik ez dagoenean. Hala ere, badakigu Tintin seriaren kasuan Hergék aldaketak onartu zituela edo onartu behar izan zituela.

*Nahiz eta, jakin berri dugunez, Puffinekoek erabakian atzera egin dute eta azkenean afera marketin-jokaldi trebe batean baino ez da geratu.  

Etor argitaletxearekin euskal komikia garai berri batean sartu zen

Tintin Ameriketan  Etor-en lehenenago edizioa garrantzitsua da euskal komikiaren historian. Hura izan zen publikatu zen lehendabiziko komiki-albuma. Ordura arte prentsako tirak eta komiki-aldizkariak izan ziren komikien euskarri bakarrak. Tintin Ameriketan gure komikigintzaren fase berri bat zabaldu zuen.

 

Lurbinttoko ohoinen oroimenez eta omenez

Ipar Euskal Herriko bilakaera historikoaren funtsezkoak izan ziren gertakizun bortitzak azaltzen ditu Lurbinttoko Ohoinak eleberri grafikoak. Ohoinen edo bidelapurren mundua baino askoz sakonagoa den errealitate bat ageriaren jartzen du liburuak: Konbentzioaren gerraren itzalean (1793-1795) bortizkeriaz inposatu zen Frantziako Iraultzaren eredu berriarena, Ipar Euskal Herriko eskubide historiko guztiak zanpatu zituena.

Lurbinttoko ohoinak komikia azaroan plazaratu zen Elkar argitaletxearen eskutik.  Egilea gure artean aski ezaguna den marrazkilaria dugu, Adur, eta komikia gauzatzeko EKE-Elkar fundazioaren sormen bekaren laguntza izan du. EKE-Elkar literatura beka euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazleei zuzendutako laguntza da. Lurbinttoko ohoinak bezalako lan luzeak eta eskergak burutzeko behar-beharrezkoak dituzte gure marrazkilariek oinarrian halako laguntzak izatea.

Lurbinttoko Ohoinak 110 orrialdeko ondo dokumentatutako komiki sendo bat da. Komikitik haratago, Iparraldeko bandolerismoaren fenomenoari buruzko benetako ikerketa bat da.

Lurbinttoko ohoinak  lan luze eta mamitsua baita. Lan horretan emandako ordu guztiak kalkulatzea ez da seguruenik erraza izango. Narrazioaren story board-a osatu aurretik, historia eta istorioak dokumentatzeko, ordu asko emango baitzituen egilearen sudurrak dokumentu eta artxiboetan murgildurik.  Eta ez artxiboetan bakarrik. Lapurdiko paisaia eta bazterrak ondo ezagutzen dituela komikiaren orri bakoitzean erakutsi digu: etxeak, bailarak, basoak, bideak, iturriak eta ohoinen gordelekuak.

Goian aipatutako ezagutza horrek, historia orokorraren ikuspegia galdu gabe, detaile txikiz hornitutako kontaketa interesgarri bat ahalbidetu du, sendoa bezain oparoa.

Azantza zaharra eta Mundutegi komisarioa, buruz buru.

Ahozko tradizioan oinarritutako mito lauso batetik abiatu, eta egileak komiki honen bitartez historia ulergarri eta logiko baten errailean jarri ditu ohoinak. Hau da gehien estimatzen dudan prozesua, eta ez alderantzizkoa. Lapurditik eraikitako ikuspegia galdu gabe, historia unibertsalaren partea den puzzle bat osatu du komikiak: Frantziako iraultza Konbentzioaren garaian; “Liberté, Egalité, Fraternité” lelopean iparraldeko euskaldunen pairatutako asimilazio behartua, bortitza eta azkarra; erresistentzia; desjabetzeak; Landetara deportazioa eta deportazioaren ondorioz eratorri zen sarraskia;  Azantza, Manex eta gainerakoek injustiziaren aurrean abiatutako borroka armatua; irabazleek ezarritako “pax romana”; eta esperantzarako leiho txiki bat amaieran.

Hain istorio gogor eta krudela islatzeko Adurrek zuri-beltzaren hautua egin du. Bete-betean asmatu du, zuri-beltzaren bitartez gaiak eskatzen duen seriotasuna lortzen baitu. Nahiz eta karikatura eta marrazkera sinplerako joera duen askotan, komiki honetan estilo horretako marrazkia umore ukitua dituzten plantxetarako gorde du. Akzio eszena garrantzitsuenetan, aldiz,  beste marrazkera mota bat nabarmentzen da, argi-ilunaren baliabide guztiak trebetasunez maneiatzen duena. Orriotan Adur autore klasiko onenen parean jarri da.

Hernanikomik-en lehen edizio arrakastatsua

Pasa den asteburuan ospatu zen Hernanikomik jardunaldien lehen edizioa. Eguraldi kaxkarra izan arren, bisitari ugari jaso zituen Atsegindegiko aterpean jarritako komiki-azokak. Euskarazko komikia ardatz duen jaialdiaren baitan jarduera ugari egin ziren. Hernanikomik, datozen urteetan, komiki euskaldunaren erreferentziazko jaialdi bezala sendotzeko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu. Argazki batzuen bidez jarduera horien lagin bat duzue.

Sua komikiaren aurkezpen musikatua

2011/2017 euskal komiki bilakaera

Komikeri bloga sortu genuenetik urteroko usadioa bihurtu dugu euskal komikien argitalpen kopuruen zenbaketa egitea. Zenbaketa horren emaitza taula batean urtero argitaratzen dugu eta euskal komikigintzaren bilakaera orokor bat ikusteko baliagarria da. Zenbaketa xume bat baino ez den arren, tendentziak ulertzeko egokia izan liteke.  Komiki kopuruaren aldetik, behintzat, komiki ekoizpena momentu ezin hobean dagoela esan dezakegu. Ekoizpen horretatik tiratzen duen argitaletxea Harriet ediciones da, aurten zortzi! komiki berri kaleratu baititu.  Komikiaren alde apustu handia egin du argitaletxe honek eta erritmo horretan argitaratzen mantentzen den bitartean euskal komikigintzaren  emaitza orokor onak izango ditugula urtero uste dugu. Hala ere argitalpenen abanikoa zabala da. Azken urteetan modu erregularrean, komikiren bat kaleratzen duten argitaletxeak hauek  dira: Astiberri , Xabiroik , Elkar (De Rerum Natura bi urterik behin) etab. Bertsolari aldizkariakoek ere, euren bigarren komikia argitaratu dute 2017 honetan. Azpimarratzekoa sortu den argitaletxe berria ere: Gureberriak.

Gabezi guztiak kontuan harturik eta abiapuntua zein den ahaztu gabe euskal komikigintza momentu onean dagoela baiezta dezakegu duda barik, bai ekoizpen kopuruaren aldetik  eta baita, batez besteko kalitatearen aldetik ere.

 

Patxi Huarte komikigileak «De Rerum natura 5» kaleratu du

“De Rerum natura 5. noizko?” galdetzen genion geure buruari maiatzean argitaratutako postean. Orain arte, Elkarrek urte birik behin argitaratu izan ditu Patxiren zintak eta azkena 2011an argitaratua izan zela kontuan izanda, Gorbeako artzaiaren zehaztasunez ale berria aurten argitaratu behar zela iragarri genuen. Eta bete-betean asmatu dugu.

Noticias de Guipuzkoa egunkaritik  hartzen dugu berria, modu zabalenean berak eman baitu albistea.

“Ziur asko, Finlandian biziko banintz zinta poetikoago eta malenkoniatsuagoak egingo nituzke, askoz ere lilagoak. Baina aspergarriagoak ere izango ziren”azaltzen du Zaldieroak albistean. Hala ere, egunero bere  zintak Berria egunkarian irakurtzen dugunok badakigu, umore finaz eta zuhurraz onduak izateaz aparte, zinta hauek sarri puntu poetiko bat ere badutela. Behintzat guri hala iruditzen zaigu. © Noticias de Gipuzkoa, Ruben Plaza

Argazkia gorago aipatu dugun artikulutik jasoa
 © Ruben Plaza / Diario de Noticias

“De rerum natura 5″… noizko?


Ezaguna komizale eta horren komizale ez direnen artean, Komikerin gaur banan-banan autoreen atalera dakargu Patxi Huarte “Zaldieroa”  napar egilea.

larraburuBerriaNabarraAizu!,  Xabiroi, Karrika eta Deia aldizkarietan barreiaturik ikus daitezke bere lanak. Baina ospearen parte nagusia Berria egunkarian De rerum natura izeneko komiki zintei zor dio.  2005etik hona  urte biro bere komiki-zinten  antologiak argiratzen ditu ElkarrekAzkena 2011 urtean argitaratu bazen… agian aurten… berria ikusiko ote dugu?

 egaberrian
irudiak © zaldieroa